Amnistia

2013ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Kanpotik ikusita, prozesuak ez du itxura onik. Adituek nondik eta nora doazen jakingo dute, baina herri xumea ez da ezertaz jabetzen. Are gehiago esango nuke: herri xumeak harriduraz eta kezkaz ikusten ditu prozesuaren «lorpenak eta garaipenak». Prozesu hori politikarien eta abokatuen prozesua izango da, baina ez herriarena.

Prozesu horretan hitz bat faltan sumatzen dut: amnistia. Ziur nago ezker abertzaleko buruek argi dutela «amnistiarik gabe prozesurik ez» dagoela. Izan ere, hori ikusteko ez da ezker abertzalekoa izan behar. Berrogeita hamar urte borroka latzean ibili ondoren, ETAri buruz edozein iritzi izan arren, edonork, inpartziala izanik, ikus dezake bake prozesuaren ezinbesteko baldintza amnistia dela. Hala bada, ezker abertzaleko liderrek amnistiaren eskaera isiltzen badute, arrazoi estrategikoengatik izango dela pentsatu beharko da. Pentsatuko dute ez dela une egokia amnistia aipatzeko.

Zergatik ez? Zergatik ez da gaur une egokia ETAko presoen amnistia eskatu eta aldarrikatzeko? Arrazoi sakonak izango dituzte prozesuaren adituek eskaera eta aldarrikapena alde batera uzteko, baina, kanpotik ikusita, erabaki horrek ez dirudi batere zuzena.

Amnistiaren eskaerak presoen mugimenduari ez ezik prozesu osoari ere batasuna eta helburu argia eta finkoa emango lizkioke. Izan ere, eta hau ez dugu ahaztu behar, amnistiaren eskaerak loturik dauden bi erreibindikazio mota hauek hartzen ditu barne: lehenik, presoen amnistia politikoa; bigarrenik, gure herriak dituen eskubide politikoen aitorpena. Hala bada, amnistia eskaerak gure erreibindikazioen mamia laburtzen du. Eskaera horrek prozesua gidatuko balu, herri xumeak, alde batetik, nora eta zeren bila joan jakingo luke (orain ez dakiena) eta, bestetik, helburu mamitsua eta argia lortzeko borrokatuko litzateke. Gaur, tamalez, ez dakigu nora goazen, ezta zertarako borrokatzen garen ere (gure zapaltzaileei barkamena eskatu eta gure borreroak besarkatzeko, agian?).

Ezinbestekoa da amnistiaren helburu bikoitza lortzea, presoen askapena eta gure herriaren eskubideak. Hori izan behar da gure «alde bakarreko» estrategia. Argia eta eraginkorra: gure etsaien iruzurra agerian uzteko bezain argia eta geure borroka esparrua ezartzeko bezain eraginkorra. Hitz batean, gure hegemonia politikoa eskuratzeko bezain argia eta eraginkorra.

«Amnistia» eskatzen dugunean ETAko presoen amnistia eskatzen dugu. Baina, gaur, ideologia hegemonikoak dioenez, preso horiek terroristak dira. Hala bada, amnistia eskatzen dugunean ustezko terroristen amnistia eskatzen ari gara (horrek gaurko amnistia eta zaharra —duela hogeita hamar urte-edo eskatzen zena— bereizten ditu). Zer dakar aldaketa horrek? Gaur, amnistia eskatzeko, ideologia hegemonikoaren kontra zuzen jo behar dela eta, gainera, ideologia horren erdigunean: ideologia antiterroristaren kontra, hain zuzen. Ideologia antiterrorista deitzen dute haiek; guk, herriaren ikuspegitik, herriaren kontrako iruzur sarea. Horrek esan nahi du amnistiaren aldeko borrokan engaiatzen dena iruzur sare horren kontra altxatzen dela. Hala bada, amnistiaren aldeko borrokak neoliberalismoaren iruzur sarearen kontra borrokatzen direnen aldean kokatuko gintuzke (alde hori, esan gabe doa, gaiztoen aldea da). Eta borrokaren alde horretan zera entzuten da: ez gara kriminalak, ez gara terroristak, gure eskubideak baino ez ditugu eskatzen. Amnistiaren alde borrokatzean, herriak duintasunez eta harrotasunez bere ahotsa altxatzen du.

Gure eskubideak baino ez ditugu eskatzen, oihu egiten du herriaren ahotsak. Presoak kalera, bai, baina gure eskubide sozial eta politikoen onarpena ere bai. Hori da amnistiaren bigarren aldea. Presoak gure herriak dituen eskubide politikoen onarpenik gabe askatzeak erabat faltsutuko luke azken urteetako borrokaren zentzua. Amnistiaren irispena presoen askapena baino zabalagoa da. Izan ere, presoen askapena onarpen hori gabe «barkamena» litzateke. Eta ez dugu barkamenik nahi, justizia baizik.

Gaurko prozesua penala da, ez politikoa. Prozesu penal batean legearen giltza duenak agintzen du. Prozesu politiko batean, aldiz, legearen giltza nori dagokion auzian jartzen da. Prozesu penal baten bidez herri bat inoiz ez da espetxetik ateratzen, legearen giltza inoiz ez baitu lortuko. Horrela, damutzez damutze, barkamenez barkamen, apaltzez apaltze, besarkadaz besarkada —garaipenez garaipen, esango lukete prozesuaren aditu batzuek— gure herria erabateko morrontzara joango da.

Zergatik baztertu du ezker abertzaleak amnistiaren bidea? Zergatik gorde du amnistiaren erreibindikazioa oroitzapen zaharkituen kutxan? Ez dakit, baina oker gaudela esango nuke. Iparra galdu dugula. Prozesu penal honek herriaren borroka nahia kateatu du. «Jendea ez da mugitzen. Jendea ez da borrokatzen». Egia da. Baina nola mugituko da herria helburu argi eta finkorik gabe? Nola borrokatuko da prozesuaren borrokak instituzioetan eta epaitegietan burutzen badira? Herria mugiarazteko, borroka herriaren eremura eraman behar da, legearen giltza eskuratzea litekeena den eremura. Eta eremu hori ez da damutzearena, amnistiarena baizik. Amnistia eta barkamena, bai; baina amnistiarik gabe barkamena eskatu beharrak bake prozesuari zentzu politiko osoa kenduko lioke. Eremu hori ez da prozesu penalarena, politikoarena baizik. Legearen giltza —orain prozesu penal horren amildegi ilunean galduta dagoena— eskuratzekotan, amnistiaren aldeko borrokaren bitartez eskuratuko dugu.

«Kanpotik ikusita, prozesuak ez du itxura onik», komentatu zidan preso batek irribarre ironiko batez. Irribarre hark haren harridura eta ez-ulertzea ezkutatzen zituen. Herritarren eta hiritarren artean ere harridura eta ez-ulertzea zabaltzen ari dira. Nora goaz prozesu horrekin, penitentziaren eta mendekotasunaren infernura ez bada? Ezin da jokatu, orain jokatzen den bezala, herri baten duintasunarekin. Euskaldunok ezin dugu hainbeste irain eta gezur jasaten jarraitu. Euskaldunok ezin dugu jarraitu ikusten nola zapaltzen diren gure eskubideak «legearen zinismoaz». Zaila da ulertzea gure liderren uzkurkeria, gure gidarien itsutasuna. Zaila da ulertzea zergatik ahaztu duten gure borrokaren hABea: Amnistiaren aldeko Borroka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.