Marmotaren egun amaigabean bizi gara. Hauxe laugarren legegintzaldia izango da EAJrentzat Eusko Jaurlaritzan, Patxi Lópezen parentesi laburraren ostean lehendakaritza berreskuratu zuenetik, eta hirugarrena PSEri estekaturik. Halaber, oposizioan ez da kanbiamendu handirik egongo, Podemosen absentzia nabaria salbu. Izan ere, oposizioaren jarlekuetan EH Bildu, PP, Ezker Anitza eta Vox egongo dira ostera ere, azken hirurak gutxi gorabehera oraindaino zeukaten indarrarekin.
Ukaezina da ezker abertzalearen gorakada meteorikoak taula politikoa deblauki eraldatu duela, Sortu, EA eta Alternatibaren arteko koalizioak EAJren aspaldidaniko hegemonia mehatxatu eta kasik jelkideen gainetik gelditu da eta. Alabaina, ez da aukerarik egongo ezkerreko gobernu aurrerakoi eta ez-liberala eratzeko, gobernagarritasuna PSEren esku egonda balantza gobernu jelsozialistaren berrespenaren alderantz higituko delako.
Eta, horren ondorioz, Ajuriaenea diferenteen arteko akordioak direlakoen egoitza izango da berriz ere. Bueno, ez hain diferenteak, hartan ere hainbat aferari dagokienez jelkideen eta sozialisten (beti kakotx artean) jardunbideak aski antzekoak izan dira eta. Jada ikusi dugu nola nazionalista eskuindarrek beren agenda neoliberal eta pribatizatzailea inposatu dutenean, PSEn, kontrapisu gisa ezkerreko soslaia erakutsi ordez, jelkideen atzetik zintzo-zintzo eta isil-isilik ibiltzeko erabakia hartu izan duten une oro.
Bistan da, bada, Eneko Anduezari eta bere alderdikideei ez zaiela interesatzen beren sozio berdeak (EAJren kolore korporatiboagatik diot, ez da izenondo ekologista) hamarkadaz hamarkada sortutako kalteak arteztu eta mederatzea; osterantzean zerbait egingo zuketen gobernutik egoerari buelta emateko.
Hemizikloaren beste aldean, Sortu eta bere bi satelite Eusko Alkartasuna eta Alternatiba ditugu, oposizio nagusi bezala baina erabakigarriak izateko aukera mikorik gabe. Horren kausa izan da Estatuko ezker konfederalista plurinazionalaren baitan gertatutako haustura. PSOEren ezkerrean dagoen espazioa, krokodilo fratriziden urmael zingiratsu bihurtua, deado utziriko etxe zaharra bezala gelditu da, aurri-egoeran. Yolanda Díazen eta bere adiskide minen kalkulu estrategiko akastunak bertan orube hutsa lagatzeko zorian egon dira.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak, azkenean izan ez zen koalizio zabala lortze aldera, hautagai bezala gibelera egiteko proposamena egin zuen urte hasieran, baina Yolanda Díazek hura arbuiatzeko agindua eman zuen Madriletik. Eta honelaxe geratu da markagailua: Podemos 0, eta Sumar Mugimendua ere 0. Izan gogoan, ez zaitzatela bairatu: Jon Hernández Ezker Anitzakoa da, ez Sumar Mugimendukoa.
Antza, Eusko Legebiltzarraren osaera datozen lau urteetan biziko ditugun jarraitutasun eta monotoniaren aurrerapena baino ez da. Beste legealdi bat errotiko aldaketarik gabe hezkuntzaren eta osasunaren publifikazioaren alde, Gernikako Estatutuaren erreforma zabala erdiesteko pakturik gabe, daukagun hauteskunde-sistema bidegabea mudatzeko ate irekirik gabe... Betiko politikak, betiko oposizioa, eta betiko arazoak, haiek konpontzeko (edo, behintzat, konpontzen entseatzeko) borondatearen faltan.
Eta, panorama zein den behatuta, baieztatu ahal dut badagoela euskal politikagintzan ordezkaritza parlamentariorik ez duen espazio bat, euskaltzalea baina independentziaren aurkakoa, aurrerazalea eta ekonomikoki sozialista demokratikoa. Eta, noski, espazio horretan gaudenok biribilki arbuiatzen dugu Madrilgo matrize politikoen sukurtsalen kontzeptua. Euskal Herrirako politikak hemengo alderdi baten eskutik behar dira inplementatu, 400 kilometrora dagoen egoitza batetik inork agindurik eman gabe.
Halatan, 2028an (beranduenez, aurreratuak izan bailitezke) egingo diren boz autonomikoak iritsi baino lehen, euskal herritarrei eskaintzeko alternatibak eraikitzen hasi beharko ginateke ezkerreko euskaltzale ez-independentistok. Madrilgo ontzi inude baten sukurtsala ez den aukera politiko eta elektorala, euskara beste guztien aldean benetan eta hipokrisiarik gabe defendatuko lukeena. Hauteskunde-sistema justuago baten bando egongo litzatekeena. Osasuna, hezkuntza eta etxebizitza herritarren eskura ipintzeko erremintak abian jarriko lituzkeena.
Legegintzaldia hasi besterik ez da egin, baina horrek ez du esan nahi arian-arian ekida hori eregiten joan ezin gaitezkeenik. Badakit astuna naiz kontu honekin (jada beste artikulu batean defendatu nuen ideia berbera), baina benaz pentsatzen dut merezi duela bigarrenez planteatzea, heldu den ziklo politikoari begira hautabide gehiago egon daitezen. Aldaketa da orain zioen apirilaren 21eko hauteskundeetarako EH Bilduren kartelak eta, alde horretatik, arrazoia eman beharko diot afixa diseinatu zuen taldeari: aldaketek ez dute zertan jazo boz-garaia arribatzen denean, edozein momentu delako egokia aurkintza politikoa transformatu eta aldaketa politikoaren aldeko apustu irmoa egiteko.