Altxorrak eta tresnak

2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Azken hilean Frantziako Kontseilu Konstituzionalak eta AEko Auzitegi Nagusiak lehen lerrora bueltatu dute euskararen garapenaren afera bi estatuetan. Horren aurrean, Macron presidenteak adierazi du eskualde hizkuntzak babesa merezi duten altxor nazionala direla. Museoan mantentzeko erlikiak, akaso? Badakigu museora hilabetean behin besterik ez garela joaten.

Edozein elementu sozialen osasun egoera (aldarrikapena, jarduera ekonomikoaren garapena, hizkuntza sustapena, erlijioa) gizarte zibilean eragiten duen aktibismoan eta konpromisoan neur daiteke. Euskal Herrian, inguruko beste edozein herrialdetan bezala, hala izan da. Hiri paisaien, enpresa ekimenen edota kultura eta hizkuntza pizkundeen atzean gizarte zibilaren ekimen pribatua egon da.

Ostera, badira ere gizartean adostasunak sor ditzaketen aldarrikapenak eta aldi berean honengan berebiziko grina esnatzeko gai ez direnak. Kasu horietan, aldarrikapen horien garapena instituzio publikoetan uzten da. Nolabaiteko nagikeria soziala.

Zentzu horretan, hizkuntza baten rol soziala ezin daiteke izan instituzioek artatutako altxor kulturalarena, gizarte zibilak bere eguneroko harremanetarako erabilgarria den tresna bat izatearena baizik. Eguneroko harreman horien zati handi eta nuklearra dira jarduera ekonomikoak eta profesionalak, negozioen arloa. Erregistro horietara sarrera moztuta duen hizkuntza batek zail izango du gizartean garatzea, nahiz eta administrazioaren kartel guztietan presentzia eduki. Horretan datza erabilgarritasunaren funtzioa.

Orain arteko nire ibilbide profesionala herrialde desberdinetan garatzeko aukera izan dut, tartean Euskal Herria eta Katalunia. Gogoratzen dut nola hango lan elkarrizketa batean zuzenean katalanez galdezka hasi zitzaizkidala, aurre abisurik gabe. Nire ulermen gaitasuna aztertu nahi zuten. Beste batean, ez zidaten ezer galdetu, eta lanean hasi nintzenean zuzenean hasi zitzaidan katalanez zegoen lana heltzen. Inork ez zuen ezta pentsatu ere egin lan hura hizkuntza arrazoiengatik baztertuko nuela: hori Bartzelona zen eta han lan egin nahi izatekotan bazenekien zertarako prest egon behar zinen.

Era horretan, bezeroekin hitzez eta idatziz katalanez lan egitea tokatu zitzaidan. Ordu luzeko eta hainbat pertsonako bileratan egon nintzen, katalanez osorik zirenak. Bileran presente zegoen abokaturen batek gaztelera nahiago izateak ez zuen inolako garrantzirik: bezeroek katalanez lan egin nahi zuten eta profesionalak haiei zerbitzu bat emateko zeuden. Qui paga, mana.

Katalanez egin beharreko lana ugaria zen, eta anitza: administrazio publikoen aurrean burututako tramiteak eta hauen dokumentuak, notariotzetako eskritura publikoak, mota guztietako kontratu pribatuak: merkatari eta autonomoak, enpresa txikiak, enpresa taldeak, bankuak... Osorik katalanez negoziatutako ehun milioi baino gehiagoko operazioetan parte hartu nuen. Atzerriko eta Kataluniako enpresek antolatutako negoziazio bilerak, aldi berean ingelesez eta katalanez egiten ziren. Are gehiago, Katalunia utzi eta jarraitu dut hango hizkuntzarekin kontaktua izaten. Zergatik? Hango administrazioekin harreman profesionala izan dudalako eta haiek helarazitako dokumentazio guztia katalanez zegoelako, beste aldean zegoen enpresaren jatorria edozein izanda.

Aurreko guztiak egiten du katalana enpresa eta esparru profesionaletan presente dagoen hizkuntza, Katalunian negozio proiektuak aurrera eramateko beharrezkoa den tresna. Azken buruan, baliagarria da, eta horixe da edozein hizkuntzaren lehen eta azken asmoa.

Euskarak paradigma aldaketa behar du. Mundu erreibindikatzailean, hezkuntzan eta sektore publikoan fosilizatuta geratzea ekidin. Enpresaren munduari eta sektore profesionalen munduari heldu, ekimen pribatua garatzeko medio bilakatu. Eta horretarako erabilgarria izan behar da. Enpresek jarduera ekonomikoa garatzeko euskara beharrezkoa dela sumatzen dutenean, orduan garrantzia eta lehentasuna lortuko du. Fakturatzeko euskaraz lan egitea beharrezkoa bada, orduan euskara inbertsioa izango da, inoiz ez gastua. Erabilgarria izango zaielako.

Euskaraz bizi ahal izateko, euskaraz lan egin ahal izan behar da. Eta euskaraz lan egin ahal izateko, bere erabilera lan giroan beharrezkoa izan behar da, hau da, behar bat asetzeko erabilgarria izan. Erabilgarritasunak desberdintzen baitu erlikia eta tresna. Erlikiak museo batean erakusteko dira, kanpotik itxitako espazio batean gordeta, kontrolatzeko errazak. Baina tresnak erabilgarriak dira: ateak ireki ditzakete, hormak bota edo egitura berriak eraiki. Hain zuzen ere, horixe da hainbat instantziarengan beldurra eragiten duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.