Euskara batua, ajeak aje, inoiz baino baliotsuagoa bihurtu zaigu, hizkuntzen heriotza digitalaren mehatxupetik ateratzeko. Horrela esaten diote zenbait adituk eremu digitalean gerta daitezkeen asimilazioei, ingelesaren eta hizkuntza hegemoniko gutxi batzuen erabilera nagusitu baita. Bere 60etatik hurbil, hizkuntza teknologien eta adimen artifizialaren urakanak astindu du euskara batua. Astindu du euskara bere aldaera guztietan eta hiztun komunitatea ere astindu du. Haatik, lan batzuk eginda harrapatu ditu, zorionez.
Hizkuntza teknologietan eta hizkuntza naturalaren prozesamenduan egindako ikerketa eta garapen lanari esker, euskara batuaz baliaturik, digitalizazioan urrats garrantzitsuak egin dira azken hamarkadetan. Esate baterako, mugarri den Xuxen zuzentzaileak 30 urte bete zituen iaz. Horiek horrela, lehen 25 hizkuntzen artean ageri da euskara Europako hizkuntzen baliabide teknologikoak aztertu dituen European Language Equality proiektuan.
Adimen artifizialak eta hizkuntza teknologiek bide paraleloak egin dituzte azken zazpi hamarkadetan. Hastapenetan, logikan landutako sistemak landu ziren batez ere, gero, estatistikaren erabilerak indarra hartu zuenean, machine learning edo ikasketa automatikoa nagusitu zen, eta, azken hamarkadan, eredu neuronalaren eztanda etorri da, eta horrekin batera, deep learnig-aren edo ikasketa sakonaren indarraldia ezagutu dugu (X. Arregik joan den abenduko BAT aldizkarian azaltzen digunez).
Ikasketa sakonak paradigma aldaketa ekarri du, eta oso emaitza ikusgarriak ematen dituzten itzultzaile neuronalak garatu dira bide horretatik, beste teknologia batzuekin batera. Denon eskura ditugu Interneten dagoeneko euskararentzat bertan garatutako hiru aplikazio, hala nola: Eusko Jaurlaritzaren Itzuli; Elhuyarren Elia; eta Vicomtech-en Batua.
Itzultzaile neuronalen ondorio sozialez ere hitz egiten digute BAT aldizkariaren zenbaki berean. Ondorio nagusien artean honakoa diote egileek (E. Apodaka, A. Amezaga eta A. Basurtok): «Mundu digitalean ere, biziraun nahi duen hizkuntza-komunitateak komunitate izan behar du. Bere jardueraren zaintza eta autonomia behar ditu».
Giza neuronak zuhaitzak bezalakoak dira, adarrak dituzte informazioa hartzeko, eta sustraiak dituzte informazio hori barreiatzeko. Eredu neuronalek datu masa handiak erabiltzen dituzte (testuak zein ahotsak), eta nerbio sistemaren simulazioa egiten duten erregelaz baliatzen dira.
Hizkuntzak ederrak eta aberatsak dira bere horretan, mundu ikuskera baten adierazpena, anbiguoak formatan. Makinek ez dute gaitasun hori. Halere, hizkuntza batetik besterako ulermena errazten dute, gaur egun asko, baina alborapenak egiteko arrisku handiekin.
Adibidez, hizkuntzek generoa bereizteko oso modu desberdinak dituzte. Euskaraz maiz testuinguruak erakusten du, hitzek ez; gaztelaniaz, ordea, hitzak berak erakuts dezake. Hori makinek nahastu egiten dute maiz, eta gutxiago agertzen diren formak alboratzen dituzte. Gaur egun Youtuben, Instagramen, telebistetako filmetan… eta antzekoetan azpititulu automatikoak ikusten dira; emakumea hitz egiten ari bada ere (ingelesez, adibidez), gizonezkoa balitz bezala agertzen da ingelesetik gaztelaniarako azpitituluetan. Adibide bat besterik ez da hau, alborapenen fenomenoa oso zabalduta dago minorien kaltetan. Zuzendu egin beharko lituzkete azpitituluak jende masarengana iritsi aurretik.
Bestetik, teknologia aurrera doan neurrian, profesionalen eta amateurren arteko aldea hari fin bihurtu da. Esate baterako, kazetaritzan, irakaskuntzan, itzulpengintzan… Denok gara itzultzaile sentitzerairitsi gintezke. Gogoan dut, eta kezkaz kontatzen dut, nola sare sozialak hasi zirenean, denok gara kazetari leloa eta ustea hedatzen hasi zen. Gainera, informazioaren demokratizazioarekin lotzen zen. Baina horrek lanbideak, horien atzean dauden ikasketak, praktikak eta esperientzia gutxiestea ekartzen badu, kontrakoa da efektua. Profesioak gutxiestea ez da demokratizazioa, eta ezjakintasuna hedatzen bada, manipulatuak izateko arriskua are eta handiagoa da. Beste kontu bat da nola integratu behar diren profesio horietan teknologia, adimen artifiziala eta sare sozialak, eta herritarrekiko harremanean nola sakondu behar duten.
Halaber, gero eta tresna ahaltsuagoak iristen ari dira denon eskuetara, baina, horren argibide eta trebakuntzarik ez dugunez, arriskuak ditu. Autoa den makina gidatzeko adinez nagusia izan eta gidabaimena lortu behar da, hain zuzen, arauak zein teknikak ikasiz bat, praktikak eta azterketak egin behar dira. Baina sakelakoa den makinarako ez da ezer behar, erabat babesgabe eta ezjakin gabiltza, ziber biluzik.
Euskarara itzulita atzera, erronka garrantzitsu batzuk zerrenda genitzake, hala nola: eremu digitalean euskararen erabilera areagotzea; euskara ikasteko motibazioan sakontzea; testu eta audioen bilketa egiteko herritarrak sentiberatzea; eta euskarazko teknologia garatzen jarraitzeko inbertsioak areagotzea.
Garai hauetan, makinekin hitz egiteko zein hizkuntza erabiliko dugun jokoan dago, etxe ugaritara sartu dira laguntzaile birtualak (Alexia, Siri eta antzekoak), autoetara ere bai, nonahi. Horiek horrela, makinek hizkuntza estandarra bere osotasunean, hizkuntza aldaerak eta euskalkiak behar dituzte kalitatez aritzeko.
Euskara batua ikasten hasi ginen euskaltegi edota gau eskoletan, euskaraz alfabetatzen aritu gara, alfabetatze teknikoan ere bai, laneko euskarari ere ekin genion aurrerago. Horrek guztiak jarraitzen du. Alfabetatze digitalari heldu beharko genioke, berandu baino lehen. Euskaldun berriekin batera, euskarazko teknologian aritzeko euskaldunak behar ditu euskarak eta haren komunitateak. Gainera, eremu digitalean, euskara eskura izatea nahitaezkoa da eta eroso izan behar du hautatzeak.