Luzea izan da bidea. 1960ko hamarkadaren hasieran abiatu nintzen ekonomiaren kezkarekin. 1960ko hamarkadan ekonomiari buruzko hamaika lan irakurri nituen, Marx-en Alokairua, Prezio eta Irabazia liburuxka ederrarekin hasita.
1970eko hamarkadaren lehen urteetan, kapitalismo industriala zen nagusi, edo behintzat hala uste genuen. Gutxienez, espainiar Estatuan kapitalismo industrial basatian bizi ginen.
1972an, Anaitasuna aldizkarian ohiko kapitalismo industrialari buruz hasi nintzen zertxobait plazaratzen. O tempora o mores. Eredu gisa, hona hemen nire lehen euskarazko artikuluak, Imanol Berriatua zenak zuzenduak, oraintxe Euskaltzaindiak digitalizatuak (http://www.euskaltzaindia.net/anaitasuna) eta garai hartan erabiltzen zen euskara baturanzko ereduan: Bakoitzak berea... noiz arte?, 237. zenb., K ezizenez sinatua. Lantegietan zehar, 248. zenb., Miren ezizenez sinatua. Kontratak, 250. zenb., Miren ezizenez sinatua. Langileen Arteko Bereiztasunak, 252. zenb., Antso ezizenez sinatua. «La Naval» lantegiko gatazka, 252. zenb., Barrenetxea ezizenez sinatua. Mendigoizale baten gogoetak, 255. zenb., Aiert ezizenez sinatua. Anaitasuna eta langilegoa, 302. zenb.
Kapitalismoak ere bide luzea egin du. Ekonomiak bere ildoari ekin dio, lehengo kapitalismo industriala erabat aldatuz. Kapital finantzarioa nagusi bilakatu da. Argi dagoenez, egungo kapitala, batez ere eta bereziki, finantzarioa da. Kapitalismo industriala, eta berari loturik zeuden Marxen plusbalioaren analisiak, balio-teoriari buruzko aspaldiko eztabaidak labur samarrak geratu dira. Izan ere, dena, edo ia dena zeharkatu du kapital finantzarioak. Bera da nagusi, bera da agintzen duena, bera da ikertu behar dena. Berari aurre egin behar zaio. Are gehiago, finantza-sistemak bereganatu egin du ekonomia erreala. Europan esaten den moduan, Finanzkapital uber alles. Dena den, Marx-ek, beste era batera, zutik irauten du (http://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/sorry-marxek-arrazoi-zeukan).
Bide luze horren azken urteetako lana dela eta, Larrabetzun, Literaturia ekitaldiak zirela eta Finantza Kapitalismoa izeneko liburua aurkeztu genuen Jokin Apalategik, Txutxi Ariznabarretak eta hirurok.
Hona hemen liburuaren inguruko zenbait zehaztasun: (a) 4 urte eta piku eman ditutlan hau burutzeko, (2004.03.24tik 2008ko udazkenera). (b) Liburua bitan banatua azaltzen da, Jokini esker:Mundu globala/Euskal Herrirako irtenbide ekonomiko eta soziala. (c) Lana Andolin Eguzkitzaren oroimenean eginda dago,(1953.12.06-2004.03.24).
Hona, berriz, liburuaren beraren punturik garrantzitsuenak: (i) AEBak dira nagusi: Hudson-en Super inperialismoa, lekukoa; (ii) Dolarra eta Quid pro quo: zer da trukean dagoena?; (iii) Diruaren estatu-teoria eta diru-teoria modernoa: Randall Wray,…;(iv) Kreditu-ekonomia eta programa fiskala: finantza-politika eta politika fiskala loturik daude, txanpon bereko bi aldeak dira; (vi) FIRE (Finantza, asegurua, higiezin erreala): Aktibo prezioko inflazioa eta, ondorioz, zorrak induzitutako deflazioa, (vii) Irtenbide gisa, inbertsioak kapital ukigarrian, ez FIREn ; (viii) Ponzi fasea: egoera berriari finantza-zikloen Ponzi fasea deitu zion Hyman Minsky-k, non bankariek, zorren merkatariak izanik, batez ere, eskuratzen dituzten aktiboetan eta merkatuan saltzen dituzten pasiboetan ahalegintzen baitira (The Financial Instability Hypothesis, http://www.levyinstitute.org/pubs/wp74.pdf); (ix) Solbentziaren arazoa: Zein da solbentziaduna? Bankuak? Gobernua? Zergatik banku erraldoiei eman diru-laguntzak?;(x) Euroa eta dolarra:Gobernua subiranoa eta ez-subiranoa monetari dagokionez; (xi) Euskal Herriarentzako proposamen ekonomikoa eta soziala.
Eztabaidarako gai asko, funtsezkoak. Liburuarekin ados egon zein ez, Euskal Herriaren independentziak arlo ekonomikoan egon diren aldaketak analizatzera eraman behar gaitu, behar izango diren erabakirik aproposenak ongi hartu ahal izateko.
Literatura eta poesia aurkezten deneko lekua, Larrabetzuko Literaturia ekitaldia alegia, agian ez da izan lekurik aproposena finantza munduaz aritzeko. Horretaz ez dute idazten literaturzaleek eta poetek. Literatura? Poesia? Ongi, oso ongi. Baina bitartean gauza askotxo gertatzen ari dira gure inguruan, baita gure Euskal Herrian ere: Literatura, poesia, kultura, politika, konpromisoa, elkartasuna, … eta euskal gazteria (http://zuzeu.com/2011/05/21/gazte-batzuk-agertu-ziren-izpuran/).
'Anaitasuna' aldizkaritik finantza kapitalismora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu