Alferra beti lanpetuta

2017ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Langileen Nazioarteko Eguna berehala datorrenez, klasean memoria, lana eta borroka zinemagintzaren historian nola azaldu den aritu ginen aurrekoan. Ikasle askorentzat, Maiatzak 1 asteburuan kanpora joateko aukera paregabea dela adierazi zidaten; sindikatuak, aldarrikapena eta borroka gurasoen kontua dela, zerbait zaharkituta dela... Gainera, oso lanpetuta dabiltza, antza, manifestazio batera joateko. Argi dago belaunaldi berriak gero eta indibidualistagoak direla, eta beti harritzen eta haserretzen nau hainbeste aldarrikatzen duten No Future belaunaldi honen jarrera gero eta pasiboagoa izatea. Jadanik lan eskubideen defentsan aldarrikapen kolektiboak ozen zabaltzea ez dute era naturalean aintzat hartzen. Gure belaunaldiak, are gehiago etorkinen alabak garenok, txikitatik langileen borrokaren kontzientziaz jabetu gara.

Gurean, amak oraindik, Tag der Arbeit (Langileen Eguna) ospatu behar dugula gogorarazten digu... bere Alemaniako immigrazioaren legatuetako bat. Gaur egun, lan egiteko erak gero eta indibidualistagoak izanik, harreman sozialak eratzeko moduak ere errotik aldatu egin dira. Dena den, hainbat mugimendu berrik, Frantziako Nuit Debout-ek adibidez, lana-kapitala eta subjektu-gizartearen arteko harremanak birdefinitzearen aldeko apustua egin dute.

Zinema, ikuskizuna eta entretenimendua ez ezik, gizarteko bidegabekeriak salatzeko (eta neurri batean eraldatzeko) eta memoria berreskuratzeko artea (eta tresna) dela, besteak beste, beti gogoan izan behar dugu. Hein handi batean, zinema modu honetan hartu (eta ulertu) beharko genuke. Baina nola hurbildu memoria horretara? Iraganetik zer daukagu oraindik aldarrikatzeko (eta ikasteko)? Eta bestetik, nondik hitz egin lanaren inguruan?

Zinemaren hastapenetatik, testuinguru historiko, politiko, ekonomiko eta sozial desberdinetan, langileen borroka modu askotan ikur bihurtu da. Ideia anitz egon izan dira zinemaren historian, lanaren unibertsoaren inguruan eta unibertso horretara hurbiltzeko moduen inguruan. Aski ezaguna den 1895eko Lyongo Lumière lantokiko irteera, geroago Harun Farockik garatu zuen Arbeiter verlassen die Fabrik (langileak fabrikatik ateratzen hamaika hamarkadatan zehar) edota Eisensteinek burututako grebalarien erretratua gaur egun gure imajinario kolektiboaren parte dira oraindik.

Gurean, azken urtean memoria eta lana uztartzen dituzten dokumental eta ikus-entzunezko proiektu desberdinak topatzen ditugu. Batetik, Tabakalerak bere ate-irekierarako ekoitzi zuen Mañana Goodbye (Bihar agur) ikus-entzunezko instalazioa (oraindik TBK-ko sotoan ikusgai), Marion Cruza eta Pablo Martek zuzenduta. Guztiz askea eta iradokitzailea den proposamen honetan, Cruzak eta Martek iraganeko tabako fabrikan murgiltzera gonbidatzen gaituzte bertan lan egin zuten emakumeen eskutik. Lantegian aritu ziren emakumeak dira protagonistak eta memoria hura berreskuratzeko, ikerketa eta bitartekaritza prozesu batean buru-belarri sartu ziren.

Memoria berreskuratze ariketa honek emakumeek Historian (bai, letra larriz) izan dugun garrantzia gogora ekartzen digu. Gainera, niretzako guztiz laudagarria da beste belaunalditako zinemagileek eta artistek memoria hori berreskuratzeko duten interesa eta grina. Ildo honetan ere, eta nahiz eta premisa bestelakoa izan, Nosotras, mujeres de Euskalduna (Gu, Euskaldunako emakumeak) dokumentalarekin topatzen gara. Larraitz Zuazo zinemagile bilbotarrak zuzendutako lana dugu eta aurreko urteko Zinebi jaialdian aurkeztu zen. Dokumentaleko emakume protagonistek, Bilboko ontzioletan 1983-1988 bitartean bizi izan zuten borrokaren memoria berreraikitzearen zeregina hartzen dute bere gain. Hainbat erreportaje eta dokumental egin dira gaiaren inguruan baina sinestezina suertatzen bazaigu ere, eta 30 urte baino gehiago igaro direnean, emakumeek lehen aldiz hitza hartzen dute Euskalduna Ontzioletako gatazkaz mintzatzeko. Dokumentalarekin bat, Iñaki Billelabeitia irakasle eta ikertzaileak zuzendutako Las del tiragomas somos todas (Tiragometakoak emakume guztiak gara) performance-an ere gai honen inguruan hausnartzeko aukera izan genuen. Kartelean emakume bat harri-jaurtitzeko tresna batekin eta aurpegia erdi estalita agertzen da. Euskaldunako borroka hartan hain ikonikoa bilakatu zen irudia abiapuntutzat hartuz, emakumeak borrokaren subjektu aktiboak izan zirela aldarrikatzen zen.

Aipatutako proiektu guztietan protagonistekin bat burututako ikerketa eta sormen-prozesuak goraipatzekoak dira. Izan ere, kasu guztietan, emakume guzti horiek berriro biltzea lortu dute; gehienek ez zuten bata bestearen berri izan azkenengo urtetan eta era kolektibo batean memoria berreskuratzeko ahalegina egin dute.

Memoria eta lana landu nahi nituen klasean. Horren inguruan hausnarketa egitera gonbidatu nituen neure ikasleak baina, eta kirolarekin beti gertatzen zaidan legez, ez nuen arrakastarik izan. Antza, oso lanpetuta dabiltza gauza «serioekin» eta memoria eta zinema ez dago modan. Zinema pentsamendu kritikoa izateko eta zabaltzeko artea dela gogoratu nien (eta unibertsitatea ere, berau garatzeko lekurik aproposenetarikoa) baina oso estresatuta dabiltza kontu honi erreparatzeko... Aspalditik dakigu: alferra beti lanpetuta...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.