Aldundia eta enplegua

2013ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Euskal politikan nolabaiteko joera dago esanahia modulatzeko, baita guztiz kontrakoa esateko ere, hizlariaren oholtza zer erakundetan jarrita dagoen, horren arabera. Izan ere, alderdi batzuek koordinazioa bultzatzearen aldeko edo bikoiztasunak saihestearen aldeko deialdiak egiten dituzte Eusko Legebiltzarrean, baina, gero, Batzar Nagusietan, aldundiei eskatzen diete beraien eskumenekoak ez diren gaietan lan egitea. Baina zein da Gipuzkoako Foru Aldundiaren egungo gobernuak duen eginkizuna gure Lurraldearen garapenean?

Adibide bat jarriko dut gure erakundeek bizi duten egoera kafkiano hau ulertzen laguntzeko. Orain urte batzuk ekonomia arloko foru diputatu batek, PSEkoa hain zuzen, pentsatu zuen Gipuzkoako Aldundiak gauzak zituela egiteko turismo alorrean, nahiz eta Gernikako Estatutuak oso argi uzten duen Eusko Jaurlaritzari dagokiola turismoa sustatzea. Zergatik? Gai atsegina zelako. Harrezkero, foru gobernuak baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak erabiltzen ditu zeregin horretarako. Paradoxikoa da Gasteizen orduan gobernuan zegoen alderdiak eta, beraz, gai horretan eskumena zuenak, Bilduko gobernuari leporatzea 2012. urtean estatuko bisitarien kopurua jaistearen errua. Baina, orain, ondoena funtzionatzen duen lurraldea Gipuzkoa denean, ez du inork esaten egoera hori Gipuzkoa plazako gobernuari esker dela, nahiz eta emaitza bikainak izan dituen Bordelen eta Tolosan (Frantzia) turistak erakartzeko egin duen kanpainan.

Gipuzkoak du, gaur egun, estatuko langabezia tasa txikiena EPAk emandako datuen arabera, hau da, %13,26ko langabezia 2013ko bigarren hiruhilekoan, %26,26ko batez bestekoaren aurrean, eta baita Hegoaldeko gainerako lurraldeetakoa baino txikiagoa ere: %16,72 Bizkaian, %15,64 Araban eta %18,32 Nafarroan. Izan ere, Gipuzkoan bakarrik gehitu da okupazioa, beste lurraldeetan ez bezala, eta azken bost hilabetetan, gainera, langabeziak behera egin du.

Lurraldean Bilduk gobernatzen duelako izango ote da? Noski, ez. Aldundiak ez ditu ekonomia globalizatu baten joera aldaketa eragin dezakeen politika ekonomiko bat garatzeko behar diren tresnak. Ez du lan arloko legerik egiten. Eta ez du funtsezko tresnarik, besteak beste, enplegu politikak edo diru politikak bultzatzeko (Estatuak ere ez, euroa iritsi zenetik).

Beraz, lurraldearen ekonomia suspertzeko asmoz, Aldundiaren ahalegina bere gastuen aurrekontua ahal den gehien optimizatzera bideratzen ari da. Eta, gure eskumen zuzeneko esparruei dagokienez (gizarte politika, errepideak...), kalitatezko enplegua bultzatu nahi dugu, hitzarmenak betetzea exijituz eta prekarizazioa baztertuz. Horrez gain, iruzur fiskalari aurre egitea, eta lanaren errenten eta kapitalaren errenten arteko zerga-ordainketaren diferentzia murriztea da gure helburua.

Izan ere, kalitatezko enpleguak aukera emango du gastu gehiago egiteko eta, ondorioz, arnasa emango dio kontsumoaren hain behar handian dagoen ekonomiari; hain zuzen, guztiz kontrakoa egiten ari dira, Rajoyren lan erreformaz baliatuz, soldatak murriztu eta Gipuzkoaren egoera Greziak edo Marokok duten egoerara parekatu nahi dutenak. Horretarako ez dugu langile kualifikaturik behar, ezta I+G proiekturik ere.

Hori eskumen propioei dagokienez. Izan ere, gure eskumen zuzeneko esparruak ez diren kasuetan, besteak beste, industria politika, enplegu eta ikerketari lotutako esparruetan, berrikuntza alorreko departamentuak ekintzailetasuna bultzatzeko programa arrakastatsuak jarri ditu martxan, gero Eusko Jaurlaritzak erreferentziatzat hartu dituen programak, hain zuzen ere. Halaber, Lakuako gobernuaren politikak osatzen ditugu internalizazio, IKT eta I+G sektoreetan. Eta zientzia eta teknologia alorretan eskumenak dituzten administrazioek utzitako zuloak tapatzen ditugu. Horrela, talde politiko guztiek ponentzia bat jarri genuen martxan Gipuzkoako Batzar Nagusietan, PSErekin adostutako aparteko kontusaileko 7,6 milioi euroak modu egokienean erabiltzeko politikak aztertzeko, betiere, eragile guztien partaidetzarekin; lehen ere garatzen ziren politika horiek, beste batzuekin batera, enpleguaren alorrera bideratu dira.

Horrela, bada, berrikuntza alorreko aparteko aurrekontutik datozen 13,5 milioi euro horiek eta indargarri gisa jarritako beste 7,6 milioi euro batu ondoren, 21 milioi euro ditugu guztira eta, diru horri esker, 2.000 enplegu baino gehiago sortuko dira, berriak edo finkatuak. Enplegu gehienak, 1.500 inguru, ekintzailetasunari lotutako laguntza lerroei esker sortuko dira. Eta gainerakoak, berriz, Foru Aldundiko alor desberdinen ekintza koordinatuari esker sortuko dira; horrela, Diputatu Nagusiaren Kabineteari atxikitako Lurralde Garapeneko Zuzendaritzak diru laguntzak emango dizkie udalei 200 langabe kontratatzeko eta, halaber, diskriminazio positiboa egingo du lerro horretara bideratutako 1.500.000 euro banatzerakoan, kontuan hartuko baititu langabe gehien dituzten udalerriak. Eta baita ere Gizarte Politikako Departamentuari, Ingurumeneko Departamentuari, eta nire departamentuko berrikuntza, turismo eta landa garapeneko alorrei esker. Beraz, 2.000 enplegu, kontuan hartu gabe merkataritza eta ostalaritzako alorrekin adostutako sustapen ekintzei esker sortuko direnak. Hori guztia lurraldearen ikuspegitik begiratuta, eskualdeen arteko desberdintasunak murrizteko ahaleginak eginez eta gizarte kohesioa bultzatuz.

Foru Aldundiak lehen aldiz jarri du martxan enplegua sustatzeko hain neurri sorta garrantzitsua, eta, zalantzarik gabe, eragin positiboa izango du gure langabezia kopurua hobetzeko ahaleginean. Nahiz eta ekintza horiek abian jartzeak ahalegin handia eskatu, denbora beharko dugu Ander Rodríguez Gizarte Politikako diputatuaren kontra Adegik jarri duen salaketari, eta PSE alderdiak Batzar Nagusietan nire kontra egindako gaitzespenari aurre egiteko. Izan ere, batzuek horrela ikusten dute politika: denak balio du, nahiz eta begien bistakoa izan ez dagoela salaketarako inongo oinarririk, politikaren kudeaketan metodo berriak eta eraginkorragoak sartzen dituena ahultzeko eta horri gobernatzen ez uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.