Altsasuko gezurrak eta frogen asmatzea: errepikatzen den istorioa

2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Irlanda izan zen erreferentea 90eko hamarkadan gure gazte belaunaldiarentzat. Pazkoko Iraultzatik hasita mugimendu errepublikanoaren erresistentziaraino, Irlandaren epikak erakartzen gintuen oso. Horregatik, 1994an Aitaren izenean (In the name of the father) pelikula estrenatu zenean, ez genuen zalantzarik izan ikustera joateko. Gure begirada kritikoarekin ikusi ere. Orduan jakin genuen lehenengo aldiz The Four of Guildford-en kasuaren inguruan. Gure hogeita piku urterekin Euskal Herria zen gure guda zelaia; beraz, ekintzak, gerra zikina, atxiloketak, hilketak... ez zen semantika arrotza guretzat. Gure harridura ez zegoen horrenbeste irlandar herritar batzuek egin ez zuten ekintza batengatik hamabost urte espetxean eman behar izan zituztela (hori ere bai, noski!). Gehien harritu gintuena izan zen hamabost urteren ondoren Erresuma Batuko Tribunal batek bere epai batean atzera egin behar izatea. Parlamentuak, bere aldetik, barne prozedura bat ireki zuen gertatutakoa argitzeko, eta hainbat poliziak aitorpenak lortzeko prozedura ilegalak erabili zituztela eta gezurretan ibili zirela ere ondorioztatu zuen. Gezurretan eta frogak asmatzen.

2003an, Ainara Gorostiaga ezagutu nuen Soto del Realeko kartzelan. Elkarrekin egon ginen hilabeteetan, gure patioko elkarrizketetan maiz ateratzen zen bere historiaren kontaketa. Guk Ainarari sinisten genion arren, ez zuen ematen beste inork kanpoan babesten zuenik bera eta bere lagunen istorio harrigarria. Baina bi urte kartzelan betetzear zeudenean, 2004ko udaberrian, Ainara, Mikel, Aurken eta Jorge kalera atera ziren. Eskandalagarritzat jo zen orduan nola lau gazte nafar horiek egin ez zuten ekintza batengatik bi urte eman behar izan zituzten kartzelan. Irlandan ezagutu genituen osagaiak hemen errepikatzen ziren: torturapean ateratako deklarazioetan oinarrituta poliziek osatutako montajea. Gezurrak eta frogen asmaketa, beste behin ere.

2018ra etorrita, berriro ere ikusten dugu nola zortzi gazte nafarren inguruan Estatu aparatuek muntaia oso bat asmatu duten proportzionalitatea eta justiziaren parametro guztiak gaindituz. Epaiketa kutsatuta egon da hastapenetik. Defentsek eta akusazioak ez dute arma juridiko berdinekin jokatu, frogak ez zeudenean asmatu egin dituzte eta, txarrena, tribunalak ontzat eman ditu ustezko froga horiek eta alde bateko testigantzak. Lehengo lepotik burua: polizien aldetik gezurrak eta frogen asmakizuna...

2005ean, Tony Blairrek, orduan Erresuma Batuko lehen ministroa zenak, barkamen publikoa eskatu zien Guildfordeko lau kaltetuei eta haien familiei, egindako minagatik eta sufritutako bidegabekeriagatik. Adierazpen politiko hura berandu baina kanpaina indartsu eta zabal baten ondoren etorri zen. Ez zen hori izango Erresuma Batuak bere sistema barruan egindako akatsak eta eragindako gehiegikeriak publikoki onartzen zituen azkeneko aldia. 2010ean, David Cameronek onartu behar izan zuen, Saville Informean ondorioztatu bezala, armada britainiarrak ez zuela izan inongo justifikaziorik Igande Odoltsu izenez ezagututako Derryko sarraskia eragiteko. Beste behin ere, biktimei zein bere senideei barkamen ofiziala eskatzeko beharrean aurkitu ziren.

Zenbat denbora pasatu beharko da Euskal Herrian Estatuko arduradun politikoen aldetik horrelako barkamen publikoak entzuteko? Torturetan, gezurretan, muntaia mediatiko-polizialetan oinarritutako hainbat sumario birbegiratuko dira inoiz? Euskal Herrian garai berri batean omen gaude, baina hainbat moldek eta hainbat jokaerak iraganera eramaten gaituzte behin eta berriro. Gobbelesek teorizatu zuen gezur bat mila aldiz errepikatuta egia bihurtzen dela. Estatuek maisuki erabiltzen duten teoria, Altsasuko kasuan ere praktikan jarri dutena. Horregatik, Estatuaren aldetik zabaldu den egiaren aurrean Altsasuko gurasoek egin duten lana miristekoa da, lortu dutelako ez soilik bertsio ofiziala arrakalatzea baita herri honen gehiengoa haien alde jartzea ere. Altsasukoak daude orain jomugan. Atzo beste batzuk izan ziren, eta, tamalez, bihar horrelako beste kasu batzuk ezagutuko ditugu. Baina ez gara nekatuko, gu ere, justiziaren aldeko aldarria egiten. Kalean nahi ditugu. Ondoren etorri beharko da, inoiz, Estatuak bere sistemaren barruan egindako gehiegikerien onarpena. Kasu honetan eta bestelakoetan. Bitartean, beren ondoan izango gaituzte. #AltsasukoakAske
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.