Altsasukoaren anakronia

Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ekainaren iragan 5ean aske utzi zituzten Algecirasen atxilotutako zortzi pertsonak, jaunartze ospakizun batean zegoen hainbat lagun eta inguruan zeuden guardia zibil batzuen artean gertatutako liskarra zela eta, zeinen baitan azken hauek harri, loreontzi eta beisboleko makilekin erasotuak izan ziren. Cadizeko herri horretako 4. Instrukzio Epaitegiko epaileak bermerik gabeko askatasuna ebatzi zuen zortzi atxilotuetako bostentzat eta 2.000 eurotako fidantzapekoa beste hirurentzat, desordena publikoko kasu arrunta zela iritzita. Inongo erakunde judizialak ez du zalantzan jarri tokiko epaitegiaren jurisdikzioa gertakariak ikertu eta epaitzeko.

Egun berean atxilotu zituzten lehenago, guardia zibilen ezohiko indar zabaltzearen baitan, eta espetxeratu gero Auzitegi Nazionalak 9 eta 13 urte arteko kartzelarekin zigortutako (bi urtekoarekin kasu bakar batean) Altsasuko lau gazteak. Epaitutako istiluak herriko taberna batean gertatu ziren 2016ko urriaren 15eko goizaldean. Bertan zauriak jasan zituzten, baina ez larriak, Guardia Zibileko teniente batek eta sarjentu batek, bai eta haien bikotekideek. Auziaren instrukzioa hasiera batean Iruñeko epaitegi batek landu bazuen ere, ondoren Auzitegi Nazionalera igaro zen, Auzitegi Gorenak hala ebatzita, tartean «terrorismo» kasua zegoela iritzita. Kasuaren instrukzioa landu zuen Kataluniako Gobernuko kideak espetxeratu zituen epaile berak, Guardia Zibilak kondekoratutakoak, eta epaimahaiburua gorputz bereko koronel baten emaztea izan da.

Hau guztia ETAk bortizkeria utzi eta zazpi urtera, bere desagerpena ebatzi duen urte berean. Antzeko kasuak; Estatu bera, Espainiako Erreinua; bi lurralde desberdin, Andaluzia eta Nafarroa; emaitza benetan bestelakoa.

Egunkaria auziaren harira, 2003koa beraz, zenbait juristak iritzi zion penintsulako euskal populuari Estatuarekiko gatazka politikoaren baitan ezartzen zaiola etsaiaren Zigor Kodea edo, Joaquin Jimenez magistratuaren esanetan, «eskubide eza». Arrazoiren bategatik oroimenera etorri zaigu burutazio hau oraingo prozesu honen argira.

Bestalde, auzia Iruñeko epaitegitik Auzitegi Nazionalera eramateko arrazoi bakarra auzipetuei «terrorismoa» leporatzea izan bazen eta orain bigarrenak ebatzi badu ez dagoela delitu hori, esan nahi al du honek akusazioak azpijokoa egin duela zelai propioan jokatu ahal izateko asmoz?

Duela gutxi egunkari ezagun batean argitaratutako iritzi artikuluan, zeina sinatzen zuten besteak beste bertako jurista ospetsuek, zigorren «desproportzio zentzugabea» nabarmentzen zen. Euren esanetan hain da handia ezen Espainiako jurisprudentzian, ez eta ere erkatuan, halako kasurik ez antzerakorik 9 eta 13 urtetako kartzela zigorrarekin tabernako liskarragatik, erasotuen polizia izaera tartean egon edo ez». «Tabernako xextra delitua ez da automatikoki desagertzen eta larriagoa bihurtzen liskarrean ari direnek batzuk besteekiko izan dezaketen mespretxuagatik edota erasotuaren kategoria edo lanbideagatik», dio artikuluak. Zentzu berean jardun dute behin eta berriz Nafarroako Foru Gobernuak eta Parlamentuak adierazpen instituzionaletan.

Ugari izan dira ahots kualifikatuak, horietako hainbat Estatuko gobernutik gertukoak, duela bi urtetik gaur egunera ere etengabe jardun dutenak desproportzio horri buruz, bai eta oro har auziaren anakronismoari buruz eta orain epaiari buruz zehazki.

Hau guztia testuinguru zehatzean gertatzen ari da, noski. Iragan apirilaren 13an ezagutzera eman zen publikoki Demokrazia Bai deituriko agiri bat, zeina guk geuk, artikulu honen sinatzaileok, babestu genuen ekitaldian bertan egonda. Agiri hartan «Larritasun demokratikoaz» hitz egiten zen; «korronte ideologiko autoritario eta kontserbadoreenek politizatutako Justiziaren aurrekaririk gabeko ofentsiba», aipatzen zen. Esaten zen azkenik «Estatuaren atzerakada eta inboluzio arrisku larriaren mehatxupean» gaudela.

Apirilaren 13ko agiriaren edukia indarrean dago gaur egun ere, bereziki «Justizia politizatuaz» mintzatzen garenean, Estatuaren Gobernuan izan den ordezkapenaren ondoren ere. Ordezko gobernuaren osaketan bertan, estrenatu berri eta beraz etorkizuneko jarduna eginkizun, hastapen buruan eragin inbolutiboaren zantzu nabarmenak ditu.

Arrakalaren beste aldean, izan ere arrakala gero eta handiagoa baita inboluzioaren eta gure jendartearen artean, baseko-nafar jendartean, gehiengoa gaude, herritarrak eta instituzioak. Nafarroako Parlamentuak, Foru Gobernuak eta hiriburuetako udalak, besteak beste, bat egin dute ekainaren 16ko manifestazioan Altsasuko auzipetuei elkartasuna adierazteko deialdiarekin. Lehendakari ohi garelarik, guk ere bat egin nahi dugu deialdi horrekin.

Geure buruari galdetzen diogu zer daukan demokratikotik adierazitako norantzan azaltzen den Justiziak. Eta kasuari itsatsita, galdetzen diogu geure buruari zer daukan delitutik segurtasun indar batzuen ordez autonomikoak edo foralak jartzeko eskatzeak, autogobernuko beste atal batzuetan kanpoko funtzionarien ordez bertakoak jartzen diren moduan. Ordezkatze hori era zibilizatu eta zilegizkoan egin izan da gure gobernuen garaian. Lehenak aurrekari eta zama politiko sentiberagoak piztu izanak, adierazpide gordinagoetan azaltzen direnak, ez luke ilundu behar eskariaren zilegitasuna.

Baina ez dugu bukatu nahi politikaren elean. Zigorrak hartutako gazteak, familiak eta gertukoak gogoan hartzeko garaia da. Haiei guztiei, gure elkartasuna, berotasuna eta gertutasuna adierazi nahi diegu. Hala bedi. ([email protected]).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.