Zer esana eman du Oriol Junquerasek ekainaren 7an Ara egunkarian idatzi zuen Mirant al futur artikuluak. Bertan, oinarri independentista zabaltzearen inguruko gogoeta bat egiten du. Laburbilduz, aldebikotasunak, aldebakartasunak ez bezala, oinarria zabaltzeko balio omen du. Ondorioz, aldebakartasuna baztertuz aldebikotasun hutsaren alde egin behar omen du independentismoak. Kartzelan dagoenari zor zaion errespetutik abiatuta, artikulu horretako gogoeta nagusia okerra dela argudiatzen saiatuko naiz irekita uzten ditudan zazpi hausnarketaren bidez:
1.- Aldebikotasun hutsak politikaren elitizazioa dakar. Aldebakartasuna lehenesteak, berriz, politikaren horizontaltasuna indartzen du. Aldebikotasunak alderdien arteko bilera ilunetan jartzen du balizko prozesu indepe baten fokua. Egin, politikariek egingo dute. Herritarrei, berriz, fedea edukitzea eta, eskatzen zaienean, botoa ematea dagokie, soilik. Aldebakartasunak, berriz, politikaren deselitizazioa dakar; argia, alderdien bulego opakuetatik herritarrez beteriko plazetara eramaten baitu. Aldebikotasun hutsean jendartea objektua da. Aldebakartasuna lehenetsiz aldebikotasunari muzin egiten ez dion ikuspegian, berriz, jendartea subjektua da. Eta hori, independentismoa den mugimendu askatzailearen aktibaziorako eta oinarria zabaltzeko ezinbesteko baldintza da.
2.- Goiko ideiatik tiraka, politika ulertzeko modu bat da agerian jartzen duena aldebikotasun hutsak: politikaren kosmobisio partidista. Politika ulertzeko modu horrek uste du gehiengoak beti alderdien arabera neurtzen direla. Berdin du eutanasiaren aldeko gehiengoa izan, etxebizitza eskubidearen aldekoa, lan baldintza duinen aldekoa edo independentziaren aldekoa izan. Edozein subjektu politiko alderdi politikoetara makurtzen du. Kosmobisio horrek alderdien muga zurrunak jartzen dizkie hazi nahi duten subjektu politikoei. Alderdiak dira politikaren neurria eta, ondorioz, muga. Ikuskera horretatik aldentzen hastean zabaltzen da askapenerako aukera eta oinarria.
3.- Independentismoa identitate esentzialista moduan hartzeko joera dago aldebikotasun hutsak indartzen duen politikaren kosmobisio partidistan. Ideia hau hobeto azaltzeko, Espainiak urte luzez erabili duen argudio bati helduko diogu: Espainia demokrazia bat denez, Espainiako legeak demokratak dira. Gurean ere, argudiaketa mota bera agertzen hasi da azkenaldian: X alderdi indepea denez, egiten duen edozer independentziaren aldekoa da (Europako funtsak, Espainiako aurrekontuak). Esentzialismoan oinarritzen den argudiaketa horrek, independentismoa edozer justifikatzera daramanez, ahuldu egiten du.
4.- Junquerasen gutunetik ondorioztatzen den beste ideia bat daaldebikotasuna inklusiboa dela, eta aldebakartasuna, baztertzailea. Ideia horrek, erreala ez izateaz gain, unionismoaren marko diskurtsiboa irensten duenez, independentismoari kalte egiten diola uste dut. Kataluniaren kasuan argi ikusi daitekeen moduan, Urrian 1eko aldebakartasunak guztion eskubideen aldeko eskaria egiten zuen. Pedro Sanchezen aldebikotasunak, berriz, unionismoaren pribilegioak babestea du xede. Oinarri demokratikoa eta, beraz, inklusiboa, aldebakartasunak zabaltzen du askapen prozesuetan.
5.- Junquerasek, artikuluan, aldebakarreko bidea aparte utzi eta Eskoziako ereduaren alde egin behar dela dio. Kontu honetan, baina, bada aipatzen ez duen ñabardura garrantzitsu bat; Erresuma Batuko Gobernuak, 2014an egin zuen moduan, berriro erreferendum bat onartzea oso probabletzat ikusten du bertako jendarteak. Aldebikotasun hutsa, hortaz, bide sinesgarria da Eskozian. Espainiako Gobernuaren kasuan, berriz, jendarte osoak daki ez duela onartuko; ez da bide sinesgarria. Sinesgarritasunarena funtsezko kontua da jendartearen aktibazioaz eta oinarriaren zabaltzeaz ari bagara. Estatu espainiarraren aurrean aldebikotasun hutsaren alde egiteak sinesgarritasuna kentzen dio independentziaren proiektuari eta, beraz, indargabetu egiten du.
6.- Historiak diosku Kataluniakoa eta Euskal Herrikoa bezalako kasuetan aldebakartasuna baztertzea ez dela egokiena. Independentzia nahiaren inguruan egiten diren inkestak eta aldebakarreko momentu gorenak kontrajarriz gero, argi ikusi daiteke aldebakarreko momentu goren horietan egin duela gora independentismoak. Jendartean orduan ikusten baita independentziaren aukera posible.
7.- Junquerasek dioenaren kontra, aldebikotasuna eta aldebakartasuna, biak dira beharrezkoak askapen prozesu batean. Aldebakartasuna jendartean indar posizioa eta legitimitatea eskuratzeko bidea da. Aldebikotasunak, berriz, jada lortu duzun horri zigilua jartzen dio. Finkatu egiten du. Aldebakartasunetik lortu ez dena ez da aldebikotasunetik lortuko. Horregatik, aldebikotasun hutsak ez du inoiz gehiengorik sortuko. Edozein negoziazio prozesutan sartu aurretik kontuan eduki beharreko oinarrizko araua da hori.
Egin ditudan hausnarketa hauetatik ondoriozta daiteke, aldebikotasun hutsak, politika zaharraren jite guztiak bere egiten dituenez, burujabetzak ukatzen dizkigutenen indar posizioa ez duela higatzen. Eta indarrean dauden markoak onartzera garamatzanez, ez diola edozein askapen mugimenduk derrigorrezkoa duen marko berriak sortzeko imajinazio politikoari tarterik uzten. Aldebikotasun hutsak independentismo gris batera garamatza, euskal errepublika lortzeko inongo gaitasunik gabea.
Aldebikotasun hutsaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu