Hamarnaka antolakundek babestu dute Klimaren Aldeko mundu mailako greba-deialdia, Fridays for Future mugimenduak deitua. Ondorioz, hilaren 20tik 27rako astean ehunka mobilizazio, greba eta ekintza espero ditugu mundu zabalean. Hego Euskal Herrian, mobilizazio horien baitan, langile, ikasle eta kontsumo greba egiteko deialdia egin dute irailaren 27rako.
Honela hasten da nazioarteko deialdia posible egin duten aliantzek idatzitako manifestua: «Krisi klimatikoa, pertsona askoren beharrak ase ezin dituen ekoizpen eta kontsumo-eredu baten ondorioa da; gure biziak arriskuan jarri eta, bereziki, munduko biztanle pobre eta zaurgarrienak era bidegabean kolpatzen dituen ereduaren ondorioa». Manifestuan klima larrialdiaren izendapena ere eskatzen dute, eta erakunde, gobernu eta udalei eskatzen diete nahikoa neurri har ditzatela planetaren klima larrialdiari aurre egiteko.
Deialdiak berak, eta, bereziki, planetaren egungo egoera klimatikoak, zuzenean interpelatzen dute mugimendu sindikala ere; ESK osatzen dugunok, behintzat, interpelatuak sentitu gara.
Kapitalismoaren menpe, enplegua jendarteko ondasun gorena bihurtu da. Lanaren aldeko kulturaren barnean, enpleguak lan egiteko beste bi ereduren espazioak hartu ditu, lan boluntarioarenak eta zaintza lanarenak; gure jendarteak sostengatzeko ezinbestekoak, alegia. Zaintza lanak, nahiz eta enplegu forma hartu edo familiako harremanen edo harreman afektiboen testuinguruan ikusezinak izan, emakumeek egiten dituzte batez ere, eta patriarkatuak elikatzen duen aitortza faltaren eta prekaritatearen logikaren baitan gertatzen dira. ESKn argi daukagu enplegu betearen ideiarekin hautsi behar dugula, eta, aldi berean, apurtu beharra daukagula egungo egitura soziala, zeinetan enplegua izatea erabakigarria den eskubide sozial eta ekonomikoak edukitzeko eta, ondorioz, herritartasun osoa izateko.
Gainera, gogoan izan behar dugu enplegua kapitalaren beharra dela, eta, definizioz, harreman berez zapaltzailea dela (kapitalak gainbalio forman gure lanak sortzen duen balioaren zati bat bere egiten du; hortik ateratzen ditu irabaziak). Militante ekofeministek irakatsi digute kapitala vs lana gatazka berriz ere kontzeptualizatu behar dela, kapitala vs bizitza bezala. Izan ere, kapitala (dirua) hilik dagoen errealitate bat da, ez baita gai bere burua erreproduzitzeko; bizitza esplotatzea ezinbestekoa du horretarako.
Enpleguari dagokionez, kapitalak aurrera egin dezake soilik pobrezia eta prekaritatea zabalduz; naturaren esplotazioari dagokionez, kapitalismoak biosferaren gaitasunaren mugara darama planeta. Hau da, kapitalismoaren ondorioz, laster ezinezkoa izango da gure planetan bizia egotea.
Berandu baino lehen planetak bere mugak inposatuko dizkigu, eta jendartearen alderdi guztiei eragingo dien trantsizio ekologikoari aurre egin beharko diogu. Dagoeneko ikus dezakegun bezala, krisi klimatikoari lotutako elementuek industriaren birmoldatze prozesu bat eragingo dute, eta Hego Euskal Herriaren kasuan oso sakona izango da (erregai fosiletan oinarritutako energia-ekoizpena, automobilgintza eta industria laguntzailea...). Testuinguru horretan, uste dugu mugimendu sindikalak, lan egiterakoan, ikuspegi bikoitza izan behar duela kontuan:
Aurrean daukagun lehenbiziko erronka da beharrezko trantsizio ekologikoan langile klasea oztopo izan ordez aliatu nagusi izan dadila. Erronka horrek pedagogia eta sozializazio lan handia eskatuko digu, eta era berean paradigma sindikala eraldatu beharko dugu: erdigunea ez dago enpleguaren nahitaezko defentsan, baizik eta bizitzaren, planetaren eta lanen balioztatzearen eta banaketaren aldekoan.
Bigarrenik, mugimendu sindikalak, gainerako gizarte mugimendu eta ekologismo politikoarekin aliatuta, gogor egin behar du lan ziurtatzeko trantsizioa ez dela gauzatuko gehiengo sozialen aurka, baizik eta aberastasuna banatzea beharrezkoa duen paradigma demokratiko batetik abiatuta. Kapitalak izan behar du premiazko trantsizio ekonomikoaren kostuak bere gain hartuko dituena; ezin gara berriz ere langileok izan trantsizioaren ondoriozko kostuak ordainduko ditugunak.
Pairatzen ari garen egoera konplexuari aurre egiteko, konponbideen artean egon beharko liratekeen hiru ideia proposatu nahi ditugu:
·Ekoizpen-sistema parte hartzaile eta demokratikoa, birlokalizatua, eta pertsonen benetako premiak aseko dituena, kontsumismoan oinarrituko ez dena.
·Soldatapeko lan-denbora murriztu eta pertsona guztien artean banatzea; lan-mota guztiak banatzea, baita etxekoak eta zaintza lanak ere.
·Oinarrizko Errenta Unibertsala, bizi-baldintza duinak bermatzeko. Jendarte-eredu berria eraikitzeko, giltzarri da enpleguarekiko mendekotasun materiala ez izatea.
Etorkizuna, planeta bizia eta bidezko mundua defendatzeko, Klimaren Aldeko Munduko Grebaren nazioarteko deialdiarekin bat egingo dugu. Pozez hartu dugu ikustea azken hilabeteotan gazteak izan direla beren etorkizunaren aldeko borroka honen buru, eta mobilizazioek jarraipen handia izan dutela ikasle mugimenduan. Irailaren 20 eta 27 artean, hainbat aliantza eta sarek mobilizatzeko egitasmoak aurkeztu dituzte; Hego Euskal Herrian ikasle, kontsumo eta langile greba izango dugu. Gazteen ereduari jarraitu, eta orain mugimendu sindikalari dagokio erreleboa hartzea eta deialdi hau baliatzea lantokietan piztu behar dugun eztabaida abiatzeko. Denbora agortzen ari zaigulako, irailaren 27an bat egingo dugu Klimaren Aldeko Munduko Grebarekin.
Alda dezagun ekoizpen eredua, planeta salbatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu