Bingen Zupiria Gorostidi.

Amaieraren orduan

2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
ETAk azken agurra eman dio bere buruari Iparraldean, jaiotzen eta irauten lagundu zion euskal lurraldean, eta haren lekuko politikoa hartu du bere oinordeak, Ezker Abertzaleak.

Honela, bere sortzaileek inoiz pentsatu gabeko moduan bukatzen du hirurogei urteko ibilbide odoltsua parterik handienean Francoren diktadura formalki amaitu ondoren gertatutakoa Euskadi estatu independente eta sozialista bihurtu nahi zuen talde iraultzaileak. Besteok ere, mundu horretakoak ez garenok, amaiera ematen diogu Euskadi proiektu politiko bezala eraikitzeko bidean euskal lurraldeetako emakume eta gizonok izan dugun frakasorik handienari. Eta ez gara begirale soil, ez gara behin ere izan, gure bizitzen zati handi bat sugeak eta aizkorak irudikatu duten munstro horren gerizpeari ihes egin ezinik bizi behar izan baitugu.

Gure porrot hori ETAren sorrera eta bizitza osoari dagokio. Nik hala bizi dut behintzat, geure porrot bat bezala. Frakaso horrek gure historia politiko laburrak sufritu duen legitimitate talkari eragiten dio lehen-lehenik. ETAren sorrerak, eta 1968tik aurrera bere helburu politikoak lortzeko indarkeria erabiltzeko erabakiak, auzitan ipini zuten euskaldunon legitimitate demokratikoa, lehen momentutik beretik.

Gutxi hitz egin da honetaz, baina azpimarratu beharko genuke ETAren sorrera bera izan zela euskal gizarteari erakutsitako errespetu faltaren lehen adierazpena. Gauzak aldarazi nahi zituzten gazte haiek bizkarra eman zioten gerra aurreko legitimitate demokratikoa ordezkatzen zuen erakunde bakarrari, atzerrian nekez bizirauten zuen Agirre, Leizaola, Landaburu, Iglesias eta abarren Eusko Jaurlaritzari, haren legitimotasuna ukatuta. Eta inork eman ez zien herriaren ordezkotza beren bizkar gainean hartu zuten. Gure zaharrek, gerra galdu izanaren porrotari ETAren sorreraren frakasoa erantsi behar izan zioten.

Legitimitateari lotutako porrot horrek harrezkero atal berriak izan zituen erabaki ausartak hartu behar izan ziren aukera guztietan: Xibertan, 1977ko hauteskundeetan, euskal erakunde autonomikoak sortu zirenean eta, gerora, euskal gizartearen ordezkari legitimoek ETAri bere bidea alda zezala eskatu zioten guztietan. Horrela izan da beti, hirurogei urtez, egunotan kanpotik etorritako ordezkariengandik babesa jaso nahirik beren bidea amaitutzat ematea erabaki duten arte. Jakina, euskal erakunde legitimoei herritarrengandik datorkien ordezkaritza bidezko eta demokratikoa azken momentura arte aintzat hartu gabe.

Porrot sentsazio honek badu gizarteari lotutako alde bat. Izan ere, ETAren indarkeria izan baita pentsamendu ezberdineko herritarren artean eraiki nahi genuen espazio politiko demokratiko berriak izan duen galgarik handienetako bat, gizon eta emakume askok elkarrekin bizitzeko izan duten hesi nagusia. Eta zinez aitortzen dut askok eta askok geure porrot modura bizi izan dugula.

Gerran ibilitako gudarien seme-alaba ginen asko eta asko; Gernika zer izan zen ezagututakoak hainbat. Baina gudari zahar haien hitzetan, eta atzerrian geratu ziren erakundeetako ordezkarienetan ere, ez zegoen herrarik edo gorrotorik; ezta mendekua eskatzen zuen jarrerarik ere. Nondik orduan ETAko gazte haiek indarkeria justifikatzeko sen hori? Ez dut uste Gernikatik zetorkienik, beste nonbaitetik baino. Baina honetan ere porrota, ez baitzuten jakin gure zaharrek, ezta gazteagook ere, joera eta jokabide iraultzaile haiei aurre egiten. Elkarrekin bizitzeko eta elkarrekin proiektu ireki bat eraikitzeko aukerak hankamotz geratu ziren beraz, batez ere 1977tik aurrera ETAk bere bide suntsitzaileari jarraitzea erabaki zuenez geroztik.

Asko dira porrot sentipena eragin dezaketen kontuak, legitimitatearen eta giza eskubideen errespetuan elkarrekin bizitzea ezinezko egin dutenez haratago. Horietako bat gure azken ehun urteen kontakizuna aurkezteko daukagun ezintasuna da.

Kontatu gabe dago, eta geuk idatzi beharko genuke kontakizun hori. Ez genuke beste batzuen esku utzi beharko; ezta gure ondorengoenean ere. Geuri dagokigu, gure belaunaldiari, gure gatazka ezberdinetan nahastuta bizi izan garenoi.

Badaukagu kontakizun demokratiko bat, legitimitatea eta giza eskubideen errespetua oinarri dituena, une historiko bakoitzean gure gizartea irizpide argiz jokatzera eraman duena, aldiz aldi, zailtasunez zailtasun.

Idatz dezagun. Eraiki dezagun gure kontakizun demokratikoa, herriaren borondatean oinarritutakoa, aurrera begira, gureporrot-sentsazio ahaztu gabeen gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.