Alderdi Popularra, immigrazioa eta gizarte-prestazioak

2014ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Badirudi Euskal Autonomia Erkidegoko Alderdi Popularrak arazo bat duela immigrazioarekin eta gizarte-prestazioekin. Bere buruzagiek, arabarrek batez ere, hilabete pasatu dute immigrazioaren eta indarrean dagoen gizarte-prestazio sistemaren aurka hitz egiten, uztailaren erdialdetik abuztuaren erdialderaino, nahiz eta beraietariko inork (Jabier Maroto, Jabier de Andrés, Laura Garrido, Arantza Quiroga, Ramon Gomez edo Ana Moralesek) proposamen alternatibo garbirik ez azaldu.

Esan dezakegu Alderdi Popularrekoek immigrazioa eta gizarte prestazioekiko han eta hemen dauden estereotipo eta zurrumurru guztiak bildu eta jarri dituztela dantzan, hala nola prestazio-iruzurra, prestazio-jasotzaile atzerritarrek eta batez ere magrebtarrek ez dutela lanik egin nahi, urteak daramatzatela alferkerian bizitzen bertakoek egindako kotizazioekin eraikitako laguntza-sistemaren babespean edo, bereziki Arabak, dauden prestazioei esker dei-efektu jasanezina pairatzen duela.

Adierazpen horien guztien buru, nahiz eta goian aipatu dudan bezala bakarra ez izan, Jabier Maroto Gasteizko alkatea izan da. Bera izan da adierazpen larrienak egin dituena, immigrazioarekiko iraingarrienak, eta gaur egun Europa osoan alderdi neopopulistek, eskuin muturreko alderdiek, gai honekiko erabiltzen dituzten ideia berberak erabili dituena, lehentasun nazionalean oinarritutakoak. Baina bera baldin bada muturrera joan dena, beste buruzagi guztien onarpenarekin joan da. Inork ez dio zuzendu. Guztiak joan dira bere atzetik, berak esandakoa osatzen, aspektu konkretu bat edo bestea azpimarratzen. Eta berak, eskuin muturreko neopopulismoan oinarritutako solo adierazgarrienak egiten ditu orkestra honetan.

Azken bi edo hiru urteetan, Jabier Marotok behin eta berriz egin ditu antzeko adierazpenak. Berak esandakoa, gaur egungo estatuko Atzerritarren Legearen aurka doa, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoan egun indarrean dagoen gizarte-prestazioen arautegiaren aurka ere. Atzerritarren Legeak, bere 14.3 artikuluan, zera dio: «Atzerritarrek, edozein izanda ere bere egoera administratiboa, zerbitzu eta oinarrizko gizarte-prestaziok jasotzeko eskubidea dute». Eta Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta oinarrizko gizarte-prestazioa da. Legea apurtu barik, ezin daitezke langile atzerritarrak baztertu, nahiz eta hori izan Jabier Marotok eta bere lagunek nahiko luketena.

Eskubide eta gizarte-prestazioekiko Jabier Marotoren diskurtsoak, izugarrizko antza du Jean-Marie Le Penek joan den mendearen laurogeigarren hamarkadan egiten zuenarekin. Stéphane François historialari frantsesak esaten duen bezala, «Jean-Marie Le Penen populismoa, gizarte-eskubideak etorri berriekin, immigranteekin, banatzearen aurkako errebolta batetik dator, bere iritziz merezi ez dituztelako. [...] Populismo forma honek, arbuiatu egiten du pertsonekiko elkartasuna, plurala den eta zatituta dagoen gizarte batean».

Jabier Maroto eta, bere diskurtsoa zalantzan jarri gabe berarekin bat ageri den bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko Alderdi Popularra, gizartea banatzearen alde, zatitzearen alde azaltzen da. Beti gaude «gu», «bertakoak eta besteak, atzerritarrak» eta «beste horiek ezin dituzte arlo batzuetan bertakoen eskubide berberak eduki». Hori da «marokoarrak eta aljeriarrak guztiok ordaintzen ditugun laguntza sozialetatik bizi dira» esanaren logika. Bere buruan ez da sartzen gizarte-prestazioen aurrean hiritar osoak direla, edozeinek dauzkan eskubide berberak dituztela, baldin eta jarritako arauak betetzen badituzte. Eta behin eta berriz errepikatzen badu ideia hori, urteak baldin badaramatza gauza bera esaten, berdintasunaren ideia horretan sinesten ez duelako da, eremu horretan gizatalde bat bertan jaioa ez delako diskriminatzea zilegi dela pentsatzen duelako, gizatalde hori atzerritarra delako, nahiz eta estatuko araudiak eta bertakoak kontrakoa esan.

Atzerritar izatea, edozein lekutan, egoera berezia eta ondorioz betea da. Atzerritarrek ez dute inon bertakoek adina eskubide. Eskubideen berdintasun hori nazionalitatea eskuratzen denean lortzen da. Hala ere, bai hemen eta bai Europa Batuko beste herrialde batzuetan, eskubideen berdintasunean oinarritutako eremu sozial konkretu batzuk daude, hala nola gizarte-prestazioen arlo hori adibidez, lehen aipatu dudan bezala. Eta hori da lehentasun nazionalaren ideia horrekin apurtu nahi dena, eskubideen berdintasunean oinarritutako eremu konkretu horiek desegin nahi dira. Orain arte ondasun kolektiboak zirenak, norberaren jatorria zein den kontuan hartu gabe bertan bizi garen guztiontzat, zatitu.

Jabier Maroto eta Alderdi Popularraren immigrazioarekiko eta gizarte-prestazioekiko ideiak eskuin muturrak eta tradizionalak elkartzen diren eremu gris horretan kokatzen dira, nahiz eta beste arlo batzuetan kontraesanak azaldu, Europa edo euroari buruz adibidez. Gauza bera gertatzen da Europako beste herrialde batzuetan.

Prest al dago Alderdi Popularra ideia-eremu horretan buru-belarri sartzeko? Europako esperientziak erakusten digu saltsa horretan sartzeak ondorioak dituela, ez dela debalde. Nikolas Lebourg historialari frantsesak esaten duen bezala, «1980tik, gutxienez hamalau lurraldetan saiatu dira eremu parlamentariotik indar populistei oztopoak jartzen, immigrazioarekiko beraien ideia berberekin lehian sartzen. Sistematikoki, eskuin muturra atera da garaile».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.