Paulo Alberdi Sololuze.

Amulategiko sagarrondoa

2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Mirari txiki bat jazo omen zen 1958. urteko azaroan Larruskainen: Amulategi baserrikosagarrondoa, urte erdia hilzorian zeraman bera, goiz batean sendo eta eder argitu zen.

Aitaren batean zabaldu zen zurrumurrua eskualde osora, eta inguruetako jendea samaldan hurreratu zen zuhaitz biziberritura. Inork ez zion azalpenik topatzen gertatutakoari. Nola zitekeen ekainean tximista batek jotako arbola, ordutik idor-idor zegoena, egun batetik bestera horren dotore agertzea?

Berpizteak halako oihartzuna izan zuen, ezen bisitak laster erromesaldi bihurtu ziren, eta albistea bolo-bolo iritsi zen agintarien belarrietaraino. Gobernari frankistek ez zuten begi onez ikusi esamesak loratzea. Mirariaren goizetik bi egunera, guardia zibilak agertu ziren Amulategin, baserria okupatu zuten eta 1.000 pezetako isunak jarri zizkieten egun horretan bertaratutakoei.

Zigorrek, hala ere, ez zieten atzera eragin Lea-Artibaiko bizilagunei. Hurrengo asteetan askok eta askok mendian igaroko zuten eguna, guardia zibilek Larruskaindik noiz alde egingo, eta aldi berean gertatuko zen poliziak Markinara itzultzea eta bisitariak zuhaitzondora jaistea.

Erromesak zur eta lur geratzen ziren ikustean, sasoiz kanpo egon arren, arbolak sagarrak ematen zituela. Mirari hartan zuten fedearen isla zen bisitari mordoxkak hostoak inausi eta euren etxeetan gorde zituztela, santu baten erlikiak balira bezala.

Hilabete iraun zuen sukarraldiak. Berpiztetik lau aste bete ziren egunean, ageriko motiborik gabe, zuhaitza aurreko egoerara itzuli zen. Tximistak jo ondorenean bezalaxe, artean sustrairen bat lurrean zuela, baina idor eta ahul argitu zen. Horrekin amaitu ziren jendearen bisitak eta grinak.

Batek daki Larruskaingo sagarrondoarena miraria izan zen. Zergatik ez? Kontu ziurra da zuhaitza bat-batean zutitu zela eta inork ez ziola azalpenik topatu gertaera magiko hari. Istorioa, edozelan ere, ez dago ulertzerik tokiko memoria kolektiboa kontuan hartu gabe. Zuhaitzaren mirariak azaleratu egin zuen luzaroan isilean gordetakoa, eta argi geratu zen guztiek zutela gogoan hogeitaka urte lehenago Amulategin jazotakoa.

Izan ere, 1936ko udazkenean Jose Sagarna fusilatu zuten tokian sagarrondo bat berpiztea miraria besterik ezin zitekeen izan. Sagarnaren sagarrondoa zen. Hala zabaldu zuten herritarrek, Markinatik Ondarroara, eta hala iritsi zen mandatari frankisten belarrietara. Horrexegatik bidali zituzten guardia zibilak isunak jartzera.

Gerrako garaileek ez zuten gogora ekarri nahi herriko apaizaren fusilatzea. Don Josek, hala deitzen zioten eliztarrek, 24 urte baino ez zituen hil zutenean. Amulategi baserriaren pareko zelaian exekutatu zuten, Larruskaingo eliza ikusten zen bazter batean, berak eskatu zuen moduan.

Abadea fusilatzeak gogor erasan zituen Larruskaingo bizilagunak, Don Jose gizon onbera eta zintzoa omen zen eta. Oroz gain, erabat errugabea. Seinaletzat hartu zuten biharamunean obus batek bete-betean jotzea fusilamendua agindu zuen militarra, zeina ospitalera iritsi baino lehen hil zen.

Herrikoen irudiko, kanoikada hura zeruaren mendekua izan zen. Zer esanik ez apaiza erail zuten tokian sagarrondoa biziberritzea. Don Joseren espiritua berpiztu zela sinetsi zuten, eta zuhaitz forma harturik eskatzen ziela ez ahazteko gerran hildakoak. Ezin zen bestela izan: ezagutu zutenek ziotenez, Jose Sagarna santua zen, eta Amulategiko sagarrondoa haren santutasuna frogatzen zuen miraria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.