Amorruaz harago

2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun

Egunotan, haserrea nabarmendu da tsunami emozional baten tankeran Katalunian. Kondena mendekuzkoak, azpiegitura batzuen okupazioa, kolapsoa buruzagitza instituzionaletan, psikosi errepresiozkoa, manipulazio mediatikoa, tradiziozko ezkerraren domestikazioa eta desorientazioa, faxismo eragabekoa... Hori guztia botere baten dekoratu bihurtu da, kalearen boterearen dekoratu, eta liluramendu hipnotikoz hartu dute. Gainez egiten duen botere bat, ezin geldituzkoa, beldurgarria. Joan den hamarkadako protesten zikloak ez bezala, hortzak erakusten dituena. Eta ulertzekoa dena emozioaren eta haserrearen ikuspegitik, gazteen itxaropenik ezaren ikuspegitik, eta kontuan harturik umiliazioa, errepresio neurrigabea eta beste hainbat gauza. Amorru bat, la haine, luzaroko etorria, hala da. Eta azaldu egin behar da zergatik etorri den. Baina baita zer geratzen den ere hark atzera egiten duenean.

Bihotzak, emozioek gauza asko esplikatzen dituzte, baina baita eskarmentuak ere. Mugimendu sozialen teoria ez da hurbiltze elitista bat, sasi-intelektuala. Iturburu ditu kaleko izerdia, gasolina usaina, buru zartaraziak, porrotak eta garaipenak. Eta herri eskarmentua. Horrexegatik, zenbait pista eman diezazkiguke gauden egoera honetaz, eta, batez ere, aurrez aurre ditugun arriskuez. Emozioaren ikuspegitik jokatzea zilegi da, baina, suen txingarrak amaitutakoan, «dena da posible» abagunea iragandakoan, errealitatea bortxaz ezartzen denean, baliteke orduantxe hasi behar izatea modu estrategikoan pentsatzen «ezinezko» den horren mugetan eta mamuetan.

Gatazkaren teoriaren ikuspegitik, protesta zikloak ulertu ahal izateko, bi baliabide analitiko ditugu: bata irismen luzekoa eta bestea irismen laburrekoa. Lehenbizikoa estatuen ahalmenari dagokio. Bigarrena, analisi konbinatu bati: noiz (abagunea), nondik eta norantz (diskurtsoa), nork (antolakuntza) eta nola (ekintza motak) uztartzen dituenari.

Estatuen ahalmena handitu edo txikitu daiteke erdiko epean, lurraldeak, pertsonak eta sinboloak kudeatzeko zer baliabide dituzten, horren arabera. Ahalmen txikia dutenean, aldaketarako aukera sortu ohi da; esaterako, Tunisian, Ben Aliren diktadurako azken aldian. Ahalmen handia dutenean, aldiz, gatazkak errepresioaren murrua jotzen du, hala nola Txinan Tiananmenen garaian. Gure kasuan, oraindik orain, M-15ak arrakala handi bat sortu zuen, argi eta garbi, Espainiaren ahalmenean —monarkiaren abdikazioa, procés, eta Moncloa inguratuta 2012ko aste hartantxe—, 2008ko krisi ekonomikoak ahalmena galarazi baitzion domino efektu ezinago garbiz. Baina argi dago, halaber, shockaz geroztik sistema berregiten ari dela.

Oraingo egoerak ezaugarri global batzuk ditu: kapitalismoa basaki osatzen ari da berriro; tradiziozko instituzioak zilegitasuna galtzen ari dira; amorrua eta egonezina gailentzen ari da bazter guztietan —Txilen, Ekuadorren, gaur egun Katalunian—. Hor, hala ere, ez dira mugimendu taktikotzat hartu behar hauteskundeetarako azken deialdia eta Sanchezek egindako bira. Aitzitik, prozesu estrategiko baterantz egindako bira bat da, kontrol finkatua berreskuratzeko asmoz: espero izatekoa denez, koalizio handi baten bitartez mamituko dena —Madrilgo aldaketarako indarren harakiri irrigarri, arduragabe eta burugabearen laguntzaz—. Hain zuzen, kapitalak bazter guztietan ahalmena berreskuratu behar autoritarioa daukan honetan, baliteke Espainiako Estatuak ziurtzat jotzea bere lurraldearen zati baten gaineko kontrol «zilegizkoa»: gaur, Kataluniarena; eta, bihar, aurrez ikustekoa denez, Euskadirena (kontzertu ekonomikoa zartaraztea ezinbesteko gertatzen denean). Baina horrek ez du esan nahi amore ematea. Aitzitik, desbide autoritario horretan, gerta daiteke Espainiaren batasunari indar basatiz eustera jotzea, eta, hala, bere zilegitasuna elikatzea lurraldeko gainerako tokietan, eta bai sinboloak —Espainiako bandera, adierazle hutsal gisa— eta bai pertsonak kontrolatzea —M-15aren osteko ezkerra, borrokaz kanpo, kaletik lekutua, dibanean hilzorian—. Hori guztia polizia errepresio basati bezain normalizatu batez maneatua, edozein erresistentzia saialdi menderatzeko, aste honetan Madrilen gertatu den bezala. Labur esanda, komeniko litzateke hipotesi honi kasu egitea: gero eta urrunago gaudela ahalmen txikiko estatu batetik, eta zuzen-zuzenean goazela ahalmen handiko demokrazia post-autoritario baterantz —behintzat, haren periferiako ez diren lekuetan—, intelektual progresista guztien bedeinkazioarekin.

Bigarren osagaiari begiratzen badiogu, zer ikusten dugu? «Abaguneari» dagokionez, duela bi urte aukeraren egitura zabalik zegoen erabakitze eskubidearen aldeko sektoreentzat, baina orain itxi egin da. Eliteen zatiketa jada ez dago Espainian, baizik eta subiranisten artean. Eragin handiko aliatuek —aldaketarako indarrek— beste alde batera begiratzen dute —zilborrera, dibanera—. Espainiako eliteen jarrera ezegonkorrak bukatzen ari dira, eta bukatu egingo dira koalizio handiarekin. Identitatearen pean geratzen da politika publikoak ezartzeko ahalmena —arlo soziala—, neoliberal identitarioek —Artur Masek— eta, M-15eko desobeditzaileak kartzelatu zituztenek izkin egiten baitiete sistemak baztertu guztiei —eta ez ikusiarena egin elite harrapari horrek bereganatu dituen aberastasunei—.

Antolakuntza egiturari dagokionez —nork—, errepresioak antolakuntza modu askoz ere lausoagoak ekarri dizkio subiranismoari, itxura guztien arabera; errepresioa gai da berehala eragina izateko, baina asko handitzen da kontrol gabezia areagotzeko arriskua. Buru sinbolikorik gabe —kartzelan baitaude—, Kataluniako Gobernua ezin da hezurmamitu beraren aginduz errepresioa ezartzen zaion herri batean —sekula ez dio utzi herri hori zapaltzeari, eta, bestela, galde diezaietela immigrante ilegalei, prostitutei, Can Vies-eko okupei—. Horrez gainera, ez dago ikusmira argirik diskurtsoan —hala nola zegoen erabakitzeko eskubidea U-1ean—, ez motibazio esparrurik —motibaziorik eza eta amorrua baizik, ulertzekoa denez—. «Bestea», gainera, aurre egin beharreko hori, lausotu egiten da —erabakitzeko eskubidearen alde negar egiten duen mossoa manifestariei oldarka dabilen mosso bihurtzeraino—. Testuinguru horretan, erabakigarria da laugarren osagaia, nola. Amorrua ulergarria da. Baina injustiziaren esparrua ahuldu besterik ez du egiten, eta konturik garrantzitsuena elikatu: Espainian ahalmen autoritario handia zurkaizteko estrategia.

Gakoa, U-1eko emaitzak erakutsi bezala, ez dauden guztiak erakartzea da. Alderdi moralak eta indarkeriaren erabilera alde batera utzita, testosterona eta amorru gosea asetzeaz harago, hutsegite politiko ezinago larria dakar taktika eta estrategia aldetik, aldenarazi egiten baititu ez daudenak, eta urrundu egiten ditu gertu dauden asko. Eta, hain zuzen ere, ez daudenei esker gizentzen da autoritarismoa.

(Erredakzioan itzulia)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.