Gortina ireki da. Marmota bat ageri da banku batean eserita; bat-batean, euskal txapel kiribildua daraman hankarik eta besorik gabeko panpina ilehori bilakatu da eta bere kotoizko altzotik konstituzio bat eta hiru ispilu atera ditu.
Obraren izena?
Alien Godoten esperoan. Hotz. Alizia marmotaren lurralde miresgarrian? Epel. Acción mutante? Bero. Alizia mutantea espainiar konstituzionalismo godotiar, zaharruno eta patriarkalean? Erreta!
EAEko estatus politiko-juridikoa berritzeko hiru testu artikulatu aurkeztu dira, baina bakarrak du EAJren, PSOEren eta Podemosen adostasuna. Legebiltzarrak 2018an onartutako ponentzia zilegiarekin apenas zerikusirik duen testu adostu horrek ez du herritarren %70ek eskatzen duen erabakitzeko eskubidea efektiboki (eta ez erretorikoki) barneratu, eta herritarren %75ek eskatzen dituen politika sozialak egiteko behar diren mekanismo blindatu oro neutralizatzeko berme juridikoa berretsi du. Ez da konfederalismoa aipatzen (Legebiltzarreko ponentzian hainbatetan aipatzen zen), ezta Kontzertu Politikorik ere. «Zaintza» ez da agertzen erdigunean jarri beharreko lan eta kontzeptu politiko gisa, ezta eskubide/gaitasun bermatu gisa, Mexikoko hiriko konstituzio berrian agertzen den moduan. Akaso, euskal konstituzionalismoa espainiar konstituzionalismoa bezain zaharrunoa, liberala, teknokrata eta patriarkala delako. Edo, beharbada, XX. mendeko señore-marmota mentalitatetik egiten diren konstituzio eta estatutuak XX. mendeko señore horientzako bakarrik eginak direlako.
Espainiar autoritarismo neoliberal eta katoliko-nazionalaren irmotze fase honetan, zeinetan euskal elite ekonomiko eta politikoak haren gonapean bakarrik biziraun dezakeen... Zer espero genuen?
Surprise! (gortina irekitzen da, barreak, globoak eta serpentinak azaldu dira agertokian, espainiar armadak kalejira bat egiten du Ertzaintzari besarkatuta, estatu judikaturak trikitia dantzatzen duen bitartean PSOEren eta EAJren abesbatzaren erritmoan. Tra, tra).
Zer ari dira ospatzen?
Demokraziaren festa da! Egungo Espainian, erabakitzeko eskubidearen alde ekiteagatik kartzelara joan zaitezkeela ospatzen da (agur bero bat hemendik preso politiko katalanei), eta, beste hainbat berritasunen artean, EAJren, PSOEren eta Podemosen testu-petatxoan, eskumenak bermatzeko dauden tresnen kaltzifikazioa adostu dela (agur eta ohore Auzitegi Mistoari); eta, osterantzean, ezingo dugula gure lan esparru propioa, berezko pentsio eta hezkuntza sistema eta egitura, garapen eta planifikazio sozioekonomikoa erabaki orain arte ez bezala (karkarkar); ezingo dugula merkataritza, kontsumo eta industria ereduaren inguruan erabaki, ezta Gizarte Segurantzaren eta gaitasun legegile eta exekutiboaren inguruan.
Hau parrandatzar demokratikoa!
Espainiarekiko aldebikotasuna eta berdintasuna mamitzen saiatzeak (egiazki saiatzea) delitu izaten jarraituko du, espainiar konstituzioaren (Alien, ezizenez) kontrakoa baita, eta, Urkulluk (lagunartean, Marmota) esan bezala, demokrazia (Godot, goitizenez) bai, baina moderazioz: sufragista zoro halakoak! Orain, bozkatzeaz gain, euskal herritarrek beren burua gobernatu nahi dute, duintasunez kobratu eta lan egin, berdintasunean erabaki eta, gainera, euskaldun bezala bizi. Maximalista zoroak!
Alabaina, dena ez da haragi iraungia! Hala nola, EH Bilduren (Untxi zuri konfederala, birrizenez) testuan «170. artikuluan xehatzen da zer prozedurari jarraitu Euskal Estatu Erkidegoak Espainiarekiko harremana eten dezan. Batetik, Eusko Legebiltzarrak egitasmoa onartu beharko du, gehiengo absolutuz, eta, legebiltzarra desegin eta hauteskundeak egin ostean, parlamentu berriak berriro onartu beharko du, gehiengo absolutuz. Hala onartzen bada, Espainiako Estatuarekiko ituna berrikusteko borondatea jakinaraziko zaie Europako Batasunari eta nazioarteko beste erakunde batzuei, eta, sei hilabeteko epean, herritarrek erreferendum bidez berretsi beharko dute erabakia». Jakina, EAJ, PSOE eta Podemoseko adituek adostutako testu-petatxo-mutantean Alienek irabazi du, Marmota buru.
Podemosek (Tweedledee eta tweedledum, izengoitiz) esan du hiru adituek adostutako testua euskal gizartearen isla dela: testu artikulatua zaharrunoa, liberala, teknokrata, patriarkala eta espainolista baldin bada, euskal gizartea halakoxea delako ei da. Akaso. Zergatik ez diegu euskal herritarrei galdetzen, hori hala den edo ez erabaki dezaten? A! Erabakitzeko eskubidea ez dutelako efektiboki barneratu. Gora demokrazia deliberatzailea eta parte hartzailea!
Gogoan al duzue Eusko Legebiltzarrak 2004an Estatu Elkartuaren alde bozkatu zuenekoa Ibarretxe lehendakaria zelarik? Orain kartzelara joan zaitezke horrelakoak egiteagatik. Giro demokratiko, atsegin, ez-hertsatzaile eta lasai honetan idatzi da Euskadiko proto-Estatutu berriaren inguruko testu adostu hau.
Oso pozik gaude burujabe izan ezin gaitezkeen guztiok, denbora apur bat eman baitigute —Podemos desagertueta eskumak espainiar gobernua hartu arte— nora exiliatu erabaki ahal izateko. Espainiar Estatuaren etorkizuna ez baita berdintasunetik, askatasunetik eta demokraziatik pasatuko, eta adostasun zabalenak, azken hau bezalaxe, antidemokratikoak izango dira, bere burua gobernatu ahal izateko erabakitzeko eskubidea eta gaitasuna bermaturik ez duen herria ezin baita herri demokratikoa izan.
Zein jenio distiratsuk uste du status berriastatu quo-aren zaindarien eskutik etorriko dela: Aliziak, Godotek, Marmotak edo Alienek?
Alizia, eta Marmota, Godoten esperoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu