Amazonen aurrean, bertako komertzioaren alde

2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ez dut inoiz erosi Amazonen bidez, baina nireasalbuespena dela sinisten hasia nago. Dagoeneko, Amazon zeharo zabalduta baitago gure herrialdean ere. Plataforma digital honen hedatze-prozesua izugarria izan da. 1994an jaioa, 2011rako 56.000 langile zituen mundu guztian. 2020an, berriz, 1.300.000 langile, eta ia 400.000 milioi dolarreko diru-sarrerak. Estatu espainiarrean 30en bat zentro ditu eta aurten Gipuzkoan lehena ireki nahian dabil, Oiartzunen hain zuzen.

Eztabaida eta ika-mika bizia sortu ditu berri horrek. Honetaz baliatu dira batzuk Oiartzunen alkatetza duen EH Bilduren aurka egiteko. Sorpresa handirik ez alde horretatik. Non irekiko den jakitea nahikoa izan dute. Baina gauzak, beti bezala, ez dira hain sinpleak. Goazen, alderdikeriak alde batera utziz, serio hitz egitera.

Salmenta mota honek bertako komertzioari kalte egiten diola garbi dago. Krisi ekonomikoek txikienei gehiago eragiten dietela, azalera handiko merkatalguneek konpetentzia gaindiezina egiten dietela, urte luzeetan egindako politikek gune handiei (multinazionalak, frankiziak...) mesede egin dietela, enpresa hauek ingurumenari kalte handia egiten diotela edo bere langileak egoera prekarioan lan egiten dutela bezainbeste.

Alderantziz, bertako komertzioak abantaila nabarmenak ditu gure auzo eta herrientzat: ekonomia, kultura, jendarte-kohesio eta sozializatzearen ikuspuntutik, segurtasun aldetik... Herri-bizitza sortu eta mantentzeko ezinbestekoak dira. Horregatik da hain inportantea hauek bultzatzea eta babestea: elkarteak sustatu, bertan erosteko kanpainak egin, sektoreko ordezkariekin plan bereziak adostu... Eta horrela egin du EH Bilduk herri guztietan, Oiartzunen ere bai, noski, modu eredugarrian.

Eta egin eta egiten du Batzar Nagusietan eta Legebiltzarrean ere. Besteak beste, sektorearekin adostuz atera zen aurrera Merkataritza establezimendu handien lurralde antolamenduari buruzko 10/2019 legea, erkidegoan azalera handiko gune gehiago ez ireki edo ez handitzeko helburuarekin. Edo egin berri diren bi proposamenak: zerga berezia ezartzea merkatalguneei, dituzten metro karratuen arabera ordainaraziko duena; eta plataforma digital erraldoientzako neurri fiskalak aztertzea, gaur egun ingeniaritza fiskalaren bitartez ez dutelako apenas ordaintzen.

Oiartzun aukeratu du Amazonek bilgune eta banaketa zentroa irekitzeko. Ez denda. Jakinda eremu horrek aktibitate logistikoentzako kalifikazio urbanistikoa duela, aurretik ere aktibitate bereko enpresa bat baitzegoen han. Oiartzungo Udalak ondo azaldu du horrek zer esan nahi duen: baimena ukatzea oso zaila izatea.

Zer egin orduan? Ba egiten ari garena: aukera guztiak aztertu. Herritarrekin, eragileekin eta sektorearekin egon. Informazioa eman. Adostasunak bilatu eta lortu. Bertako komertzioaren aldeko ekimenak indartu.

Amazon dagoeneko errealitatea da Euskal Herrian eta Gipuzkoan, salmenta-datuak hor daude. Batzuek hainbeste goraipatutako globalizazioaren ondorio zuzena. Guk garbi daukagu kontsumo eta merkataritza ohiturak direla aldatu beharrekoak. Horretan gabiltza gure eragin eremuetatik. Oraingoa saihestea ezinezkoa suertatzen bada ere, ez du esan nahi ahaleginak egiten ari ez garenik eta egingo ez direnik. Ez gaituzte harrapatuko horrelakoak errazten eta bultzatzen.

Hemen ere zintzotasuna eskatuko nuke. Benetan bertako komertzioari lagundu nahi badiogu goazen alderdikeriak alboratzera eta, dendariekin elkarlanean, egungo desoreka gainditzeko neurri eraginkorrak adostu eta praktikan jartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.