Alokairu sabelei ez!

Maria Fuentes
2023ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Uztailaren 20tik 22ra alokairu sabelen lehen kongresu internazionala antolatu dute Bilbon. Azkenaldian gero eta eragin mediatiko handiagoa ari da izaten praktika hau, eta kongresu honek ere emakumeon erreprodukzioaren esplotazioa normalizatzea du helburu. Erreprodukzioaren merkatuaren inguruan hainbat ideia labur azaldu nahiko nituzke.

Espainiako Estatuan haurdunaldi subrogatua legez kanpokoa da. Nahiz eta gobernuak behin eta berriz praktika hau emakumeon aurkako indarkeriarekin lotu, alegala izaten jarraitzen du: debekatua egongo balitz, zigortua izango litzateke. Gainera, praktika hau legeztatua dagoen estatuetan zerbitzu hauek kontrata daitezke eta ondoren haurra Espainiako Estatuan erregistratu.

Merkatu horren normalizazioak merkatuaren hazkundea ekarri du. Gizarte kapitalistaren berregituraketa gauzatzeko eta irabazi ekonomikoak areagotzeko merkatu berriak irekitzea ezinbestekoa zaio. Emakumeon erreprodukzioaren salerosketa oinarri ekonomiko horien baitan kokatu behar dugu, besteak beste, 2022an mundu mailan irabaziak 14.000 milioi dolarretan kokatzen ziren. Are gehiago, baby business deritzon horren irabaziak urtero %25 gora egingo dutela aurreikusten da, 2032. urterako 130.000 milioi dolarreko irabaziak lortuz. Praktika horren bitartez munduan 20.000 adin txikiko jaiotzen direla uste da. Estatu mailan, berriz, 2010 eta 2021 urte bitartean 3.273 adin txikiko izan zirela kalkulatzen da. Hala eta guztiz ere, datu horiek guztiak ez dute errealitatea bere osotasunean islatzen, modu legalean egindako inskripzioetara mugatzen baitira, bide irregularrak ezkutatuz.

Orokorrean, zerbitzu hau bitartekaritza-agentzia bitartez gauzatzen da, eta haiek prozesu osoaz arduratzen dira: kontratatzaileak emakumea dagoen estatura eraman, zerbitzu mediko eta juridikoak eskaini, emakumearen ezaugarrien aukeraketa, obozitoen dohaintzaren kudeaketa, etab. Agentzia horiek neurri zapaltzaileak ezartzen dizkiete emakumeei: erretzearen, sexu-harremanak izatearen, medikazioa hartzearen, baimenik gabe bidaiatzearen, eguzkia hartzearen edota igerilekuetara joatearen inguruko debekuak. Erditu aurretik emakumeak amatasunari uko egin behar dio. Horrez gain, kontratua ez-betetzeak zigor ekonomikoa ekar diezaioke emakumeari, eta kasu batzuetan adin txikikoa bere kargu hartzera behartua izan daiteke, kontratuan hori zehaztu ez arren.

Hainbat dira merkatu hau justifikatu eta zilegi egiten dituzten jarrera politikoak, besteak beste, ikuspegi altruista: irabazi ekonomikorik gabeko trukea. Aldiz, krisi ekonomiko honetan emakume langile asko eta askoren aterabide ari da izaten haurdunaldi subrogatua, bizirauteko bitarteko bat. Argi dago akordio ekonomikorik gabe prozesu hau aurrera eramango luketen emakumeen ehunekoa minimoa izango litzatekeela, eta, beraz, bikote askok atzerrira jo beharko luketela. Proposamen altruistaren bitartez, haurdunaldi subrogatua justifikatu eta normalizatzen da, forma merkantila sustatuz, hau da, ez du erreprodukzioaren merkatua amaitzen.

Alokairu sabelak eta bere forma altruista justifikatzeko bi aldarrikapen mahaigaineratu ohi dira: batetik, emakumeok aske izan behar dugula gure gorputzarekin zer nahi dugun egin erabakitzeko; eta bestetik, ondorengotzarik eduki ezin dezaketen pertsonen eskubidea bermatzen duela. Horrek guztiak honakoa galdegitera narama: nola da posible norberaren erabakiak gizartean ondorioak izanda praktika hau zilegitzen jarraitzea? Denak balio du borondatearen izenean nahiz eta horrek albokoa zapaltzea eragin? Guztia ez da onargarria. Lelo nahasgarri horiek, esplotazioa justifikatzen dutenak, ez diete jaramonik egiten fenomeno honek eragiten dituen ondorio sozialei, kontrara, emakume langileon aurkako indarkeria sozialki normalizatzen dute.

Beharrezkoa da emakumeok erreprodukzio makina moduan sozializatzen gaituen merkatu honi aurre egitea. Bide horretan, Itaiak uztailaren 20an 15:00etan Azkuna zentroan antolatu duen kontzentrazioan parte hartzeko deia egiten dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.