Ametsetan/k

Garbiñe Bereziartua Etxeberria
2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Zein hizkuntzatan egiten duzue ametsetan? Adituek diotenez, ametsetan ez da hizkuntzarik erabiltzen, ez dago narratzailearen ahotsik; egoerak, ekintzak eta sentsazioak baizik. Bada, ni gogoratzen naiz behin hitz egin nuela amets baten barruan. Euskaraz izan zen. Eta, gainera, hika.

Baina horiek lo gaudenean egiten ditugun ametsak dira. Esna gaudenean egiten ditugunak ere badaude. Horietan guk aukeratzen dugu zer hizkuntza erabili. Nik hitanoarekin egiten dut ametsetan.

Lehengo batean herriko plazan geunden, terraza batean zerbait hartzen. Gugandik gertu umetxo batzuk jolasean ari ziren, gurasozka jolasten. Alegia, gurasoak imitatzen. Elkarrekin jo eta su ari ziren hika. Hori zen beren pertsonaien karakterizazio nagusia. Gu gustura, terrazako gure mahaitik debaldeko antzerkiari begira.

Ane eta bere lagunak nerabezarora iristen ari dira. Gurasoekin oporretan joan baino nahiago dute lagunekin herriko festetan gelditu. Parrandarako grina pizten hasi zaie. Dagoenekoz utzi zioten ume izateari. Guraso eta irakasleen esplikazioak esplikazio lehorrak izaten dira gehienetan. Hobeto ulertzen dira lagunen artean, eta harreman horien estutzea adierazteko elkarrekin hika egiten hasi dira. Noka, noski.

Jaio zenean Mikel izena jarri zioten. Baina bera ez zen inoiz eroso sentitu Mikelen gorputzean. Berak Miren izan nahi zuen. «Iluntzean atera behar al duk kalera, Mikel?», esaten zioten lagunek, eta berak zuka erantzuten zien. Ez zitzaion gustatzen lagunek berari toka egitea. Ez da erraza izan bere ingurukoek bere benetako identitatea onartzea, baina gaur da eguna bere lagunek «Iluntzean atera behar al dun kalera, Miren?» galdetzen diotena. Eta berak ere hika erantzuten die. Hitanoak aukera ematen dio bere identitatea eta ingurukoen onarpena sentitzeko eta hori gustatu egiten zaio.

2021eko abendua. BEC leporaino beteta. Bertso Txapelketa Nagusia amaitzear da eta txapeldunaren izena esan zain gaude. Bitartean, aditu eta iritzi emaileek aho batez honela dihardute: «Aurtengoan bertsolaritza pauso bat harago joan da. Bertsolariak hitanoa erabiltzen hasi direnetik pertsonaiek ñabardura gehiago dauzkate, bertsoen errimak aberastu egin dira eta hori guztia nabarmen islatu da txapelketan zehar». Bai, bai, baina esan dezatela, behingoz, txapeldunaren izena!

Zarauzko zahar eta gazteak elkartu eta egitasmo berri bat jarri dute abian: Komunhikatzen. Gazteek zaharrei telefono mugikorrak gobernatzeko oinarrizko ezagutzak irakatsiko dizkiete. Zaharrek gazteak hika hitz egiten jarriko dituzte. Lehenengo bileraren ostean zahar-gazte bikoteak sortu dituzte, elkarrekin whatsapp-ez hika egiteko. Horretarako euskaltegiaren laguntza izango dute, elkarrizketa-gaiak eta jarduera proposamenak egingo dizkiete berriketan aritzeko. Getariako gazte bat jubilatuen elkartetik ateratzen ikusi omen dute eta egitasmo berari helduko ote dioten zurrumurruak zabaldu dira kalean.Horrez gain, Zarauzko jubilatuen elkarteko emakumeak beste kanpaina bat martxan jartzea pentsatzen ari dira. Autobus bat egokitu eta herriz herri ibiltzeko asmoa daukate, hika egiten ikasteko ikastaroak eman eta mintzapraktikak egiteko. Hikamona ibiltariak HD.

Irratia piztu eta esataria elkarrizketa egiten ari zaio moda-modan dagoen pertsonaiari. Herriko gaztetxoentzat idolo bat da. Asko dira handitan bera bezalakoak izan nahi dutenak. Kasualitatez, irratiko esataria eta elkarrizketatua herri berekoak dira eta aspalditik ezagutzen dute elkar. Herrian hika aritzen dira eta irratian ere hala egin dute. Bakoitza bere lekutik, egoki hizketan, hika.

Nire herriko neska gazteek planto egin dute. Komunikatu bat atera dute beren ikaskide eta lagun mutilentzat: «Nazkatuta gaude zuek guri mutilak bagina bezala hitz egitearekin. Guri noka egitea nahi dugu, ez toka eta ez zuka. Horretan hasten ez zareten bitartean guk zuei noka egingo dizuegu, ea horrela ikasten duzuen».Mutil batzuk haserretu egin dira, beste batzuek beren ezintasuna adierazi dute. Azken horiek zer egin dezakete, euskarako irakasleari laguntza eskatu? Neskekin hitz egiteari utzi? Agian onena Hikamona ibiltariak HD-ri deitzea.

Ametsetan dena omen da posible. Baina errealitatean ere gauza dezente dira posible, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.