Paul Bilbao Sarria.

aNAHItasuna bete

2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Askotan eskatu didate Nafarroan euskararen egoera irudikatzeko botilaren adibidea baliatzea. Alegia: «Nola ikusten duzu botila? Erdi beteta? Erdi hutsik?». Egia esan behar badut, oso adibide xinplea iruditzen zait. Izan ere, botilak era askotakoak izan daitezke eta botilak erabiltzeko ohiturak ere bai. Lehen kristalezko botilak erabiltzen genituen, eta behin hustutakoan berriz ere betetzen genituen. Ondoren, plastikozkoak etorri ziren, behin erabiltzekoak. Hor ere ohiturak aldatuz joan dira eta plastikozko horiek birziklatzen hasiak gara.

Bestalde, tamaina edota edukiera desberdinetako botilak daude, eta askotan edukiera txikikoek dute barruan altxorrik preziatuena. Hortaz, ze demontre erantzun daiteke euskararen egoera botila batekin alderatzeko eskatzen dizutenean? Halere, euts diezaiogun botilaren adibideari.

Argi dago euskararen botila inoiz ere ez dela hutsik egon, eta horri esker bizi dela gure hizkuntza. Azken hamarkadotan botila betez joan da. Milaka herritarren, eragileren, euskaldun zein euskaltzaleren izerdi-tantek bete izan dute botila hori. Askotan, tanta mardulak izan dira, esaterako, helduak euskalduntzeko sortu diren sareak, euskarazko hedabideak, euskarazko espazioak, euskarazko hezkuntza... Beste askotan, norbanakoen izerdi-tantak, hain zuzen ere, beren burua euskaldundu duten horienak guztienak.

Akaso, norbaitek pentsa lezake milaka tanta horiekin botila bete ez izana ez dela normala. Arrazoi osoa lukete, zalantza izpirik gabe. Halere garbi izan behar dugu euskararen botila betetzeko ez dela nahikoa herritarren, euskaltzaleen, euskalgintzaren isuria. Hizkuntza-politikek ere ekarpena egin behar dute botila bete dadin: Corpus juridiko egokia, plangintza egokiak eta diru baliabide egokiak. Horiek dira euskararen botila betetzeko hizkuntza politikak egin behar duen ekarpen nagusia, eta botila epe onargarri batean bete dadin herritarren ekarpenaz gain hizkuntza-politikena ere nahitaezkoa da.

Izan ere, azken urteotan gehiegitan ikusi izan dugu euskararen botila husteko Nafarroako Gobernuak baliatu izan dituen estrategia zitalak. Nafarroako Gobernua euskararen botila pitzatzen ez ezik, apurtzen ere saiatu izan da politika bortitzen bidez. Herritarren arteko bereizkeria eragiten duen eta euskaldunak erabat baztertzen dituen corpus juridikoa aplikatuz, normalizazioa ahalbidetzeko plangintzak uxatuz, baliabideak erabat murriztuz... Edozein bide erabili izan du, inolako lotsarik gabe, horrenbeste izerdi-tantez bete den botila hori gaztelaniaren ozeanoan disolbatzeko. Are gehiago, zenbaitetan, euskararen botila paperontzira bota eta plastikozko beste botila batzuk ere jarri nahi izan ditu betetzen, ingelesarena esaterako. Inolako gupidarik gabe ibili da, bai horixe.

Bestalde, azken hilabeteotan, han eta hemen, bolo-bolo dabiltza Nafarroan aldaketa egongo dela agertzen duten iritziak. Aldaketa beharraz asko eta luze hitz egin da azken urteotan, zer esanik ez, euskararen botila betetzen ari garenon aldetik. Izan ere, aldaketa egongo bada, euskararen botila betetzea ahalbidetuko duena izan beharko du. Hortaz, gizarteak horrenbeste desio duen aldaketa etorriko bada, euskaraz bizi nahi dugunok ere badugu zer esana.

Gure botilan zenbat pitzadura eta urradura egin izan duten kontuan hartuta, afera ez da masilla edo mastika jartzea. Egia da, bai, masilla apur bat jarrita, botilak eutsi egingo diola eta horrek arnasa hartzeko aukera emango duela. Dena dela, hori ez da nahikoa izanen, eta beraz, gaurdanik esan behar dugu botila behar bezala betetzeko baldintzak bermatu behar dituela balizko aldaketak. Eta, noski, baldintza horiek hizkuntza-politika egoki baten bidez etorriko dira.

Apirilaren 25ean Anaitasunan botila betetzeko ekitaldia antolatu dugu. 2010eko maiatzean antolatutako eta Nafarroan euskararen alde inoiz egin den manifestazio jendetsu hartan bezalaxe, oraingoan ere, botila beteko duten herritarrak bilduko gara. Izan ere, Anaitasunan, herritarrak izango dira protagonista; herritar aktiboak, herritar (eusk)ahaldunak. Aurrekoan Lorea Agirrek milaka eskutatik ibilitako lekukoan jaso bezala, euskara plaza publikoan jokatzen da, eta plazaren izaera publikoa euskaran. Euskararena hiztunon auzia da, herritar guztion auzia da, publikoa eta kolektiboa.

Hartara, Anaitasunan Agirrek hain ederki jasotakoa praktikara eramango dugu. Bertan bilduko garenoi ilusioa piztuko zaigu beste behin, guztion bultzadak egungo egoerara ekarri gaituela ondorioztatu ahal izango dugu, eta noski, zabal daitezkeen aukera berriak alferrik gal ez daitezen aldarrikatuko dugu. Herritarrok dugu horretarako giltza, geuk dugu eraldatzeko gaitasunik handiena, geu gara gizartearen beste esparruak baldintza ditzaketenak.

Halere, apirilaren 25ean Anaitasunan beteko dugun botila horri ez diogu tapoirik jarriko. Biharamunean bertan dauden tanta guztiak lurraldearen luze zabalean hedatuko ditugu, tanta horietako bakoitza eragile bihurtzea lortuko dugu Nafarroan aldaketa egongo bada euskararen botila beteko duena izango dela bermatzeko. Bete dezagun euskararen botila, betearaz dezagun euskararen botila. Bete dezagun, bada, aNAHItasuna!!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.