Amaitu dezagun eraikuntzako gaitz endemikoa

Alberto Cristobal
2014ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Eraikuntza sektoreak muturreko egoera larria bizi duela gauza jakina da. Krisiaren eraginaz harago, sektoreak izan duen eboluzioa esaldi batean laburtu daiteke: herrialdeko hitzarmena zuten langileak hitzarmen hori aplikatzen ez zaien langileekin ordezkatuak izan dira. Hitzarmenaren inaplikazioa, obra publikoan zein pribatuan, gaitz endemiko bilakatu da sektorean.

Bilakaera horretan eragin erabakigarria izan du sektorean izaten den azpikontratazio masiboak. Istripuak gertatzea errazten du eta prekaritatea zabaldu; zenbait enpresa euren plantilak kaleratzen ari dira, lana azpikontratatu eta irabaziak handitzeko, horrekin sektorean langabezia handituko bada ere. Eraikuntzan azpikontratazio masiboak prekaritatea, langabezia eta heriotza dakar. Zoritxarreko adibide gehiegi ditugu: AHTaren lanetan heriotza istripuak, unibertsitateko lanetan gertatutakoa, eta abar.

Egoera honetan, sindikatuok eskura dugun tresna enpresak Lan Ikuskaritzaren aurrean salatzea da, baina ez da nahikoa arazoa amaitzeko. Ikuskaritzaren jarduera motela da. Salaketa guztiei erantzuteko behar adina bitarteko ez dutela diote, eta egia da, ez baitago borondate politikorik baliabide horiek ziurtatzeko. Borondatea izan da, ordea, AHTaren obretako segurtasunean 32 milioi euro xahutzeko azken urteetan. Borondate politikoa dagoen tokian dirua eta bitartekoak daude, argi dago.

Duela ez horrenbeste, Larraitz Ugartek, Gipuzkoako Mugikortasun eta Azpiegituren Diputatuak, ezagutzera eman zuen UTE Lapatzari ezarritako isuna, joan den irailaren 18an Deskargan izandako heriotza istripuagatik. Foru Arauaren aplikazioaren arabera, herrialdeko hitzarmena eta laneko segurtasun neurriak aplikatzeko ardura ez da soilik azpikontratatutako enpresarena, UTE kontratatzailearena ere bada erantzukizuna. Isuna handiegia ala txikiegia den eztabaidagarria izan daiteke, baina eztabaida horretan geratzen dena Foru Arauaren benetako helburua zuzen ulertzetik urrun dago.

Foru Arauaren xedea ez da isunei begirakoa, nahiz eta hori gaur albiste izan. Gipuzkoako Foru Aldundiak kontratatutako obra publikoan herrialdeko hitzarmenak ezarritako lan baldintzak aplikatuz lan egitea da helburua, soldata jaitsierarik gabe, lanaldi igoerarik gabe, atsedena errespetatuz, intrusismorik gabe, konpetentzia desleialetatik salbu. Finean, Foru Arauak herrialdeko hitzarmenaren aplikazioan oinarritzen den kontratazio ereduaren aldeko apustua egiten du.

LABek aurrea hartu du, eta ekimena abiatu Zorrotzaurreko obretan —Deustuko kanala— hitzarmenaren aplikazioa bermatzeko neurriak har daitezen, Udalak ez baitu zentzu honetan inolako klausularik sartu esleipen pleguetan. PNVren eta PPren aurkako jarrerarekin egin dugu topo, azpikontratazio merkea balioesten dutenak, esleipenean Udalarentzat aurrezteko moduak lehenetsiz, langileen gain utziz ezbeharrak, prekaritatea eta lan baldintzen galera.

Jokamolde horien atzean erantzukizunak daude: klase enpresariala inpunitate osoz ari da legea urratzen, eta zenbait instituzio publikok ez ikusiarena egiten dute. Gizarteak barneratu du sektorean arazo nagusienetako bat enpresariek herrialdeko hitzarmena ez errespetatzeak eragiten duela, azpikontratazio izanik hitzarmena ez betetzeko tresna nagusia.

Badira instituzio publikoak euren obretan herrialdeko hitzarmena betetzearen alde dihardutenak; aldiz, guztiz onartezina da oraindik ere erakunde publiko zenbaitek enpresariei babesa eta erraztasun guztiak ematea langileen lan baldintzak ebatsiz aberasten jarraitzeko.

Alderdi politiko batzuek obra publikoak kudeatzerakoan sektoreak dituen arazoei ez ikusiarena egiten diete. Hortik abiatu behar da konponbidea, eremu politikoan jarrera aldaketa batetik, herritarrekiko ardurak barneratzetik, enpresarien aberastea babesteari utziz. Kontrako adibideak ere baditugu, bide zuzenean hartutako erabakienak alegia: Donostiako Udalak etxebizitzen fatxadak berritzeko ematen dituen diru laguntzak lan hori egingo duen enpresak hitzarmena betetzen duela ziurtatzera baldintzatu izana, kasu.

Indarrean den sistemak langileontzat eskaintza bat eta bakarra du: lan prekaritatea eta heriotza. Hori irauliko badugu, bermeak behar ditugu, eremu politikoan zein instituzionalarenak, enplegu eredu hori irmotasunez zigortzeko, obra pribatu zein publikoan.

Irailean LABek kanpaina abiatuko du errealitate hau salatzeko, eta ekimen berriak jarriko ditugu martxan eraikuntzako langileei alternatibak eskaintzeko, posible baita eta premiazkoa ere bai.

Ekin diezaiogun kementsu, egoerari buelta ematen hasteko momentua dugu eta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.