«Zertan gaude orduan?». Hori zen bi presok galdegiten zigutena beren gutunean amnistiaren aldeko deia izenpetu dugun 93 preso ohiei. Ene izena eta jarrera aipatzen dutelakoan zerbaiten ihardestera ausartzen naiz.
Lehenik, argi izan dadila, «amnistia beste biderik ez» edo «gure egoeran amnistia dela soilik presoak irteteko aukera» edota «baldintzarik gabe soilik amnistiarekin irtengo direla presoak», «dena edo ezer ez», holakorik ez dugu aldarrikatzen. Gehiago dena, izenpetu dugun amnistiaren aldeko deian, argiki diogu «giza eskubideen inguruko diskurtsoak zilegiak izan daitezkeela». Gainera, presoez ari bagira ere, gure deia ez da presoei zuzendua baizik eta Euskal Herriari. Guk ez diegu presoei erraten zein izan behar duen beraien jarrera edo beraien jokamoldea presondegian edo presondegitik ateratzeko. Nor ausartuko da kanpotik erratera presoei zer egin dezaketen edo zer ez?
Aldiz, bai, gure deia Euskal Herriari zuzentzen diogu, erranez «ezin dugula onartu errepresaliatuen borrokaren ondorioak haietako bakoitzaren bizkar erortzea». Eramana izan den borroka herri osoarena izan da, eta borroka horrengatik gaur egun oraino preso daudenen askatasunak herri osoaren ardura izan beharko luke. Hori da Euskal Herriari zuzentzen diogun mezua. Horrek erran nahi du euskal presoen politikotasuna ez dela baztertu behar; aldiz, bai, azpimarratu eta aldarrikatu behar dugula. Gure deiaren helburua da denek elkarrekin gatazka politiko honi aterabide politiko bat erdiestea, argi daukagulako aterabide politikorik gabe gatazka honek ez duela bururatzerik izanen, eta izanen direla oraino preso eta errefuxiatu gehiago. Amnistiarik gabe, bakerik ez!!
Baina amnistia aipatzen dugularik, amnistiaren alde lan egitea eta borroka eramatea erraten dugularik, ez dugu erran nahi presoek eta beren abokatuek ez dituztela beste bideak urratu behar, bai beren eskubideen zaintzeko, bai beren askapenerako. Amnistiaren aldeko mobilizazioa eta borroka indartsuago eta presoen defentsarako urratsak errazagoak, eraginkorragoak eta emankorragoak izanen dira. Batek ez du bestea kentzen, amnistia eta giza eskubideen aldeko borrokak edo askatasunaren lortzeko urratsak ez dira kontrajarriak, baina bai elkar osatzen dutela... batek bertzea indartuz.
Adibide bat baizik ez emateko, IK-ko presook betidanik eta etengabe amnistia aldarrikatu dugu, euskal presoen izaera politikoa onartzea eskatuz, eta gure borrokaren politikotasuna azpimarratuz. Baina denbora berean, ahal izan dugunean, urratsak egin ditugu, eta borrokak, giza eskubideen alde, edota askapenaren erdiesteko desmartxa juridikoetan, kanpoko mugimenduen sustenguarekin. Eta horrela, IK-ko preso guztiak askatuak izan gara, nehork ez sekulan bere politikotasuna ukatu, ni izan naizelarik IK-ko azken presoa. Desmartxa eta urrats guziek balio dute eta erabili behar dira askapenari buruz, borrokaren politikotasuna eta norberaren izaera politikoa ukatzen ez deno.
Horiek hola, amnistia ez dugu oraino lortu baina, nahiz eta kanpoan izan, segitzen dugu funtsezko eskakizun horren aldarrikatzen, eta urtero, 30 urte hauetan, Makean ospatzen dugu Amnistiaren Eguna, bai ehunka dauden euskal preso politikoen etxeratzeko, baina baita ere Ipar eta Hego Euskal Herrian eraman izan den borrokaren politikotasuna onarrarazteko, bere ondorio guziekin, erran nahi baita aterabide politikoen bideratzearekilan.
Puntu garrantzitsu bat ez da ahantzi behar, amnistia ez da borrokaren ondorioak aipatzea baizik, baina bai borrokaren funtsaraino joatea eta borroka horren arrazoi politikoak aipatzea. Amnistia da borrokaren politikotasuna edo izaera politikoa onartzea eta onarraraztea. Amnistia erabaki politiko bat da... lege bat... estatuen legebiltzarretan bozkatzen dena... Eta penagarria da egun hauetan Pariseko legebiltzarrean biltzar bat antolatzea eta desmartxa guzia eskakizun humanitarioetan mugatzea, biktimak eta abar aipatuz, baina eskakizun politikoak aldarrikatu gabe eta amnistia ixilduz!
Ez, amnistia ez da aldarrikapen zaharkitu bat, berriki arte Euskal Herri osoan oihukatzen zen, eta bere zilegitasun osoa du gaur egun ere. Hortarako diogu Euskal Herriari amnistiaren aldeko dei hau luzatzen, aldarrikapen horren erdiesteko antolatu gaitezen, han eta hemen iniziatibak har ditzagun, oraidanik askatuz! Jadanik urrats batzuk egin izan dira, 2014ko urrian, Baionako deklarazionea bezala, iparraldeko alderdi politiko guztietako hautetsiek (salbu eskuin muturrekoek) amnistiaren alde izenpetzen zutela. Baina jarraipenik gabe gelditu da. Politikariak ez dira bakarrik utzi behar, akuilatu behar dira, eta iniziatiba batzuk sortu dira, gazte mugimenduetan, presoen sustengu taldeetan eta beste... Iparraldean bezala hegoaldean ere, amnistiaren aldeko mugimendu bat ari da hedatzen frantses eta espainol estatuak hertsatzeko... Goazen aitzina eta urrats horiek guziak juntatuz mugimendu indartsu bat osa dezagun!! Aska gaitezen!!
Amnistia eta askatasuna!!
Amnistia eta askatasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu