Amazonia, azken abagunea

2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun

Brasilgo hauteskundeen bigarren itzulia den honetan, egoki dirudi gaurko bozketaren emaitzek nazioarteari zer-nolako eraginak ekar diezazkioketen hausnartzea. Munduko oihan tropikalik garrantzitsuenaren azalera handiena bertan egonik, ez da zalantzarik Amazoniaren etorkizuna dela nazioarteko intereseko afera nagusia. Hortaz, zer ekar dezake Lula ala Bolsonaro aginterat heltzeak? Gibelerat begira dezagun, perspektiba hartzeko.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Ministerioari loturiko INPE Espazio Ikerketen Institutu Nazionalak 1988tik satelite bidez kontrolatzen du deforestazioaren bilakaera Amazonian, politika publikoen garapenerako datuak eskainiz. Horren arabera, Lularen agintaldiaren lehen bi urteetan deforestazioak ordurako zeraman goranzko mugimenduari eutsi zion: 2003an 25.396 km2 oihan suntsitu ziren eta 2004an 27.772 km2 (Euskal Herriak 20.664 km2 ditu, atera kontu!). Alta, 2005etik aitzinera joera erabat alderantzikatu zen, urte hartan galduriko 19.014 km2-tik Lularen gobernuaren azken urtean 7.000 km2-rat pasatu baitzen. Dilma Rousseff bere oinordeko politikoarekin behea jo zen 2012an, suntsitutako 4.571 km2-rekin. Beraz, Lularen bi agintaldien buruan Amazoniaren deforestazioa %72 txikitu zen, ingurumenaren kontserbazioaren aldeko politika sendo baten ondorioz. Brasil aldaketa klimatikoaren kontrako borrokan engaiatu zen, nazioarteko foroetan aktiboki parte hartuz eta erregio-lidergoa eraikiz.

Arras bertzelakoa izan da egoera Dilma Rousseffen aurkako lawfare-aren ostean. Michel Temerren gobernuan suntsituriko azalera berriz emendatzen hasi zen eta 2019tik goiti egoera azkar okertu zen: Bolsonaroren agintaldiko lehen urte hartan 10.129 km2 txikitu ziren, 2020an 10.851 km2 eta iaz 13.038 km2, hots, azken hiru urteetan Amazoniako deforestazioa %73 igo da. Baina horretaz gain, bertze bioma batzuek kalte handiak jasan dituzte: erraterako, erreketek pantanalaren %30 erraustu zuten. Bolsonarok berreskuratu zuen diktadura militarrek Amazoniaz zuten ikusmoldea, zeinaren arabera horren gaineko kudeaketak bakar-bakarrik Brasilgo interes nazionalari erantzun behar dion. Interes hori Amazonia «zibilizatzea» eta «garatzea» omen da, hots, agronegoziorako belardiak hedatzea, jarduera estraktibistak bultzatzea eta «oztopo» diren herri indigenak sarraskitzea.

Bolsonaroren gobernua ingurumena zaintzea eta herri indigenak babestea xedea duten erakunde autonomo federalak (IBAMA, ICM-Bio, FUNAI) baliabidez husten joan da, Amazoniaren Funtsa kritikoki ahuldu du eta jarduera ilegalen gaineko kontrola murriztu du, permisibitate itzelez. Are okerrago, izatezko errealitate hori legezko bilakatzeko zorian da. Izan ere, egunotan hondamendiaren paketea deituriko lege-proiektu multzo baten izapidea azkartzen ari dira Bolsonaroren aliatuak Kongresuan, hauteskundeen ondoriozko balizko aldaketei aurrea hartzeko. Lege-proiektu horien artean, adibidez, produktu agrotoxikoen liberalizazioa eta lur publikoen okupazioaren legeztatzea daude.

Bi hautagaien ibilbideak aintzat harturik, argi da haien ingurumen politikak zeharo ezberdinak direla. Horri gehitzen badiogu gaiak duen garrantzia (Amazonia Brasilgo lurraldearen %61 da), espero izatekoa zen hauteskunde-kanpainan nabarmentzea; baina, kontrara, guztiz bazterrekoa izan da. Bolsonarok Amazonia ekonomikoki ustiatzeko «askatasuna» defendatzen du bere hauteskunde-programan, baina kanpainan zehar ia ez du Amazonia hitza aipatu, ezta erregioa bisitatu duenean ere ez. Alta, horrek ez dio kalte egin, zeren eta lehen itzuliko emaitzak azterturik, bere aldeko botoen eta deforestazio tasaren artean harreman zuzena dagoela ikusten baita. Aldiz, Lulak «Amazonia oraingo gobernua gauzatzen ari den hondamenditik babestea premiazkoa» dela jasotzen du programan, eta aferaz zertxobait gehiago aritu bada ere, eskas izan zaie babesa eman dieten ingurumen-ekintzaileei. Segur aski ikusgarritasun falta horren arrazoia kanpaina demokraziaren defentsaren inguruan jorratu izanean datza, baina horrek ez du justifikatzen mundu mailako inpaktua duen afera ezin garrantzitsuago hau bazter utzi izana. Horiek horrela, agerikoa da Bolsonaroren garaipena heriotza-zigorra litzatekeela Amazoniarendako: txikizio espiraletik ateratzen hasteko aukera bakarra Lulak irabaztea da. Nahitaezko baldintza da hori, baina ez da inondik ere nahikoa. Zergatik ez?

Lehenik, lehen itzulian Lularen hautagaitza sostengatu zuten alderdiak askotarikoak izan badira (ezkerretik zentro-eskuinerakoak, ekosozialistak, desarrollistak), are anitzagoa delako bigarren itzuliari begira haren alde egin dutenen multzoa. Izan ere, kinka honetan fronte demokratiko moduko larrialdi sarea osatu da. Nehork ez daki, baina, gerora nolako harremanak garatuko dituzten gai ezberdinei eta, zehazkiago, ingurumenari buruz.

Bigarrenik, irabazita ere, Lulak gobernagarritasun arazo ugariri buru egin behar izanen dielako. Presidentea aukeratzeaz gain, hauteskunde-ziklo honetan estatu federatuetako gobernadoreak, senatariak, diputatu federalak eta estatu diputatuak ere hautatu behar dira. Lehen itzuliko emaitzak ikusirik, Bolsonaroren PL Alderdi Liberalak talde handienak izanen ditu Kongresuan zein Senatuan, oraingo ordezkaritza handituz. Kongresuan Lularen PT Langileen Alderdiak osatzen duen federazioak (Itxaropeneko Brasil Federazioa) bigarren talde handiena izanen du, baina zatiketa handiko ganbara honetako talde txikiago ainitz Bolsonaroren aliatuak dira. Kasurik hoberenean, centrao delako taldea osatzen duten alderdi zentrista eta klientelisten babesa jaso lezake Lulak, horiek beti gobernuaren alde baitira, edozein dela ere. Are konplikatuagoa da egoera Senatuan, hor PT bosgarren taldea izanen baita, aliantzetarako marjina txikiarekin. Gainera, bigarren itzuliko emaitzen zain, momentuz ez dirudi estatu federatu nagusietako gobernadoreak alde izanen dituenik. Gauzak horrela, Planaltoko jauregirat iritsiz gero, Lulak adostasunetara heltzeko duen gaitasun osoa erabili behar izanen du efektiboki gobernatu ahal izateko, polarizazio sakoneko testuinguruan.

Azkenik, Lulak irabaztea ez da aski, nazioarteko politika garai nahasi eta aldakorrean murgilduta dagoelako, eta horrek zailtzen du trantsizio ekologikoa egiteko erdietsi beharreko mundu mailako adostasunak eraikitzea. Ondorioz, ez da seguru nazioartetik Amazonia aktiboki babesteko etor litezkeen pizgarriak etorriko direnik, edo, etorrita ere, eragile nazional zalantzatiak konbentzitzeko aski izanen direnik.

Laburbildurik, Brasilgo hauteskunde hauek erabakigarriak izanen dira planetaren osasunerako. Itzulerarik gabeko puntutik hurbil dago Amazonia. Bolsonaroren garaipenak amildegirat bulkatuko du ezinbestean; Lularena, zailtasunak zailtasun, hondamendia saihesteko azken abagunea izan daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.