Aldarrikatzetik egikaritzera, posible delako

Olatz Osa
2016ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Durangoko Azokaren aurtengo edizioa pasatu berri den honetan, «eta orain zer? Kultur industriak, sortzaileek... zein panoramari egin behar diote aurre? Nola sendotu, gorpuztu, habe sendoak jarri egiturari» galderari ertz askotatik erantzun dakiokeen arren, eta, orokortzeak eta laburbiltzeak dituen arriskuak arrisku, bi egiteko nagusi ikusten ditut etorkizunean ere: egin eta eragin.

Egiten, sortzen, ekoizten, sortu eta ekoiztutakoa gizarteratzen eta merkaturatzen jarraituko dugu sortzaile eta kultur eragileok, berriz ere. Aitortzarik gabe sarritan, prekarietatean gehienetan, ekoiztutakoa gizartean eta merkatuan ikusgarri egiteko zailtasun nabarmenekin bada ere, egiten jarraituko dugu iraganean egin bezala, orain eta etorkizunean. Eta hala egingo dugu sortzen eta ekoizten jarraitu nahi dugulako, hala nahi dugulako, egiten dugun neurrian garelako nor, egiten dugun horretan sinesten dugulako, norbanako bezala eta kolektiboki sortzen, ekoizten eta merkaturatzen jarraitzeko erabakia hartua dugulako, kultura gizarte ongizatearen zentralitatea edo muina dela ulertzen dugulako.

Horrenbestez, dagoeneko abian diren kultur proiektuak eta orain ezinezkoak diruditen proiektu berriak sustatzen eta sustengatzen jarraituko dugu Durangoko Azokaren hitzorduari begira, baina baita urte guztian zehar ere, bakarka zenbaitetan eta indarrak metatuz beste eragile batzuekin elkarlanean, beste batzuetan.

Ahaleginak ahalegin, kontua da nola irauli kultur sortzaile eta eragile askok aspaldian kulturgintzaren egoerari buruz partekatzen dugun diagnosia, nola lortu kulturgintza biziraupenezko egoera betiereko honetatik ateratzea, periferiatik urrundu eta kulturari gizartean zentralitatea ematea.

Durangoko Azokan bertan, orain dela urtebete antolatu zen Gogoetaren Plazan, estatu itun gisako baten beharra aipatu genuen kulturgintzaren egungo iraupeneko egoeratik ateratzen laguntzeko. Luzera begirako kultur estrategia bateratu bat bilduko duen akordio nazionala. Eragile politikoen eta gizarte zibilaren herri ekimenaren artekoa.

Solasaldi batean erraz samar esaten direnak ekintza konkretuetara eramatea eta gorpuztea zenbat kostatzen den badakigu. Itun edo akordio bat aldarrikatzetik egikaritzera bide luzea dago, zinez luzea eta mehatxuz eta zailtasunez betea, baina ez da ezinezkoa. Nago sortzaile eta kulturgile gehienok ikusten dugula urrats kualitatiboak emateko beharra, epe luzera begira jartzekoa, estrategiak adostu eta zorroztekoa. Inor gutxi asetzen dute legealdien morrontzan egiten diren edo egiten ez diren kultur politikek, dirulaguntzek eragiten dituzten menpeko harremanek, proiektuak jasangarri egiteko ekuazio ezinezkoek. Kulturgintzan dihardugun gehienok, denok ez esateagatik, pentsatzen dugu zerbait egin beharra dagoela periferiatik eta biziraupenetik ateratzeko, jarduneko baldintzak nabarmen hobetzeko, elkarren artean saretzeko.

Bada, zerbait horretan pentsatzen hasita, oraintsu sinatu den Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa etorri zait burura. Gizarte eragileen ekarpenarekin ondu den lanerako tresna, hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak ziurtatzeko helburuarekinbildu eta adostu den neurri sorta. Gizarte eragile askoren ekarpena jaso duen prozesu parte-hartzailea izan da. Gutxieneko neurri zehatzak biltzen ditu, eta norabide bat. Norberak konpromisoak hartu eta beste eragile batzuk ere har ditzaten eragiteko tresna, azken finean.

Protokoloak kultura arloko neurri sorta bat ere jasotzen du. Hizkuntza eskubideen ikuspegitik proposatutako neurriak dira, eta, hortaz, neurri horiek ez ezik, kulturgintzaren beste aspektu batzuk ere jasoko lituzketenekin osatu beharko litzateke. Baina aintzat hartzeko abiapuntua izan liteke aldarrikatzen dugun itun, akordio eta estrategia bateratu horren edukiak zehazten hasteko.

Azken batean, nora iritsi nahi dugun eta nola iritsiko garen jasoko duen estrategia eta urratsak bilduko dituen dokumentua behar dugu, neurri zehatzak eta baliabideen zenbatekoak jasoko dituena. Ez apala batean utzi eta hautsak jango duen dokumentu bat. Eragiteko tresna izango den eduki multzo bat baizik. Kulturgintza zibilari norabidea eta lehentasunak argituko dizkiona eta maila desberdinetako herri-administrazioak, bakoitzak duen erantzukizunetik baliabideak jartzera eta neurriak hartzera konprometituko dituena.

Protokoloak jasotzen duena abiapuntu bat izan liteke. Prozesu horretan parte hartu duten kultur eragileek bide bat egin dute elkarrekin; beraz, ez dugu zerotik abiatu behar, jarrai dezagun kultur eragile gehiagoren ekarpenak inguratu eta perspektiba zabalduz neurri gehiago biltzen, lehentasunen arabera ordenatzen eta edukietan sakontzen. Zehaztu dezagun akordio nazional horren edukiak osatzeko epe bat, erreala baina zehatza.

Eta eragin dezagun. Jarraian abiatu dezagun dinamika bat, zeinak eragile politikoek zein gizarte zibilak planteatuko dituzten neurriak kontuan hartuz, akordio eta kultur politika batera eramango gaituen.

Iritsiko da datorren urteko Durangoko Azoka ere. Iaz aldarrikapena zena, datorren urtean egikaritze bidean izatea da erronka. Badugu zer egin, badugu zertan eragin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.