GAL sigla erabiliz bere gain hartutako atentatuen antolatzaile nagusiak, Jose Amedo poliziak, gerra zikinari buruzko sekretu asko ditu gordeak. Ez bakarrik GALi buruzkoak, eraildako ugari eragin zituen GAL aurreko gerra zikinean ere parte hartu baitzuen.
Hasieran, Amedo gerra zikineko atentatuak gauzatzeko erabiltzen zituzten informazioak biltzen aritu zen: euskal errefuxiatu politikoei buruzko informazio baliotsuak biltzen, funts erreserbatuetako diru kopuru handien truke.
Amedok gezur asko esan ditu horri buruz, baina hain da ahohandia, bere gezurretatik ondorio asko atera daitezkeela. Bereziki, gerra zikina aurrera eramateko orduan, espainiar eta frantziar agintarien arteko elkarlan estuari buruz.
Adibidez, Cal viva liburuan, Amedok kontatu zuen, Joxe Mari Larretxea errefuxiatua bahitzen ari ziren lau espainiar polizia atxilotu baino egun gutxi lehenago, jada frantziar Poliziak atxilotuak zituela Larretxea bahitu nahian zebiltzan beste espainiar polizia batzuk. Sekulako gezurra, bahitzaileen lehen helburua Kandido Ostolaza izan baitzen. Ez Larretxea.
Amedok bere liburuan kontatu zuenez, lehen bahiketa saio hartan, espainiar polizia batzuk atxilotu zituen frantziar Poliziak eta gertuen zegoen komisariara eraman, Miarritzera. Bada, Larretxea bahitu nahian izan balira, Hendaian, gertuen zuten komisaria ez zen, inolaz ere, Miarritzekoa. Gainera, ez ziren berriro saiatuko errefuxiatu berbera bahitzen.
Atxilotu zituzten espainiar poliziak legez kanpo armatuak zihoazen arren, handik gutxira askatu zituzten, espainiar agintariek egindako gestio diplomatikoei esker. Amedok ez zuen zehaztu atxiloturiko polizien nortasuna. Are gutxiago armak itzuli zizkieten ala ez.
Gertatuaren ondoren, espainiar poliziak ezin zirenez Iparraldera armekin itzuli, operazio berezietan adituak ziren hiru GEOren laguntza eskatu zuten. Eta handik egun gutxira, 1983ko urriaren 18an, in fraganti harrapatu zituzten, Larretxea bahitzen ari zirela, Hendaian.
Orduan, hainbat hedabidek filtrazioak jaso zituzten lehen bahiketa saio hartan gertatuari buruz. El País egunkariak aipatu zuenez, «Bilboko lau polizia atxilotu egin zituzten eta ondoren denak askatu, gestio diplomatikoei esker». Azalpen gehiagorik ez zuen eman egunkariak.
Beste komunikabide batzuk zehatzagoak izan ziren. Herri Irratiak Kandido Ostolazaren bahiketa saioa izan zuen hizpide urriaren 19an—euskal telebistak ere aipatu zuen—, eta bi egun geroago Deia egunkariak zioen, azalean argitaraturiko artikulu batean, lau espainiar polizia atxilotu zituztela Iparraldean, armatuak. Baita denak azkar asko askatu ere.
Deia egunkariak Lasa eta Zabala tolosar errefuxiatuak Baionan desagertu zireneko bezperan kokatu zituen atxiloketa haiek. Bi errefuxiatuak bahitu, La Cumbre eraikin ofizialean torturatu eta ondoren kostalde mediterraneoko paraje urrun batera eraman zituzten. Han, biak erail eta kare bizian lurperatu zituzten, betirako desagerrarazteko asmoz.
Bien desagertzea salatzera joan zirenetako batek, Baionako epaileari esan zion hedabide batzuek aipaturiko polizia espainiar armatuen atxiloketa aipatu zutela. Epaileak erantzun zion ez zekiela ezer atxiloketa haiei buruz, eta datu gehiago jakiteko interesa agertu zuen. Bistan da epaileak galdegin zituen datuak frantziar Poliziaren esku zeudela. Seguru, goiko aginduei jarraituz, denak mugara eraman aurretik, atxiloturiko espainiar polizien nortasunak eta zeramatzaten armen zehaztasunak jaso zituztela.
Hilabete eta erdi geroago, Segundo Mareyren bahiketan parte hartu zuten poliziak ez al ziren izango Ostolaza bahitzeko saioan atxilotu zituztenetako batzuek? Bada, legez kanpo armatuak atxilotu zituztenean, nork agindu zuen haiek aske uzteko, nortasunak ezkutatuz? Nortzuk izan ziren espainiar gobernuaren funts erreserbatuen dirutzekin eta frantziarraren konplizitatearekin gerra zikina jarraitu ahal izatearen arduradunak?
Kontuan izan Kandido Ostolaza bahitzen saiatu ziren poliziak Bilbon destinatuak zeudela, eta Amedoren aginduetara jardun zutela. Beste horrenbeste gertatu zen Marey gatibu zegoela torturatu zuten poliziekin, harik eta onartu behar izan zuten arte gizajo hark ezin zuela ETArekin inolako zerikusirik izan.
Amedok sobran daki Segundo Marey ez zela, inolaz ere, beraiek uste zuten ETAko diru-arduraduna eta horregatik libratu zela. Izan ere, Marey «ETAko diruzaina» izan balitz, kare bizian lurperatuta bukatuko baitzukeen, Lasa eta Zabalak bezala.
Ostolazak eta Larretxeak ere antzeko amaiera izango zuketen bahiketak burutu izan balituzte. Dudarik gabe, tortura saio amaigabea zuten zain, zekiten, susmatzen edo imajinatzen zuten guztia kantatu arte. Eta amaierarik gabeko kalbario haren ondoren, zeinean heriotzari haiek erreskatatzera etor zedin erregutuko baitzioten, hilobi urrun batean bukatuko zuten, kare biziz estalita.
Bitartean, Amedok dakienaren zati txiki bat besterik ez du azaldu. Gezurrez josia, gainera. Beti neurtu izan du zer kontatu eta zer gorde… kontatu behar ez zituenek ihes egin diotenean salbu.
Ahohandi horri egia osoak noizbait ihes egingo ahal dio!