Aliantza espainolistaren gainbehera

2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Garai onak datozkio euskal herriari. Litekeena da zenbaitek besterik iriztea, herrialdearen parte bat espainolismoaren esku ikusita. Baina iritsiko dira aldaketak, eta oso onuragarriak izango dira. Hainbeste, non Patxi Lopez lehendakaritzatik igaro izana huskeria garrantzigabe bat izango baita. Azken batean, lau urteri luze iritzi diezaiekegu, haietako parte izanda. Baina istant bihurtzen dira, historiaren ikuspegitik begiratuta. Espainolek diotenez, ez da gaitzik onik ez dakarrenik, eta arrazoi dute. Patxi Lopezi dagokionez, hura lehendakari izandako urteak oso baliagarriak izango zaizkio euskal gizarteari, Lopezi eta PSOEk eta PPk elkarrekin landutako azpilanari esker —maniobra absolutistak direla bitarteko, eta aurkari deserosoak legez kontrako jota— argi ikusten baita zenbateraino desagertuko litzatekeen euskal nazioa jende horrek agintean luzaroan iraunez gero. Esan gabe doa, noski, haientzat ez dela halako naziorik existitzen eta, haientzat, probintzia soil batzuk besterik ez direla, zeinen folklore ezaugarrietako bat baita, zoritxarrez, euskara izeneko zer ezinago gogaikarri bat. Arraroa da, arraroa denez, hizkuntza hori, ezta? Are, gezurra dirudi euskaldunek elkar ulertu ahal izatea. Auskalo, itxurakeriatan ez ote dabiltza jendaurrean, espainolengandik bereiztearren. Seguru asko, azkenean, inor begira ez dutenean, espainieraz hitz egingo dute. «Zer demontre esan didazu?», behar du izan haien arteko esaldirik sarriena. Hain erraza eta praktikoa izanda espainiera! Hizkuntza komun horri esker hitz egin ahal izan zuten Amerikako hainbat eta hainbat aborigen mutuk, eta aurkitu ahozko komunikazioaren arte noblea. Zertan izango ziren haiek, Espainiak ez baldin balizkie errotik erauzi XV. mendean egiten zituzten soinu barregarri bezain ulergaitzak? Oso litekeena da biluzik ibiltzea oraindik ere, eta eunukoak ere milioika izatea, emakumeek —oso lizunak baitziren Kaprikornio tropikoan— modu arriskutsuan puzten baitzieten zakila gizonei plazer handiagoa hartzearren. Zorionez, basatiak baina buruargiak ziren; izan ere, Erroman sortu eta Borboi deiturako jakintsu handi hark esan zuenez, «gurea ez zen sekula izan inposizio hizkuntza bat, elkarganatze hizkuntza bat baizik; inoiz ez zen behartu inor gaztelaniaz hitz egitera: han-hemengo herriek egin zuten bere, borondate guztiz askez, Cervantesen hizkuntza».

Alde horretatik, ezinago logikoa da Lopez jaunaren lehenbiziko gobernu ekintzak Espainiako gobernuaren ordezkari bati dagozkionak izatea —halaxe baita izan—, eta hezkuntza eta komunikabide publikoak espainolizatzen ibiltzea presaka. Baina, hala eta guztiz ere, amaitua da indarkeria, eta 2013ko hauteskundeetarako iragarpenak ezinago txarrak dira Euskadiko gaur egungo aliantza espainolistarentzat. Horrek azaltzen du hain urduri egotea, zabaldu berri zaien etorkizuna dela eta, eta onartu nahi ez izatea ETAk armei uko egiteak ez duela atzera bueltarik. Oraingoz, Espainiako Gobernuak hartua du lehen zartakoa, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak atzera bota baitio han aurkezturiko helegitea, Arnaldo Otegiren adierazpen askatasuna urratu zuela zioen sententziaren kontrakoa —hari urtebeteko kartzela zigorra ezarri baitzion, Espainiako erregeari «torturatzaileen buru» deitzeagatik—.

Duela egun batzuk, Catalunya Radio irratikoek gai horien inguruan elkarrizketatu zuten Espainiako senatuko presidentea, Javier Rojo, eta haren adierazpenak oso argigarriak izan dira, agerian jarri baitute ezinago zaila dela Euskal Herrian gatazka politiko bat existitzen dela onartzeari uko egiten dion gobernu batekin hitz egitea. Hauxe esan zuen: «Ez naiz fidatzen Bilduz; ez zait fidagarria iruditzen. PSOE da konponbidea. PSOE ez da arazoa: PSOE konponbidea da». Eta erantsi ere egin zuen alde on bakarra zuela ezker abertzalea Madrilen egoteak; alegia, «berniz demokratikoa» emango diola Espainiako sistemari. «Agian, demokrazia apur bat ikasiko dute», nabarmendu zuen berriro.

Rojo jaunak uste bide du bera dela demokrazia. Horregatik, nazionalismo espainolari atxikimendurik ez diotenen kontrako haren handiustekeriak ez du gogoan izan, batetik, PSOEri —haren alderdiari, hain zuzen— iritzi beharko liokeela fidagaitz edozein demokratak, Estatuko erakundeek bultzatu baitzuten GAL izeneko talde terrorista bat, eraile eta ideologo eta guzti, zeintzuei sekula ez baitiete ezarri ETAko kideei adinako zentzagarririk; eta, bestetik, inolako eskrupulorik gabe onartu du «berniz demokratiko» gisa etorriko zaiela ezker abertzalea Madrilen izatea. Alegia, onartu egiten du demokrazia totalitario bat dela sistema espainola, hainbat bernizen premia duena bere jatorrizko kolorea estaltzearren. Bikain. Ahalegindu beharra dago ez eteten PSOEren eta PPren hizketaldia, zenbat eta gehiago hitz egin are eta ageriago uzten baitute beren barruko nazionalismo basatia. Beren burua erretratatzen dute Euskal Herriaz ari direla, eta beren burua erretratatzen dute Kataluniaz ari direla. Kataluniari, zehazki, Rojok ukatu egin zion kontzertu ekonomikoa izateko eskubidea, eta adierazi zuen ez zuela inondik inora ere ikusten trantsizio nazional batean bizi zenik. Santa Luziak eman biezaio begi luzia.

Ulertzekoa da, beraz, kartzelan atxikitzea Arnaldo Otegi eta uko egitea Euskal Herrian gatazka politiko bat existitzen dela onartzeari. Gatazka politikorik izan ezean, dena polizia neurriak bakarrik dira, eta horrek alferrikako egiten du nazioarteko bitartekariak izatea hemen su-etena atzera bueltarik gabekoa dela egiaztatzeko eta bake prozesua errazteko. Bitartekariak, jakina, arriskutsuak dira, nazioarteko bihurtzen baitute gatazka, eta beste maila bat aitortzen baitiote. Eta are okerragoa dena: ez dira ez PSOEkoak eta ez PPkoak.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.