Txema Ramirez de la Psicina
Kazetaria eta ikertzailea

Amildegiaren ertzean

2024ko azaroaren 10a
05:00
Entzun

Hasteko, galdera-sorta deserosoa: Zergatik gaur egun autoritarismoa da hain erakargarria munduan? Zergatik klase apaleko jende askok erosten du batere eskrupulurik ez duen aberaskume, matxista eta nazkagarri baten narratiba? Nola liteke Donald Trumpek berriro ere hauteskundeak irabaztea? Noiz galdu du ezkerrak klase azpiratuekin konektatzeko gaitasuna? Zerk egiten du gezurra hain liluragarri? Galderak ditut salgai. Erantzunak bizigai.

Nahi adinako epiteto gutxiesgarri eta gatz lodi erants geniezazkieke Trump, Abascal, Mazon, Milei, Orban eta enparauei, baina horrek ez du arazoaren muina aldatuko. Adjektibo horiek ez dute argibiderik ematen. Kontsolamendurako trikimailuak baino ez dira. Euskal Herrian ez dugu horrelakorik. Ados. Uhartea gara. Momentuz. Ez dit balio. Uharte hori fiktizioa da, gaur egun Washington, Madril, Parisen edo Bruselan gertatzen denak guregan ere eragina baitu.

Zer gertatu da?

Astelehen honetan bertan Joshua Bentonek (Harvard University, Nieman Foundation for Journalism) oso artikulu interesgarria kaleratu du sarean. Europan dezente azpimarratu da kanpaina honetan The Washington Post eta Los Angeles Times egunkariek beren ildo editorialean egin duten aldaketa: neutraltasuna adieraztea; hots, ezein hautagairik ez babestea. Erabaki honen atzean Amazoneko buru eta The Washington Post-ekonagusidenJeff Bezos dago. Trumpen aldekoek presio izugarriak egin dituzte aldaketa editorial hori lortzeko. Eta lortu dute. Urak harrotu dira. Kazetariak matxinatu dira eta 250.000 harpidedunek baja eman omen dute. Jarrera aldaketa hori ez da soilik bi kazeta horien kontua izan. Joshua Bentonen artikuluan agertzen den bezala, AEBetako 100 kazeta garrantzitsuenetatik hiru laurdenek jarrera ustez «neutral» bera hartu dute. Duela zortzi urte 38 ziren. Orain, hiru laurden. Zergatik aldaketa?

Boterearen presioez eta komunikabide ustez hegemonikoen eraginaz harago, azken hamarkada hauetan komunikabideen kontsumoa asko aldatu da. Herritarrek komunikabide nagusiekiko duten konfiantza etengabe jaisten doan neurrian —2016an AEBetan %33koa zen; aurten %32koa— handitzen doa agerkari digital eta sare sozialen trafikoa, nahiz eta komunikabide horietako askoren kalitatea oso zalantzazkoak izan.

Trumpek irabazi ditu hauteskundeak: 2016an komunikabide gehien-gehienak bere kontra zeudenean, baita aurkakotasun hori ttipiagoa izan den 2024an ere. Iritzi publikoaren osaketa prozesua tarte laburrean aldatu da. Bizi dugun egoera nahasiaren erakusle da.

Kaosaren sentsazioa oso orokorra da: polarizazio politikoa, ziurgabetasuna, aldakortasuna, gizarte likidoa, erreferente falta… Testuinguru hori haztegi perfektua da ziurtasuna eskaintzen duten teoria autoritarioak besarkatzeko. Edo ez al diozue zuen inguruko jatorri apaleko pertsona bati honelakorik inoiz entzun: «Hemen aginte gogorra behar dugu ordena pixka bat ipintzeko». AEBetako latino dezentek Trumpen alde egin dute. «Gu legalak gara, migrazio ilegalarekin amaitu behar da», entzun diot bati baino gehiagori. Gauzak okertzen direnean doilorrenak etxean bertan topatzen dira.

AEBetako hauteskundeen emaitzak inpotentzia sentsazio orokorra utzi digu. Han eta hemen txakurrak oinutsik. Gogoratu bestela Albert Camusen ondorengo gogoeta hau: «Espainian ikasi nuen nire belaunaldiko jendeak arrazoia izan dezakeela eta, aldi berean, garaitua izan daitekeela; boterearen indarrak arima suntsi dezake, eta batzuetan kemenak ez du saririk ematen».

Donald Trumpek Springfieldeko haitiarrek txakurrak eta katuak jaten dituztela dioenean, ondotxo daki berak tontakeria bat esan duela. Bere helburua ez da jendeak hori sinestea, baizik eta migratzaileen aurkako giroa xaxatzea. Izan ere, Hannah Arendt-ek esan zuen bezala: «Etengabe gezurrak esatearen helburua ez da herritarrek gezur hori sinestea, baizik eta bermatzea jendeak ez duela ezertan sinesten. Gezurra eta egia bereizten ez duen herriak ezin du ongia eta gaizkia bereizi; hau da, pentsatzeko ahalmena ez duen herria da».

Hartara eraman nahi gaituzte.

Zer egin?

Hedabideek erakusten duten muturreko polarizazioa ez da fenomeno meteorologikoa. Ez da ezerezetik sortu. Ez da kapritxoaren edo kasualitatearen emaitza. Ezta Bibliako madarikazioa ere. Ez da egia komunikabideak polarizatuta daudela gizartea bera polarizatuta dagoelako. Ez. Alderantzizkoa da prozesua. Zabor-kazetaritzak dirua ematen du clickbait-en estrategian finkatuta dagoelako. Nagusitu den eduki arineko kazetaritza azkar hori ez da batere etikoa, ez da batere profesionala, baina dirua ematen du.

Garaileen filosofia modernoa da: irabaziak kosta ahala kosta lortu behar dira. Bost axola zabaltzen duzuen hori egia, gezurra edo erdipurdiko egia ote den. Gurea ez al da egiaren osteko gizartea? Nori axola zaio —benetan— egia? Hau gerra da, jaun-andereok, bai gerra. Edo ez al zenekiten (Karl von Clausewitz jeneral prusiarraren aipu mitikoa eraldatuz) kazetaritza gerraren jarraipena besterik ez dela, beste baliabide batzuk erabilita?

Premiazkoa da komunikabideen jabetzaren demokratizazioa aldarrikatzea eta hartara legeak, baliabideak eta neurriak hartzea. Zergatik onartu behar da botere mediatikoa elite ekonomiko edo finantzarioaren pribilegioa izatea? Funtsezkoa da baita ere Interneten gobernantza etikoa bermatzea, algoritmoen opakutasuna amaitzea eta Adimen Artifizialaren erabilera etiko eta gardena ziurtatzea.

Eztabaida guztiz ideologikoa zabaldu behar da. Ezkerrak borroka hori fronte guztietara eraman behar du. Aurreiritzirik gabe, baina mugarik gabe ere. Agintean dauden botere faktikoek eskakizun horren atzean mehatxua ikusiko dute, kontrol ideologikoaren nahia, adierazpen askatasunaren aurkako erasoa… Adierazpen askatasuna? Ala beren boterea blindatzeko amarrua? Informazio askerik gabe ezin dira erabaki libreak hartu.

Garai txarrak datoz mundura. Garai txarrak bizi ditu kazetaritzak. Neurriak bizkor hartzen ez badira, amildegiaren ertzean egotetik sakanaren sakonera pasako gara. «Borrokak denbora behar du», esan du Harrisek. Borroka dezagun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.