Alderdiak vs herria

2024ko urriaren 10a
05:00
Entzun

Askatasuna lortzeko gure herriak aurrera eraman beharreko estrategiari buruzko Udaren adarretan izenburuko artikulu mamitsua eskaini digu BERRIAn Karmelo Landak 2024ko irailaren 21ean. Oso artikulu sakona da, eta, planteatzen dituen argudio batzuekin ados ez nagoenez, hausnarketa batzuk egin nahi ditut, gaia bere osotasunean ulertzeko eta euskal arazoari egiazko irtenbidea emateko lagungarri izango ditugulakoan.

Lehenik eta behin, Euskal Herrian zein Katalunian, alderdi abertzale instituzionalak beren dinamikarengatik estatu espainiarrean gero eta integratuago agertzen direla esaten digu Landak. Halaber, Espainiako zein Frantziako ezker sozialdemokrata progresistak Euskal Herriaren eta nazio zapalduen desnazionalizaziorako tresnarik indartsuenak direla azaltzen du. Planteamendu hori behin baino gehiago egin da Euskal Herriaren aldeko mugimendu abertzalearen historian, gogoratu besterik ez dira egin behar Txillardegi eta Telesforo Monzon abertzale handien tesiak, eta aurreko artikulu batean esan nuena errepikatuko dut, gaiaz azken hitza esateko inolako asmorik izan gabe eta eztabaida bat sortzeko itxaropenarekin: planteamendu teoriko gisa, ados egon naiteke Landak defenditzen duenarekin, hots, Espainiako ezkertiarrak kontuan hartu gabe euskaldun eta abertzaleek geure estrategia propioa sortzea, Euskal Herriaren askatasunera eramango gaituena. 

Zer gertatzen da, ordea, praktikan? Frankismoaren kontrako borrokan, trantsizioaren urteetan eta, agian, 80ko hamarkadan bizi izan genuenaren kontra, herri gisa ez dugu fronte abertzale zabal bat sortzeko adina indarrik gaur egun Euskal Herrian. 

Arrazoiak asko dira, sakon eta arreta handiz aztertu beharko genituzke eta, haien artean, ez da txikiena, nire ustez, borroka armatuaren aurreko zikloan bizi izandakoak (presoak, errepresioa, hilketak, torturak, mehatxuak, euskal komunitatearen zatiketa…) euskaldun eta abertzaleoi eragin digun nekea. Horrek guztiak oztopoak jartzen dizkigu herri eta komunitate gisa elkartzeko eta aurrerapausoak emateko orduan. 

Bai, nik neuk ere miretsi nuen, besteak beste, Telesforo Monzon, eta, berez, euskaldun guztiok elkartzearen aldeko planteamendua defendituko nuke, baina, gauden egoera ikusita, Euskal Herriaren nazio eskubideak onartuko dituen ezker aurrerakoiak Espainian agintzea besterik ez zaigu geratzen. Espainiako ezkertiar horiek beraien hitza beteko al dute? Fidatzeko modukoak al dira? Ez dago jakiterik, baina kontu horiek geroago aztertuko dira eta, haiekin betiere erne egon beharko dugun arren, hori dugu gaur egun irtenbide bakarra. Ezin dugu frankista espainiarrak Espainiako Gobernuan berriz egotearen arriskua geure gain hartu, oso ondorio larriak izango baikenituzke gure herriarentzat.

Bigarrenik, Karmelo Landak artikuluan esaten du Euskal Herria nazio gisa sendotzeko estrategia mamitu ahal izateko ahalmena eta baliabideak dituela gaur egungo euskal gizarteak, baina gidaritza politikoan krisi nabarmena pairatzen dugula; hots, herria bide horretan ibiltzeko prest dagoen arren, alderdi politikoen zuzendaritzek huts egiten dutela. Planteamendu horren guztiz kontra nago eta azalduko dut zergatik. Alderdi politikoek beren egitura sendoak dituztela ikusten dut —Konferentzia Politikoa egin du egun hauetan EH Bilduk, oso balantze positiboak egiten ditu; EAJk ere ondo finkatuta ditu bere egiturak—, baina ez dira euskal gizartearen gidaritza aurrera eramateko gauza, egitura indartsu eta sendoak dituzten arren. Zergatik? Erantzuna, nire ustez, argi dago: euskal gizartea da, hainbat eta hainbat arrazoirengatik, ibiltzeko gogorik ez duena eta, egiturak  ditugun arren, herri gisa ez goaz aurrera. 

Bai, kontrakoa frogatzeko adibide batzuk ipintzen ditu Landak —Bilboko Aste Nagusian Itziar Ituñok pregoia euskara hutsez irakurri izana, Baionan Gorka Torrek euskaraz epaile frantsesei aurre egin izana…—, baina, pertsona horiek inolaz ere mespretxatu gabe, iruditzen zait oso egoera minoritarioak direla eta herriko sektore oso zehatz batzuek eramaten dituztela ekimen horiek aurrera. Meritu handikoak, bai, baina oso mugimendu txikiak dira eta, nire ustez, ez dute euskal gizartearen egoeraz lehenago esandakoa baliogabetzen.

Amaitzeko, Euskal Herriak askatasunaren bidean urratsak eman nahi baditu, hau esango dut: euskal gizartea —eta ez alderdi politikoak— aktibatu behar da eta, horretarako, aurreko zikloaren zauriak sendatu behar dira. Ezker abertzalekoa den, edo zen, Julen Mendozak BERRIAn 2024ko irailaren 6an esandako hitzekin emango diot artikuluari bukaera: «Uste dut indarkeria politikoaren edo gatazkaren ondorioak gero eta lausotuagoak gelditzen ari direla, eta horrek kezkatzen nau… gaia ez dela behar bezala itxi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.