Amets bat baino ez zen hasieran

2016ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Duela urte eta erdi inguru, Arrankudiagan herri kontsulta bat egin genuen Euskal Herriaren barruan izan nahi genuen identitateari buruz. Gogoz, antolatuta eta ilusio handiarekin lan eginda, Erabakitzeko Eskubidea erabili ahal zela frogatu genuen eta demokrazia zuzenaren benetako indarra erakutsi genuen. Baina ahala baino gehiago behar bat zela erakutsi genuen. Eskubide hori praktikan jartzea lortzeko ezinbesteko tresna izan genituen batzarrak. Beste prozesu batzuetan (Katalunia, Etxarri...) izandako akats urrietatik eta gauza on ugarietatik ikasi genuen, argi izanda gu ere, gure praktikatik, erreferente izan gintezkeela etorkizunari begira ondorioak ateratzeko eta beste herri batzuetan esperientzia gisa erabiltzeko.

Egia da errealitatea ezberdina dela leku batetik bestera, baina egia da, era berean, demokrazia erabiltzen dela edo ez dela erabiltzen. Herria txikia zein handia izan. Nire ikuspuntutik, edozein testuingurutan, funtsezkoa da geure buruari ezartzen dizkiogun mugak eta ditugun beldurrak gainditzea. Arrankudiagako taldean barneratu genuen erronka bat ezin zela gauzatu abiapuntua konfiantza falta edo segurtasunik eza izanda, eta, ondorioz, gure filosofiaren ardatza hau izan zen: «Ez dago arazorik konponbidea baldin badago».

Nire ustez, Erabakitzeko Eskubidea praktikan jartzeko ez da behar alderdien edo talde politikoen «onespena». Beste kontu bat da jatorri eta sentsibilitate askotako pertsonen presentzia bermatzea. Prozesu herritarrak hauteskunde-kalkuluen edo estrategia alderdikoien pean jartzea prozesuak porrotaren bidean jartzea da, hasiera-hasieratik. Halaber, uste dut Erabakitzeko Eskubideak subiranotasunaren inguruko kontsulta gainditzen duela, Erabakitzeko Eskubideak zalantzan jartzen baititu botere ekonomikoak eta politikoak aldaezintzat jo dituzten zenbait alderdi. Demokrazia, letra larriz, ez da hasten edo amaitzen alderdi edo ordezkari jakin bati botoa ematean; demokrazia ez da gure itxaropenak bete zain egotea hurrengo hauteskundeak iritsi bitartean. Garrantzitsuena ez da botoa ematea, erabakitzea baizik, eta eskubide honek herritarren parte-hartzea ahalduntzen du, prestigioa ematen dio parte-hartze horri; eta, are garrantzitsuagoa, herria bere etorkizunaren protagonista izatea dakar. Badago ezer garrantzitsuago eta oinarrizkoagorik demokraziari dagokionez?

Ardurak dituzten pertsona batzuek (eta ez soilik politikaren arlokoak) esaten digute, mesfidantzatik eta Erabakitzeko Eskubideari balioa kentzeko asmoz, egunero egon beharko ginatekeela botoa ematen, edo euskal gizartearentzat lehentasunezkoa dena eta ez dena finkatzen dute, guztion izenean hitz eginda. Beste batzuek, aldiz, irrigarri uzten dute Herrien Autodeterminaziorako Eskubidea, bere herri edo auzoetarako eskatzen dutenean, eskubide horri balioa kenduz. «Populista» horien eta argudio faltsu horien atzean herritarrekiko errespetu falta itzela dago, uste baitute herritarrei heldutasuna eta erantzukizuna falta zaiela edozein arlotako eraldaketa edo aldaketa sozialetan esku hartzeko. Errealitatetik, logikatik eta erantzukizun politikotik oso urrun dago uste hori.

Aurrekoaz gainera, lan praktikoarekin ikasi dut, herri edo auzo bakoitzeko baldintzak ezberdinak izan arren, ezin direla aldatu prozesuaren ardatz diren eta prozesua legitimatzen duten arauak edo protokoloak. Prozesua baliagarria da Balmasedarako edo Tuterarako, Zibururako edo Oionerako, bestela, egoera ezberdinak izateaz gainera, prozesuak ere ezberdinak izango liratekeelako. Beste kontu bat da bitartekoak eta lana bakoitzaren errealitatearen arabera egokitzea.

Argi daukat 2014an hasitako olatua gero eta handiagoa izango dela, baita konplizitate gehiago lortuko direla ere. Arrankudiagan erabaki genuen ezin genuela jarraitu Katalunia edo Eskoziara begira, inbidiaz, eta erakutsi behar genuela erronka horri ekiteko behar besteko ilusioa eta indarra geneukala guk ere. Euskal Herrian zerbait handia lortzeko oinarriak jartzen hasteko unea zela pentsatu genuen. Badago gizateriaren historian, herrien eta pertsonen eskubideen arloan, amets edo gogo huts batetik abiatu gabe lortu den gauza garrantzitsurik? Eta erantsi nahi dut kontsultaren ostean batzuk pentsatzen hasi ginela aurrerantzean zer egin genezakeen Erabakitzeko Eskubidea gauzatzen zuten herriekin batera. Unea iritsiko da eta egingo da, zalantzarik gabe.

Zorionak eman nahi dizkiet gure herri txiki honetako 37.000 herritarri haien erabakia adierazteko aukera eman dieten pertsona guztiei. Inork ezin dio balioa kendu askoren borondateak batuta lortzen diren bitarteko eta baliabideekin —eta haiekin bakarrik— herri ekimen honek lortu duenari. Sarritan, datuak dira argigarrienak. Adibidez, EAEko hiru lurraldeetan, Konstituzioa (Espainiako ordenamendu juridikoaren arau gorena) berresteko erreferendumean, parte-hartzea % 42,5ekoa izan zen, eta Europako Konstituzioa onartzeko botazioan, %38,5ekoa. Une horietan beste mezu batzuk zabaldu zituzten komunikabide, eragile politiko, sindikal, ekonomiko... gehienek. Sistemaren tresna guztiak erabilita eta erreferendum lotesleak izanda, emaitzak justifikatzeko, halako erreferendumak baliozkoak izateko gutxieneko boto-emaile kopururik ez dela behar esan bazuten orduan, zelan ulertu baldintza mugatuetan eta lotesle izateko aukerarik gabe egindako herri-kontsultan lortutako %30 hori gutxiesten duten hainbeste esatari agertzea orain?

Baina, batzuen gogoz kontra bada ere, prozesua hasi baino ez da egin, eta ezaugarri garrantzitsu bat du: kutsagarria da. Herri eta auzo askotan prestatzen hasi dira dagoeneko herritarrei erabakitzeko aukera emateko unea.

Amaitzeko, esan behar dut orain hasiko direla, igandean kontsultaren fasea amaituta, egin duten lan itzelaren garrantziaz jabetzen benetan. Hala gertatu zitzaigun guri ere. Amets bat baino ez zena errealitate bihurtuta ikusi genuen eta ikusiko dute.

Zorionak, eta animo falta diren guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.