Pedro Sanchezek 2018ko ekainaren 1ean aurkeztutako zentsura mozioa aurrera atera zenetik eta, horren ondorioz, Mariano Rajoyk gidatzen zuen gobernua bertan behera geratu zenetik, Alderdi Popularra noraezean dabil. Ez du ez posizionamendu politiko argirik ez diskurtso finkorik proposatzen, testuinguruen, indar-harremanen eta hauteskundeen emaitzen arabera jarrera bat ala bestea mantenduz.
Izan ere, zentsura mozioa galdu ostean, Alderdi Popularrak primarioak antolatu zituen 2018ko uztailean. Pablo Casado Soraya Saenz de Santamariari gailendu zitzaion bozen %57rekin. Kanpainan zehar, garaileak posizionamendu gogor bat mantendu zuen Jose Maria Aznarren tesiekin bat eginez, Alderdi Popularra eskuinera norabideratuz eta eskuinen arteko aliantza bilatuz. Baliogarria izan bazitzaion primarioak irabazteko, bertan batik bat militante sutsuenek parte hartzen baitzuten, arazoa bilakatu zen alderdi horren espazio politikoa mugatzen zuelako.
Casadoren asmoa zen Alderdi Popularra eskuinen erdian kokatzea aliantzak ahalbidetze aldera. Maila batean, estrategia horrek funtzionatu zuen, 2019ko lehen hauteskunde autonomikoetan, Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek gobernuak osatu baitzituzten Madril, Andaluzia eta Murtzia bezalako erkidegoetan eta Madril gisako udaletan, betiere Voxen kanpoko babesarekin.
Kontua da estrategia horrek Alderdi Popularraren espazio politikoa mugatzen zuela, zeren, alde batetik, zentro-eskuineko hautesleriaren zati bat Ciudadanosera zihoan liberalismo ekonomiko eta europar eraikuntzaren aldekoak zirelako, eta, beste aldetik, eskuin-muturreko hautesleria Voxera zihoan, nazionalista espainiar amorratuak eta kontserbadoreak baitziren. Horren ondorioz, Alderdi Popularrak bere emaitzarik kaskarrenak lortu zituen 2019ko apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan, 66 eserleku besterik ez baitzituen eskuratu.
Egoera horren aurrean, eta autonomia erkidegoetako baroi batzuen presiopean, Alfonso Alonso eta Alberto Nuñez Feijoo barne, Pablo Casadok bere diskurtsoa zerbait leundu zuen. Horri esker, 2019ko azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan, Alderdi Popularrak zerbait gora egin zuen, 89 eserleku lortu baitzituen. 2011ko 186 diputatuetatik urruti, baina 2019ko lehen hauteskunde orokorretan baino hobeto, bai eserlekuetan bai bozetan.
Bazirudielarik Alderdi Popularrak zentro-eskuinerako bidea hartuko zuela, Casadok berriz ere bere diskurtsoa erradikalizatu zuen, baita izendapen adierazgarriak egin ere: Cayetana Alvarez de Toledo Alderdi Popularreko bozeramaile izendatu zuen Espainiako Diputatuen Kongresuan eta Carlos Iturgaitz Alderdi Popularraren eta Ciudadanosen arteko koalizioko hautagaia lehenetsi zuen lehendakari izateko.
Era berean, Alderdi Popularrak oposizio sistematikoa egin zion Sanchezen gobernuari, kritika zorrotzak plazaratuz eta estatu akordioak alboratuz. Horren ondorioz, espainiar estatuko bi alderdi nagusiak ez dira adostasun batera iritsi, besteak beste, Auzitegi Gorena, Auzitegi Konstituzionala edo Herriaren Defendatzailea eraberritzeko.
Estrategia horrek ez dio etekin handirik eman hainbat erkidegotan, Alderdi Popularra-Ciudadanos koalizioak sei eserleku besterik ez baititu lortu Euskal Autonomia Erkidegoan, 60.650 boto bereganatuz, 2001ean lortutako 19 eserleku eta 326.933 bozetatik oso urrun. Alderdi hori marjinala bilakatzeko bidean dago Euskadin, eta antzeko egoeran dago Katalunian. Aldiz, askoz emaitza hobeak lortu ditu Galizian, non Nuñez Feijook moderazioaren, zentralitatearen eta profil propioaren apustua egin duen.
Azkenik, Voxek Pedro Sanchezen aurkako zentsura mozioa aurkeztu duenean, 52 eserleku izateak hori baimentzen baitio beste alderdi baten babesa eduki behar izan gabe, Alderdi Popularrari kostatu zaio bere posizioa finkatzea. Ezezkoaren alde egiten bazuen, bere hautesleriaren zati erradikalena galtzeko arriskua zeukan eskuin-muturraren mesederako, eta, aldiz, abstentzioaren apustua eginez gero, zentro-eskuineko hautesleria beldurtzeko kinka larrian zegoen. Azkenean, zalantzak uxatuz, Casadok ezezkoaren aukera hobetsi du Voxen aurkako diskurtso gogor bat eginez eta eskuin-muturrarekin distantziak markatuz.
Baina, diskurtso hori egin eta egun gutxira, Alderdi Popularrak azpimarratu du Sanchezen aurkako zentsura mozioaren kontra bozkatu izanak ez duela Ciudadanos eta Voxekin dituen akordioak hunkitzen eta, horren ondorioz, ez daukala bere aliantza sistema aldatzeko asmorik, ez epe motzean behintzat.
Jarrera horrek zalantza handiak sortu ditu, bai hauteslerian bai gainontzeko alderdien artean, ez batzuek ez besteek ez baitakite ea Alderdi Popularraren estrategia-aldaketa sakon baten atarian gauden ala ondoriorik gabeko ariketa diskurtsibo soil baten aitzinean.
Edozein kasutan, argi dagoena da, Alderdi Popularrak Voxen ideiak bereganatuko dituen bitartean eta zentro-eskuinaren, eskuinaren eta eskuin-muturraren arteko aliantzak hobetsiko dituen bitartean, ez duela bere eremu politikoa hedatuko zentralitatea berreskuratze aldera, eta Vox hauspotuko duela.
Alderdi Popularra noraezean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu