Eliz egutegiaren bidez kontaketa egiteko monopolioa galduzenetik, urteko egun bakoitza da santu batena ez den beste zerbaiten eguna: langileena, euskararena, emakumeena, aitarena eta abar.
Antzeko gertatzen da urtearekin. Lehia komunikatibo gogorra jokatzen da zeren urte bezala ezagutuko den adibidez 2022a. Proposamenak ugari izango dira zalantzarik gabe, baina gutxik izango dute euskalnafarren oroimen eta sinbologian Amaiurrek adinako indarra.
Amaiurren aldean, hitz gutxik izango dute bere baitan euskaltasun eta nafartasun sentimenduak batera biltzeko gaitasuna; alegia, euskalnafarren irudi sinbolikoren batasuna irudikatzeko indarra. Hona hemen adibide batzuk:
Amaiur izena. Antzinako izena izan arren, edo behar bada horregatik, adiera asko hartu ditu. Amaiur, Ama Lur-etik dator? Amaia + ura batuketatik? Kontua da izen hori gureganaino iritsi dela eta ohikoa bihurtu dela. Gainera, legediak seme-alabei izena jartzeko malgutasuna onartu zuenetik, ez dira gutxi jaio berriak izendatzeko Amaiur aukeratzen dutenak. Seaskaren egutegian, berriz, uztailaren 19an da Amaiur.
Amaiur herria. Amaiur Baztan haraneko herri bat da. Denboran galtzen den garaitik dugu haren berri. Erdi Aroan, gaztelu bat eraiki zuten. Haren zeregina Iruñetik Garazira eta gero Baionara zihoazen merkatariei zerga kobratzea zen. Gipuzkoatik ere zenbait garaitan bide hori aukeratzen zuten merkatariek Pirinioak zeharkatzeko, kostaldeko igarobidea baino seguruagoa zelakoan.
Amaiur oroimen lekua. Euskalnafar askok, gehienok, badugu Amaiur izenaren entzuna. Arrazoi asko daude horretarako, jakina. Euskalnafarrontzat, Amaiur oroimen leku bat da: materiala eta ez-materiala. Pierre Nora paristarrak finkatu zuen Les lieux de mémoire kontzeptua: «Giza borondateagatik edo denboraren obragatik delako komunitate baten oroimenezko ondarea bihurtu den edozein elementu sinboliko esanguratsu, material edo ez-materiala».
Amaiur gaztelua. Nafarroaren konkistaren testuinguruan, 1512an, gaztelar-aragoiarrek gaztelua okupatu egin zuten. 1521eko urriaren 12an, bertan gotortutako gaztelarrek amore eman zuten euskalnafar legitimisten aurrean. Bederatzi hilabete geroago, Karlos V.aren indar inperialak, kontraerasoan, setioa jarri zion gazteluari. Erasotzaileak 7.000 gerlari ziren, erresistentzia egin zietenak apenas 200 lagun. Erresistentzia alferrikakoa zen, indarren arteko aldea handiegia baitzen. Uztailaren 19an, errenditu ziren Mirandako kondearen soldaduen aurrean. Konkistatzaileek gaztelua zartarazi zuten. Galdua zirudien, baina aztarnak eta oroimena bizirik geratu ziren.
Amaiurko erresistentzia. Amaiur erresistentziaren ikurra da, euskalnafarrek aurre egin baitzuten bizia galdu arte, bereziki, gaztelar-espainol edo frantses izan nahi ez zutelako. Bazekiten berrehun lagunek gazteluari eustea ezinezkoa zela. Hala ere, tinko eutsi zioten. Ekimen epikoa izan zen. Inbaditzaileen aurrean herria defendatzeko erabaki sendoa, benetakoa.
Amaiurko oroitarria. 1922ko ekainaren 30ean, Amaiurko gaztelua zegoen tokian, haren aztarnen gainean, oroitarri edo monolito bat inauguratu zuten (aurten, 2022an, 100. urteurrena izango da). Lau armarri ditu, bana lauki alde banatan: Amaiurko herriarena, Araba-Gipuzkoa-Bizkaiarena, Nafarroa osokoa eta sei merindadeena. Zoritxarrez, monumentua 1931ko uztailaren 26tik 27rako gauean dinamitaz suntsitu zuten. Garai hartan, Lizarrako Estatutuaren proposamena eztabaidatzen ari ziren Hego Euskal Herriko udaletan. Oroitarria berreraiki egin zuten eta berriro inauguratu, 1982ko urriaren 10ean. Amaiurko Udalaren ekimenak, Nafarroa Garaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundien laguntzaz gain, Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuen.
Amaiur kanta. 1930eko hamarkadan, Lauaxeta poeta bizkaitarrak olerki bat ondu zuen gertaera haiek munduan zabaltzeko: Amayur, gaztelu baltza. Gero, 1978an, Antton Valverdek musikatu eta kanta bilakatu zuen:
Amayur gaztelu baltz ori
-berreun gudari oso sumin-
zaintzen zaituben zaldun onak.
Amaiur XX. eta XXI. mendeetan. Espainiako Bigarren Errepublikaren alde Amayur gudarostea antolatu zen. ramonrubial.com/batallon.asp webgunearen arabera, 1522an, Amaiur edo Mayan gertatutako balentriaren oroimenez EAJk sortua; 1931n, EAJren eskutik Iruñean sortutako Amayur astekaria, euskaraz eta gaztelaniaz, Nafarroa osoan zabaltzen zen; Francoren Espainiako diktadurari aurre egiteko, ETAko hiru komandok gutxienez Amaiur izena hartu zuten. 2011ko azaroaren 20an, Franco hil zela 36. urteurrenean, Madrileko hauteskundeetara aurkezteko Bildu eta Aralarren koalizioak Amaiur izena erabili zuen.
Amaiurren aurkakoak ere ugari izan dira historian zehar. Lehenengoa, 1512an, Nafarroa Garaia militarki okupatu eta bortxaz Gaztelari atxiki zutenean. Azken-aurrekoa, 1922an, Victor Pradera nazionalista espainolak Amaiurren defendatzaileei buruz «euren aberriari traizioa (?)» egin ziotela esan ondoren, 1931n, monumentua dinamitatu zutenean.
2022an, konkista lazgarri haien testuinguruan, gertatutakoetatik bostehun urte pasa direnean, eta ehun urte gazteluan oroitarria jarri zutenetik, aurtengoa Amaiurren urtea izatea proposatzen diegu euskalnafar guztiei. Gure egiten dugu harrian zizelkatu zutena: «Napar askatasunaren alde Amayurko echarrian» borroka egin zutenei, betiko argia.
Amaiur oroimenean: izena, herria, memoria, gaztelua, kanta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu