Oi amak, jakingo bazenutezenbat dagoen zuenganzuen seme-alabakonak edo gaiztoak izatea!
Juan Luis Vivesek,XVI. mendeko idazleak, amengan jartzen zuen seme-alaben moraltasunaren erantzukizun guztia. Hau ez zen Lehen Aro Modernoko tratadisten kontzeptu esklusiboa; lau mende beranduago Pilar Primo de Rivera, Madrilen 1940. urtean ospaturiko Falangeko Emakumezkoen Ataleko IV. Kontseilu Nazionalean, han bilduta zeuden emakumeei zuzendu zitzaien ondorengo hitzekin: «Horregatik, hainbeste gaitz ikusita, ez zaigu ezkutatzen emakumeak hezterakoan Falangeak hartzen duen erantzukizun izugarria; izan ere, emakumeak dira, azken batean, hurrengo belaunaldia heziko dutenak, seme-alabak amek nahi dutena izanen baitira».
Mendeetan zehar, emakumeak heziak izan gara amatasunaren arduran. Ez da harritzekoa; gizonek tribuaren ugalketan zerikusia zutela jakin zutenetik horren kontrola, hots, sexualitate femeninoaren kontrola, izan daPatriarkatuaren helburu nagusietako bat. Beti da gomendagarria GerdaLernerren Patriarkatuaren sorrera (Katakrak) liburuaren irakurketa, are gehiago ugalketaren kontrol hori nola inposatu zen ulertzeko momentuan. Historiagile feministak azaleratzen duen moduan, jabetza pribatuaren lehen nozioa emakumeen ugalketa-lanaz jabetzearekin sortu zen.
Lehen gizakien garaian, muturreko bizi-baldintza gogorrak pairatzen zituztenean, taldearen biziraupena emakumeek ama gisa egiten zituzten lanak lehenestearen araberakoa izan zen; emakume bakoitzak haurdunaldi kopuru handi bat izan behar zuen gutxienez bi haur heldu adinera iristeko. Beraz, taldearen biziraupenerako guztiz funtsezkoa zen emakumeek beren bizitza helduaren zatirik handiena haurdunaldiei, amatasunari eta hazkuntzari eskaintzea. Ulergarria da gizonek eta emakumeek premia hori onartzea eta beren kulturetan sinesmenak, ohiturak eta balioak eraikitzea hain beharrezkoak ziren praktika horiei eusteko.
Ehizaldietan edo gerretan beren emakumeen bizitzak arriskuan jarri zituzten tribuek bizirauteko aukera gutxiago izan zutenez, orokorrean emakumeek beren ama-betebeharrekin hobeto konbina zitzaketen jarduera ekonomikoak aukeratu zituzten. Lernerrek ondorioztatzen duenez, lanaren lehen banaketa sexuala hortik dator, bi sexuen arteko desberdintasun biologikoetatik, eta ez ordea gizon eta emakumeen arteko indar edo erresistentzia ezberdintasunetatik; hau da, ugalketa-desberdintasunek eragin zituztela ezberdintasunak, zehazki, emakumeen haurrei bularra emateko ahalmenetik.
Paleolitikoko garai horietatik hona, milaka urtetan zehar, emakumeek ama gisa duten rolean doktrinatzea funtsezkoa izan da sistema patriarkala finkatzeko. Abiapuntu horretatik, ama onaren erretorika oso bat garatu da mendeetan zehar. Amaren lana haurra sortzen zen unetik hasten zela esaten zen, ugalkortasunaren pisua amari egozten zitzaion. Haurdun gelditzeko gaitasunik ez bazuen Jaungoikoaren zigorragatik izan behar zela uste zen. Gizonen kasuan, gertatzen bazen, eta hori ez zen hain ohikoa, kanpoko arrazoi batengatik gertatzen zela esaten zen. XVI. mendetik (inprentak martxan mende oso bat zeramala), ama perfektuaren ideala jasotzen zuten liburuak areagotu ziren: kristau onak, euren seme-alaben beharrak behar propioen gainetik kokatzen zituztenak, etxean gelditzen zirenak otoi egiten, sukaldatzen eta garbitzen.
Emakumeak ugaltzeko betebeharrean eta, ondorioz, ugalketa ezaren bekatuan hezteko beharrari buruz mendeetan zehar idazteaz gain (abortua bekatu handiena izan da gizarte patriarkal guztietan, eta jarraitzen du izaten), Patriarkatuak amek nola maitatu behar dugun esan digu ere. XVI. eta XVII. mendeetako moralistek, adibidez, haurrak gaizki hezitako eta gizartearentzat baliagarriak ez ziren heldu bihurtzen zituen amaren maitasun «gehiegizkoa» gaitzetsi zuten. Baina amaren maitasuna «txikiegia» bazen, orduan ama izaki desnaturalizatua bihurtzen zen, izateko arrazoirik ere ez zuena. Amak bere haurren premiak bereen gainetik jarri behar zituen —baina ez bere emazte-betebeharren gainetik—, maitasun osoz zaindu behar zituen bere seme-alabak, baina mimatu gabe; kristau onak bezala hezi behar zituen, onak, zuzenak eta sistemarako emankorrak izanen ziren helduak produzituz. Ama beti galtzaile ateratzen zen zeregin horretan, errezeptakulu huts bihurtutako izaki bat, bizitzaren sortzaile, baina bere bizitzaren jabe ez zena.
Eta, espero dut barkatuko didazuela jauzi tenporala, baina ez al da gaur egungo komunikabideetan gertatu den eta gertatzen jarraitzen den gauza bera? Rocio Carrascoren kasua, urte luzez audientziaren aurrean ama txar gisa epaitua bere seme-alabekin harremanik ez izateagatik, edo, are mediatikoagoa den Britney Spearsen kasua, bere seme-alaben eta bere buruaren tutoretzarik gabea, uste/espero dugunaren kanon arautzaile bati ez erantzuteagatik.
Maiatzaren 2an ospatzen da Amaren Eguna, bihar bertan, eta berriro amatasuna goraipatuko da eta mantra berdina errepikatuko zaigu: abnegazioa, isiltasuna, sakrifizioa. Ba nik esaten dizuet ama zareten, garen, guztioi: Oi amak! Jakingo bazenute ama gaiztoak izateko eskubidea duzuela, amatasunaren zama, betebehar eta idealetik libraturik zenbat eskertuko lizueketen zuen alabek!
Ama gaiztoak izateko eskubidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu