Kazetaria

Aldaketaren eta betikotasunaren arteko talka Irlandan

Itziar Irwin
2024ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

Azken 100 urteetan, Irlandako Errepublika sortu zenetik, alderdi berak egon dira gobernuan, txandaka: Fianna Fail eta Fine Gael izan dira agintean, azken bi legealdietan gobernua partekatuz. Eta momentu honetan ematen du hurrengo gobernua ere bide beretik joango dela. Betikotasun horren aurrean, aldaketarik ez da espero; baina aldaketa zantzuak baziren duela gutxi arte. Orain dela urtebete, politologo eta analista guztiek segurutzat ematen zuten Sinn Fein gobernuan egoteko, duda zen Fianna Fail edo Fine Gael gabe posible izango ote zuen gobernua osatzea. Bi aukera ikusten ziren: gobernu bat alderdi guztiekin edo ia guztiekin, Fianna Fail eta Fine Gael izan ezik, edo Sinn Fein eta Fianna Fail edo Fine Gael, emaitzaren arabera.

Baina politikan, aste batean gauza asko gerta daitezke, eta urtebetean askoz gehiago. Eta Irlandan are gehiago, ze hemen kanpainak oraindik badauka eragina. Azken hauteskunde orokorretan, inkesten arabera, %8k azken 24 orduetan erabaki zuten botoa, beste %44k kanpainan zehar. Eta aurten, udal eta europar hauteskundeetan, zenbakiak are handiagoak izan dira: %20 eta %28 izan ziren botoa azken 24 orduetan erabaki zutenak. Hori dela eta, azaroaren 29ko hauteskundeetarako kanpaina ez da tramite hutsa inorentzako, eta are gutxiago Sinn Feinetzako. Sinn Fein Dublineko gobernurako alternatiba bihurtu zen, baina pandemiaren osteko hiru urteetan eskuin muturrak izandako gorakadarekin, Irlandako Errepublikako egoera politikoa aldatzen ari da.

Sinn Feinen emaitzak ekaineko udal hauteskundeetan ez ziren espero bezain onak izan, eta orain beste erronka bat dauka aurrean, Irlandako hauteskunde orokorretan. Irlandako politika pixka bat jarraitzen duen edonor konturatu da alderdi eskuindarren gorakada bereziki indartsua izaten ari dela langileen auzoetan, Sinn Fein tradizionalki indartsua izan den eremuetan.

Egoera horretan Sinn Fein saiatzen ari da bide berri bat irekitzen: Frantziako liberté, egalité, fraternité eta Donald Trumpen hesia biltzeko proposamenaren erdibide bat. Zaila da moderatu bezala bidea egitea eskuin muturraren gorakadaren aurrean.

Alde batetik, Sinn Feinen estrategia da alderdiko lehendakariarena: Mary Lou McDonaldi elkarrizketa batean galdetu ziotenean ea zer zeuzkan esateko sarean bolo-bolo zebiltzan bideoei buruz —non Sinn Feineko militanteak ageri diren kanpainan botoa eskatzen, eta herritar batzuek «traidore» oihukatzen diete irlandarrak ez defenditzeagatik «atzerritarren inbasioaren kontra»—, eta ez zuen inolako arazorik izan erantzun zuzen eta garbi bat emateko, nabarmenduz holako irainak botatzen dituen jendea ze motatakoa den garbi dagoela. Gero Belfasteko Ormeu Roaden ageri dira, loialistekin txantxak egiten Graham apustu etxe aurrean, non bost katoliko hil baitzituzten talde paramilitar loialistek. Aldi berean, McDonaldek ez zuen ahaztu azpimarratzea asilo eskatzaileentzako egoitzen lekuak aukeratzerakoan, jadanik zerbitzu eskasak dauzkaten zona komunitateak ez direla aproposenak. Eta, momentuz, gobernuaren politika hori da.

Beste aldetik, Gerry Adams Sinn Feineko buruzagi ohiak, Léargas bere asteroko podcastean, sarritan aipatu du eskumaren gorakadaren fenomenoa. Podcastean Adamsek nahiko garbi laga du bere jarrera arrazismoaren eta faxismoaren kontra, eta aldi berean garbi utzi langile auzokoen kexuak. Adamsen ikuspuntutik, berdintasuna eta demokrazia batera doaz. Haren iritziz, zerbitzu publikoak ematea, etxe sozialak arrazoizko prezio batean eskaintzea eta behar den moduko osasun zerbitzu bat izatea da modurik egokiena demokrazia hondatu nahi duen eskuin muturrari aurre egiteko. Adamsen hitzetan, «etxe faltaren edo zerbitzu sozialen faltaren errua atzerritarrei botatzen dietenei, esan behar diet zerbitzu sozialak ailegatu ezina edo etxe falta Irlandako ipar eta hegoan ez dela immigranteen errua, gobernuena baizik; eta bereziki Dublinekoarena».

Beste aldetik, Sinn Feineko diputatu batzuk daude, Donegaleko Pearse Doherty alderdiko finantzetarako bozeramailea, edo Claire Kerrane alderdikoko integraziorako bozeramailea kasurako. Ez dira izan hain trebeak immigrazio gaia tratatzean; ez dagoena garbi da bere jarreraren zergatia, izan arazo konplexuaren aurrean beren ezjakintasuna, edo izan azken hauteskunde emaitzen aurreko erreakzio pentsatu gabekoa. Batak erosi du eskuin muturreko diskurtsoa, esanez lekua beteta dagoela, eta besteari okurritu zaio esatea deportatu egin behar direla immigrante guztiak delitu bat eginez gero.

Eta ekainetik gauzak ez dira baretu Sinn Feinentzako, guztiz kontrakoa: hasierako arazoa baldin bazen eskuin muturraren gorakada, azken hilabeteetan egunkarietan bata bestearen atzean atera dira Sinn Feinen barruan «jarrera desegokiak» direla eta dimititu duten edo bota dituzten alderdiko karguen kasuak. Egiari zor, kasu antzerakoak edo okerragoak egon dira beste alderdietan, baina komunikabide ofizialen oihartzuna ez da berdina izan.

Egoera honetan, ez da batere erraza asmatzea zein izango da hauteskundeen emaitza. Betikotasunera itzuliko dira hautesleak? Sinn Feinek lortuko du buelta ematea azken hilabeteko beherakadari? Eta akaso garrantzitsuena: eskuin muturrak lortuko du ordezkaritza Dublineko parlamentuan? Azaroaren 29an jakingo dugu erantzuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.