Anakronismoak gainditu

2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Hau ez da déjà vu bat bakarrik. 11/13 sumarioa haratago doa. Anakronismo kontzeptuan bete-betean ahokatzen da. Are gehiago, Wikipediaren arabera, parakronismoa da: «Parakronismoa iraganeko gertaerak, pertsonaiak edota elementuak geroagoko garaian kokatzea da; adibidez, zalgurdi bat autobia batean agertzea».

Ez gaude aurreko mendearen azken hamarkadan, ez, ezta mende honetako lehenbizikoan ere. Ezin da 47 lagun daramatzan iraganeko zalgurdia hain arreta handiarekin eraikitzen ari den bizikidetzarako errepidean jarri. 2019an gaude, eta gauza asko gertatu dira makro-sumarioen historia luzea hasi zenetik, 1998an, 18/98arekin. Euskal Herria ez da lehengoa, nahiz eta lehengo gatazkaren orbanak oraindik zein irekita dauden erakusten duten egoerak agerikoak izan. 11/13koa, baita euskal presoen egoera ere, azken horien erakusle kezkagarriak dira.

Makro-epaiketak Estatuaren politika «antiterroristaren» tresna garrantzitsua bihurtu ziren konfrontazio une gogorrenetakoan. Dena ETA da lelopean, arerio politikoa ahultzeko ahalegin sakona egin zen, eta, neurri batean, arrakasta izan zuen: gatazka konpontzeko ahaleginak moteldu zituen, Estatuaren interesen arabera. Ehunka pertsona geratu ziren harrapatuta sare pelagiko haietan, Jarrairen aurkako epaiketatik hasita, Segurako sarekadan atxilotuen epaiketa arte. Ehunka pertsona eta milaka senide, urteak eta urteak epaiketen itzalpean, espetxeetan kondena luzeak betetzen, dispertsioaren zamak pairatzen.

Ordutik hona, funtsezko gauza batzuk erabat aldatu dira Euskal Herrian, eta euskal gizartean aldaketa sakonak eman dira. Nahiz eta oraindik sufrimendua sortzen duten —eta erantzuna behar duten— eta egoera horiek badirauten (preso, iheslari, biktima ez onartuak, biktima guztien minak...), ukaezina da giro erabat desberdin batean bizi garela Euskal Herrian, 1998koarekin konparatuz. Erabakigarriak izan diren aldebakarreko pausoak eman dira, eta euskal eremu politiko-sozialari marko orokor berri bat jarri diote. Lerro nagusiak marraztuta, orain da behar-beharrezkoa diren pauso txiki eta gertuagokoen unea, askotan maila pertsonaletik hasten direnak: alde guztietan sufrimendu handia egon dela (eta dagoela) onartzea, biolentzia ezberdinen biktimen arteko hurbiltze eta entzuteko esparruak sortzea, preso eta senideak salbuespenezko egoeretatik ateratzea; euskal gizartean elkar entzutea eta enpatia garatzeko garaia da, bizikidetza eraikitzea helburu izanda.

Baina Estatu espainoleko estrukturek aurreko garaietan murgilduta jarraitzen dute. Adibide dezente izan ditugu azken aste hauetan, hauteskunde kanpainetan, Nafarroako eta Estatuko gobernuak osatzeko prozesuetan edota Arnaldo Otegiri TVEn egindako elkarrizketak sortu dituen iskanbiletan. Eta Auzitegi Nazionala, zer esanik ez! Iraganeko zalgurditik tiraka.

Eta hemen gaude, déjà vu anakronikoan, irailari begira.

11/13 sumarioko 47 lagun horien egoerak enpatia eta oroimen bereziak sortzen dizkit. 5-6 urte epai ulertezinaren zain, egoera ezegonkor batean, sumarioaren zama egunero zure bizkarrean, zure etorkizunari buruzko erabaki garrantzitsuak hartzeko erabat baldintzatuta, inguruan dituzuen haurrei gerta litekeena nola azaldu, zure lanbidea kolokan... Hori guztia maila pertsonalean. Gehitu epaiketa prestatzeko lanak: bilerak eta bilerak abokatuekin, zure «piezakideekin», Madrilen non geratu, hara nola joan, epaiketa bitartean zuk egin ezingo dituzun laneko kontuak zeinek edo nola kudeatuko dituen... Eta kanpora begira, babesa eta elkartasuna gauzatzeko moduak asmatu, eragile ezberdinekin harremanak sortu, elikatu, mantendu; epaiketaren garrantzi handia euskal jendarteari azaldu. Lan karga handia da, bai.

Horrek guztiak ikaragarrizko eragina du bakoitzaren arlo psikologikoan, nahiz eta askotan ez diogun geure buruari behar bezala onartzen. Indartsu agertu behar gara, gure hurbilekoen kezkak arintzeko, gizartean edo hedabideetan fuerte gaudela transmititzeko. Gure egoera pertsonala, gure beldurrak, gure ziurtasunik ezak bigarren maila batetara pasatzen ditugu. Ez dut esan nahi publikoan biluzi behar dugunik, ez! Baina barru-barruan dauzkagun korapiloak, itoaldiak, onartu behar ditugu; ez gara harrizko edo burdinazko militanteak, pertsonak baizik; konprometituak edota militanteak, baina lehenik eta behin, pertsonak.

Hura da 18/98ko esperientziatik atera dudan irakaspen bat. Eta esango nuke orokorrean, gaur egun irekiagoak gaudela horrelako esparru pribatuak hobeto zaintzeko, indibidualki zein elkarrekiko zaintzan. Norbanakoaren barne indarra, besteenarekin elikatzen baita. Hor dago epaiketari aurre egiteko indargune bat, baita egindako lana zilegia eta beharrezkoa zenaren uste osoa ere.

Halaber, euskal jendartearen elkartasuna, modu ezberdinetan adierazita, oso baliagarria da. Azken finean, aurrera egin nahi duen gizarte batean bizi gara. Iragana ukatu gabe, iraganak utzitako arazoei sufrimendu gehiago sortuko ez duten konponbideak landuz, guztion eskubideak eta beharrak errespetatuko dituen bizikidetzara begira jarrita gaude. Gizarte honek ezin du, ez du nahi, anakronismoetan bizi. 47 besarkada bero!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.