ELArentzat, euskara gure jardunaren erdigunean izatea erabaki estrategikoa da. Batetik, euskarak gure borroka-eremu den Euskal Herrian izaera kolektiboa errotzeko ezinbesteko elementua da; euskarak lotzen gaitu, mundu justuago baten alde Euskal Herritik borroka egin nahi dugun guztiok elkartasun soka berean; euskarak ematen digu kolektibo baten parte izatearen kontzientzia neurri handi batean. Bestetik, euskarak berezkoa du balio kontrakulturala, hegemonia neoliberalak bultzatzen duen kultura homogeneizatze prozesuan, eta klase sindikatu batek hegemonia horren aurkako baloreak hedatu behar ditu. Laburbilduz, bestelako Euskal Herri bat eraikitzeko, hizkuntza kontrahegemonikoak eskaintzen dizkigun elkartasun sareak eta imajinario kolektiboak, gure jardunaren erdigunean egon behar du. Klase kontzientziak borroka sozialera lotzen gaituen moduan, euskarak borroka hori emango den lurrari lotzen gaitu.
Baina ELAren jarduna gizartean ematen da, eta gizarte honetan euskara zokoratua dago. Are gehiago, gure sindikatuak prekaritatearen aurkako borroka du negoziazio kolektiboko apustu nagusia. Bada, esparrurik prekarioenak aztertzen ditugunean gaztelerazko komunikazioa bera ere, erronka bihurtzen zaigu. Orain gutxi, Bilboko bi Hoteletako 50 gela-garbitzaileen asanblada izan genuen: gehien-gehienak atzerritarrak ziren. ELArentzat euskararen erronka nagusia espazio horretan, gure hizkuntza euskal gizarteko partaide sentiarazteko ezinbesteko elementu bihurtzea da, euskara borroka sindikal eta sozialerako espazioarekin lotuta. Baina nola egingo dugu hurbilketa jende horrengana?
Sindikatu barruan urrats garrantzitsuak egin ditugu euskararen erabileraren alorrean. Gaur egun sindikatuan erabat liberaturik gauden pertsonen artean, euskararen ezagutza %87koa da. Hala ere, ohitura eta inertziei aurre egin behar diegu, oraindik ere ezagutza eta erabilera mailak ez daudelako parekaturik, inondik ere.
Urrats kualitatibo berriak egitea gustatuko litzaiguke. Ziur gaude, guk bezala beste hainbat gizarte eragile ere, horrelako apustuak egiteko prest direla. Lehen urrats moduan, aldibereko itzulpengintza zerbitzuak indartzea eta hedatzea oso ekarpen eraginkorra izan daiteke, eta Eusko Jaurlaritzak bezala, beste erakunde publiko batzuek ere, euskara erabiltzeko borondatea dugun eragileoi zerbitzu hori eskaintzeak, euskararen erabilera biderka dezake, eta esparru kolektiboetan euskararen erabilera egiaz eskubide bilakatzea asko erraztu dezake.
Aldibereko itzulpen-zerbitzua baliatzeko aukera izango bagenu, batetik, asko erraztuko litzateke beharrari euskaraz ekin ahal izatea, eta, bestetik, euskaldunok beti eskean eta lantsu aritu behar izatetik eroso jardutera igaroko ginateke. Bilera askotan euskara erabiltzea ez litzateke arazo bihurtuko, eta, gainera, benetan uste dugu euskararen erabilera normalizatzeko bidean jauzi handia izan litekeela zerbitzu hori publifikatzea eta orokortzea, gizartean ondo txertatuta gauden erakunde eta elkarteei euskararen erabilera asko hedatzeko aukera emango bailiguke.
Pentsa zer-nolako aukerak zabalduko liratekeen Jaurlaritzan, foru aldundietan, edota udal eta mankomunitateetan aldibereko itzulpen-zerbitzuak abian jarrita, dela erakundeon beharretarako, dela herriz herriko ikastetxeen, dela era guztietako elkarteen beharretarako!
Aldibereko itzulpen zerbitzu publiko doakoak indartuta eta hedatuta, asko erraztuko litzateke sindikatu eta bestelako erakunde euskaltzaleon jarduna, euskararen erabilera normalizatzeko bidean urrats esanguratsuak eman ahal izatea ahalbidetuz; areago, lan-munduan (eta beraz gizartean) eragiteko daukagun gaitasuna aintzat hartuta, eragina sindikatuotatik haratago zabalduko litzateke.
Oro har, euskaldun ororen hizkuntza eskubideak egun baino askoz neurri handiagoan errespetatuko lirateke bidenabar. Gogora datozkigu ere, ikastetxeetako guraso-bilerak, kirol elkarteetako bazkideenak, era guztietako erakunde eta elkarteen batzarrak...
Eskari hau Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari luzatu diogu dagoeneko. Erantzunaren zain gaude, itxaropentsu, besteak beste Euskaraldia betikotzen lagunduko bailuke.
ELAn elkarlanerako prest gaude.
Aldibereko itzulpen-zerbitzuak eskueran jartzeko proposamena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu