Ama hizkuntzaren nazioarteko eguna: zer egin dezake hezkuntzak?

Itziar Idiazabal Gorrotxategi
2016ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Ama, edo hobeto esan lehen hizkuntzaren nazioarteko eguna, UNESCOren 2000. urteko erabakiaz geroztik, otsailaren 21ean ospatzen da. Lehen ikasten den hizkuntzari ama hizkuntza deitu zaio ama izan delako lehen hizkuntzaren transmisioaz gehien eta zuzenen arduratu izan dena. Gaur, gizartearen aldaketa sakonak direla bitarteko, amek badituzte eginkizun garrantzitsu horretan hainbat laguntzaile edo ordezko, tartean eskola.

Tradizioz, lehen hizkuntza baino gehiago hizkuntza klasikoak, letradunak, irakastea eskatu zaio eskolari, eta, XX. mendez geroztik, estatu-hizkuntza nagusiak ezagutaraztea jarri zaio ezinbesteko betekizun. UNESCOk 1954. urtean plazaratu zuentxostenak zioen eskolan jatorrizko (vernacular) hizkuntza i(ra)katsi behar zela bereziki arrazoi psikologikoak erabiliz: «Familiaren hizkuntzak eskolan jarraipena izan behar du». Testu horretan, hain zuzen, hizkuntza gutxituak jo ziren begiz, hizkuntza horiek eskoletatik kanpo zeudelako eta, ondorioz, hizkuntza horien gainbehera nabarmena zelako. Alabaina, hizkuntza gutxituek ez dute bere estatuen hezkuntza sistemaren eskutik babes handirik jaso.

Zer egiten du gaur eskolak, eta zer egin behar luke lehen hizkuntzari dagokionez?

Eskolak, gizarte zerbitzua den heinean, badituzenbait helburu finkatuak, legez eta gizarte-adostasunez babestuak, eta gurasoen eskaerak ere gutxi edo gehiago kontuan hartzen dituztenak: gaur, gurean, euskara eta gaztelera erabiltzeko gaitasuna ziurtatzearekin batera, eleaniztun bihurtu behar dute EHko ikasle guztiek. Hori da azken urteetan gurean eta beste leku askotan ere gehien ageri den helburua eskolarentzat. Nola, ordea?

Posible ote da ikasle guztientzat euskara ziurtatzen duen eleaniztasuna, eta zeintzuk dira eskolak ezinbestean bete behar dituen baldintzak?

Gaitasunei dagokienez, badakigu, eta hainbat ikerketek argi erakusten dute, gizakiok elebidun, eta eleaniztun izateko ere gai garela, eta hala izan garela gure inguruak hala ahalbidetuz gero. Hizkuntzak ikasteko, bestalde, eskola oso baliabide indartsua dela ere ondo dakigu euskaldunok: erdara nahiz euskara ikastea lor daiteke eskolan. Hori bai, ez edonola.

Eskolak jakin behar du zein den bertara iristen diren haurrek dakarten lehen hizkuntza, beren familiatik, etxetik, gizarte testuingurutik: gaztelania, euskara, biak, atzerriko hizkuntzaren bat edo gehiago...

Cumminsen arabera, gutxienez hizkuntza bat, ez derrigorrez lehenengoa, ondo jakin/ikasi behar da elebi-eleaniztasunaren onurak jasotzeko; alegia, hizkuntza bat edozein elebakar eskolatuk bere hizkuntza dakien mailan, ahoz eta idatziz, gizarte erabilera arruntek eskatzen duten moduan ziurtatuz gero elebi-eleaniztasuna aberastea/gehitzea da.

Etxetik gaztelania dakarten ikasleek ez dute zailtasunik izango hizkuntza hori behar bezala garatzeko, nahiz eta eskolan beste hizkuntza batzuei denbora gehiago eskaini. Gizartean, hedabideetan, aukera guztiak dituzte eskura beren hizkuntza garatzeko. Eskolak ere izango du bere egitekoa, eta komeni da ongi zehaztea zertan den eginkizun hori. Euskara eta atzerriko hizkuntza izango dira ikasle horien kasuan eskolako ikasgai eta ikasbide nagusiak. Eta, jakina, Europako Kontseiluak Espainiar Estatuari emandako azken gomendioek diotena ahaztu gabe; alegia, atzerriko hizkuntzak ez du baztertu edo ordezkatu behar bertakoa.

Etxetik euskaldun direnek, euskarazko oinarri oso garrantzitsua badakarte ere eskola behar-beharrezkoa izango dute hizkuntzaren erabilpen/gaitasun egokia lortzeko. Izan ere, testuinguruak, euskaldunena izanda ere, ez baititu gaztelaniaren kasuan beste aukera eskaintzen euskara garatzeko. Atzerriko hizkuntzahobetsia, gehienetan ingelesa, ikasteko abiapuntu antzekoan izango dira ikasle guztiak, betiere, aukera handiagoarekin elebidun izanda, jakina.

Atzerritar hizkuntza batekin datozenen kasuan, etorkin jatorrikoak direlako seguruenik, beste ikasleek ez duten aberastasun hori kontuan hartua izan behar da hasteko, nahiz eta eskolan hizkuntza hori ez den eskola-hizkuntza izango. Hizkuntza eta kultur aniztasuna beti hartu behar dira kontuan, hiztunarentzat nahiz taldekideentzat altxorra baitira, zoritxarrez, ez eskolan, ez gizartean, oraindik behar beste baloratzen ez badira ere.

Eskolan, beraz, euskal eleaniztasunaren helburuak bezain argi ikasleen abiapuntua ezagutu behar da. Lehen hizkuntzak beti dira garrantzitsuak, baina, guztiak berdinak ez direnez, ez dituzte eskolarentzat eskakizun berdinak ezta ere. Nondik abiatu eta nora iritsi nahi den jakitea ezinbestekoa da, eta marko horren arabera erabaki beharko da nola zaindu eta ikertu eskolaren baliabideak, profesionalak eta didaktikoak. Hizkuntza gutxitu bat oinarri hartuta eleaniztasuna lortuko duen eskola lortzea da erronka, eta zaila da, baina alboratu ezina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.