Gema Lasarte.

Amatasuna, feminismoen gainditu gabeko ikasgaia?

2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Amatasunari buruzko eztabaida piztu da urte honetan feminismoarekin lotutako hainbat jardunalditan. Horren harira datoz datozen lerroak.

Lehenik eta behin iruditzen zait amatasunak askea izan behar duela. Baina hau ez dela egia. Honekin esan nahi dudana da oraindik orain legeetan eta genero formakuntzan aurrerapauso nabarmenak egin baditugu ere, mundu zabaleko leku gehienetan ez dela hala. Baina urrutira joan gabe, gurean oraindik falta da amatasun nahi gabeko batek dakarren noraeza edota abortu batek ekar litzakeen ondorioen inguruko hausnarketa. Ezkertiarrok argi daukagu norbanakoek gure gorputzaren jabe izan behar dugula eta harekin nahi duguna egin genezakeela. Hori horrela da eta hala izan behar du gainera, baina gaztaroan gai hauen inguruan informazio gehiago behar da eta eskuragarriago egon behar du nahi gabeko amatasunak ekiditeko.

Bigarrenik, abortatzeko eskubidea dago eta asko abortatzen da munduan; leku gutxitan legeen anparoan eta gehienetan legeetatik at, modu ilegalean. Eta puntu honetan ere iruditzen zait ezjakintasun handia dagoela. Abortatzea, ama izatea bezala, erabaki handia da; izan ere, bizitza guztirako egiten da. Eta gorputzaren eta zure kontzientziaren oso jabe izanda ere, bizitzaren joanean galdera asko sortzen dira. Iruditzen zait feminismotik abortatzearen inguruan gehiago sakondu beharko litzatekeela eta lagundu beharko litzatekeela abortatzera doan emakumea; erabaki honen atzean, askatasun aldarri bat ez ezik zerbait gehiago dagoelako, edota hala bizi izan dut nik behintzat, eta faltan bota dut feminismoen affidamento-a —diferentziaren feminismoak sorturiko italiar terminoa,«elkarren memoria izateari» erreferentzia egitendiona—. Honekin esan nahi dut antisorgailuen, abortatzeko eskubideen nahiz abortatu ostean sortzen diren gogoeten inguruan gehiago hitz egin eta formatu behar dela feminismotik. Ematen du dena esana eta egina dagoela eta ez zait iruditzen. Amatasuna puntu honetan gehiago xehatu beharko litzateke. Eta ez naiz ari inondik ere jaio gabe geratzen diren ume horiek duten bizitza eskubideaz; horietaz eskuinak hitz egiten du emakumeon borrokak deslegitimatzeko.

Hain zuzen ere, ume horiez hitz egingo dut hurrengo lerroetan eta bidenabar eskuinari arreta beste nonbait jartzeko eskatu. Izan ere, amatasun eta aitatasun nahi gabekoek ondorio larriak dituzte eurentzat, euren seme-alabentzat eta jendartearentzat oro har. Badago zer egina eta zer konpondua. Hartara, nire amatasun esperientziaren inguruan hitz egiten dudanean ifrentzuaren alde batean abortuak kokatzen ditut; bestaldean, nahi gabe edota oso baldintza txarretan gertatu diren amatasun horiek edota jaiotzak. Hortaz, azken urteotan trauma goiztiarra duten umeen fenomenoa ikertzen ari naiz/gara. Trauma hauek abandonu, indarkeria eta familia disfuntzioen ondorioz sortzen dira. Gure inguruan ume asko ditugu trauma goiztiarra bizi dutenak edota ingelesez adverse childhood experiences bezala izenpetu direnak. Kontzeptu hau 1998an Felittik eta bere kolaboratzaileek eginiko estreinako ikerketa bati zor diogu. Estatu Batuetan eginiko ikerketa horren laginaren %60k trauma goiztiarrak bizi izan zituela baieztatu zuten. Oso zenbaki adierazgarria eta esanguratsua.

Amatasun aukerak askea izan behar du; baina zer egin abandonatzen, indarkeria bizitzen edota disfuntzioak bizi dituzten ume eta amatasun horiekin? Argi dago erakundeek amatasunean, aitatasunean, hitz batean, zaintzan, lagundu behar dutela. Izan ere, ume horiek jaio dira. Hor daude. Gurekin bizi dira.

Erakundeek egoera horien aurrean politika argiak behar dituzte amatasun egoera horiek edo familia horiek laguntzeko; eskoletan behar diren politikak eta curriculumak adosteko eta jendartean horrekiko kontzientzia sustatzeko. Mundu zabalean gero eta Jocker gehiago jaiotzen ari zaizkigu. Pobreziak sortuak? Emigrazioak eraginak? Edota mundu ezberdinen bizi ohitura eta abiadura ezberdinen talkek probokatuak? Nola ikusten ditugu Jocker hauek? Galdera horiek eta gehiago adopziozko ama naizen honetatik eta trauma egoerek sortzen dituzten ezintasun ondorio guztietatik egiten ditut, etxean Jocker txiki batekin bizitzetik. Eta erantzunak baino gehiago galderak ditut, zin dagizuet.

Amatasunaren bi muturrak lokarri berean lotzen dituena da nire amatasun bizitza, baina halere, bada bi korapilo horien artean sokaren eremu luze bat amatasun normatiboekin konpartitzen dudana. Gure erakundeek, kulturek, ez dute amatasuna bultzatzen. Emakumeon gainean zamatu dute. Amatasunak berekin dituen, lehen aipaturiko muturreko erabakiez gain, egunerokoan emakumeoi tokatu zaigu amatasuna eta lanbidearen arteko oreka mantentzea. Gehienetan amatasunaren alde egiten dugu umeak zaintzeko eta maitatzeko ekartzen baitira. Oraindik orain eta gero eta gehiago emakumeok lan munduan gizonezkoen parean jartzen ari gara. Horrek esan nahi du gizonezkoak etxeko eginkizunetan eta zaintzan emakumeon parean jartzen ari direla? Ezetzean nago. Berriro diot, iruditzen zait feminismoak gehiago bultzatu beharko lukeela amatasuna askeago bizitzeko modua.

Amatasunaren inguruan askoz gehiago hausnartu behar da eta gizarteak armadak heriotzaren bidez mundua salbatzeko onartzen dituen bezala, amatasun politikak babestu beharko lituzke bizitza eta ongi izatea bermatzeko. Esan nahi da moduak jarri beharko liratekeela emakumeek amak izateko eta bere bizitza profesionalean nahiz sozialean aurrera egiteko. Hau da, garai batekoetxeko aingeru guardakotik gaurko superwoman-era eginiko jauzia leuntzeko. Ezin delako ama izan, lanean nortasuna garatu, umeak maitatu eta gainera, bizitza soziala eta politikoa nahiz kulturala egin. Ezinezkoa da. Ezin liteke.

Amatasuna esango nuke feminismoaren gainditu gabeko ikasgaia dela, eta askoz ere gehiago sakondu behar dela. Emakume bakoitza modu ezberdinean zeharkatzen du amatasunak, ordea, eta horrek ez du samurtzen berez zaila den afera. Halere, feminismoak askotarikoak dira, amatasunak bezalaxe, eta honek ez luke zailtasun motibo izan behar, borroka arrazoi baizik. Hala bedi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.