Gero eta konektatuagoa den mundu honetan —non muga geografikoak lausotzen diren eta komunitate migratzaileak tokiko kulturekin murgiltzen diren—, kultura-identitatearen babesa erronka handia bilakatu da; eta, aldi berean, diasporen garapenerako aukera. Egoera horretatik abiatuz, Euskal Herriko Unibertsitatean egin berri den Basque food. Connection with the Basque Country izeneko azterlanak euskal diaspora ikertzen du Estatu Batuetan; horrek denboran zehar izan duen bilakabidea argituz, bederen. Hala, ikerketak era kronologikoan azaltzen digu talde migratzaileek nola eutsi dioten beren nortasunari atzerrian, belaunaldiz belaunaldi.
Aipatutako lanean ezagutarazten denez, 1848an urrearen sukarra hasi zenetik, Estatu Batuetarako emigrazioak hainbat bolada izan ditu Euskal Autonomia Erkidegotik; ostean, eboluzio asko eta oso bestelakoak izan dituztenak. Horrela, emigrazioaren hastapenetan, bilgune fisikoen beharra funtsezkoa zen; hala, elkarguneek bermatu zuten euskal tradizioen zainketa Estatu Batuetan. Lehen urte horietan, Far West euskaldunen epizentroa izan zen, eta familia-sareetan, lagunartean eta negozioetan oinarritutako komunitateak sortu ziren. Elkarte haiek toki fisikoen inguruan antolatzen ziren euskal identitatea elkartu eta babesteko asmoz.
Alta, XX. mendean aurrera egin ahala, aldaketa bitxiak gertatu ziren diasporaren mapan; Ingalaterra Berrian, Atlantikoko Erdialdean eta Floridako Estatuan kontzentratu baitziren euskal migratzaileen helmugak. Migrazio-olatu berri horrek, bigarren belaunaldikoak, alde nabarmenak izan zituen Far West-en ezarritako lehenengo komunitateekin. Hizkuntzari eta kulturari dagokienez, azterlanak globalizazioaren eragina nabarmentzen du bigarren belaunaldiko kideengan, ingelesaren ezagutzan, bereziki. Lehen etorkinak ingelesa ezagutu gabe iritsi baziren ere, belaunaldi berrienetakoak gutxiengo ulermenarekin heltzen ziren Ameriketara; eta horrek, ezbairik gabe, integrazioa eta tokiko kulturarako sarbidea erraztu zien.
Urteak aurrera egin ahala, diasporarekiko konexio fisikoak ere bilakaera garrantzitsua jasan du. XXI. menderantz hurbiltzen garen heinean, lanak erakusten du euskal diaspora ez dagoela leku fisikoen mende. Izan ere, globalizazioaren aro honetan, euskal diaspora Interneten nonahikotasunaz baliatu da, muga geografikoak hautsiz. Zentzu horretan, jatorrizko lurrarekin konexio esanguratsuak izateko, teknologia berrikuntzetara egokitu dira komunitateak.
Nahiz eta eraldaketa nabarmenak antzeman diren, jatorriarekin konektatzeko elementu komun batzuek iraun egin dute denboran zehar. Hots, harrigarria bada ere —egoera, tokia edo belaunaldia edozein izanda ere—, euskal janaria agertzen da beti faktore komun gisa. Izan ere, ikerketarako parte-hartzaile ia guztiek adierazi zuten beren sustraiekiko lotura bizirik mantentzen duen bitartekoa dela euskal gastronomia. Aurkikuntza esanguratsu horrek azpimarratzen du sukaldaritzako tradizioek garrantzi handia dutela diasporan, kultura-nortasuna babesteko giltzarri baitira. Hots, ez da elikadura-lehentasun bat soilik, lotura emozional eta sinboliko bat baizik; oztopo geografikoak eta belaunaldi-hesiak gainditzen dituena.
Azken buruan, azterlan kritiko honek azpimarratzen du Estatu Batuetako euskal diaspora etengabe aldatzen ari dela, eta harekin konektatzeko estrategiek horren arabera eboluzionatu behar dutela. Ezagutza ezak diaspora bakarrari buruz hitz egitea eragozten du; aitzitik, diaspora asko daudela onartu beharrean gaude. Ildo horretan, ikerketak argi islatzen du konplexutasun horiek ulertu beharra; izan ere, aniztasuna bermatu gabe, ezinezkoa delako euskal diasporaren eta Euskal Herriaren arteko zubi eraginkorrak eraikitzea.