Berendia doilorra da, baina buruz argia. Sandia, berriz, on puska bat, baina ergela. Seguru entzun dituzuela inoiz tipo horretako iruzkinak zuen arteko solasaldietan. Eta zuk, irakurle, nork uste duzu duela arrakasta handiagoa gizarte honetan, zitalak ala on puskak?
«Zitalak!», entzun dut orain nagoen eserlekutik. Erantzun politikoki zuzena litzateke esatea, noski, ontasunak izan beharko lukeela arrakasta handiagoa, baina bizi garen mundu kabroi honetan... makurkeria ateratzen da garaile. Ia beti. Azken beltzean, gizakiok, berez, zer gara maltzurrak ala onberak? Egoistak ala altruistak? Nork du arrazoi, Hobbesek ala Rousseauk?
Irene Vallejo idazleak hizpide hau hartu zuen ardatz duela sei hilabete pasatxo (El Pais, 2023/12/29) idatzitako artikulu gogoangarrian. «Jende onak erotizatu egiten nau» zioen berak («La gente buena me erotiza»). Vallejok abiapuntutzat hartu zuen Tuzidides historiagile greziarraren aipu hau: «Gizon gehienek nahiago dute zitalak izateagatik buru-argi deitzea, zintzoak izateagatik ergeltzat jotzea baino. Azken horretaz lotsatu egiten dira; besteaz, harrotu».
Vallejok ontasunaren aldeko apologia sutsua egiten du, baina garbi asko dauka ontasunak ospe aspergarria, lausoa, moralizantea eta uzkurra duela: «Aldian-aldian goraipatzen da, baina sistematikoki debaluatu egiten da. Itxurakeriak eta aitzakiak alde batera utzita, mundu guztiak onartzen du benetan desiragarriena lidergo harroak, karismatikoak eta letagin-erakusleak direla».
Komunikabideak jarraitzea besterik ez dago. Mundu osoan, lehia politikoak ustelduta dagoela dirudi: gorroto mezuak nonahi, arinkeria nagusi eta neurriz kanpoko polarizazioa bazter guztietan. Aurkaria birrindu egin behar da. Menderatu. Umiliatu. Eta azkar, oso fast gainera. Buruzagitzak ere iragankorrak dira, batik bat artifiziotik sortutako produktuak badira. Gabriel Attal, kasurako; momentuz Frantziako lehen ministroa. Aparraren antzera goititu da. Azukre koskorraren gisara ezerezten ari da. Bitartean han eta hemen dabil, goitik behera dotore jantzita, postaleko irribarreak eskainiz, gazte nahiz helduekin selfie-politika eginez.
Ziurgabetasuna, gerra-hotsak, iragarpen apokaliptikoak eta mezu fatalistak orokortzen ari diren bitartean, itxaropena, ontasuna eta eskuzabaltasuna transmititzen dituzten albisteak bazterrean geratzen dira. Krimenak maitasunak baino gehiago saltzen omen du. Benetan? Albiste txarrek izutzen gaituzte. Halaxe berretsi du beste behin Reuters institutuak urtero kaleratzen duen Digital Reports txostenak. Mundu osoko populazioak aitortzen du albisteekin —desinformazioarekin batik bat— kezkatuta bizi dela (%59k). Horrez gain, hamarretik ia lauk (%39k) albistegietatik ihes egiten duela onartzen du. Sentsazio negatibo horiek urtez urte goraka doaz.
Irene Vallejoren esanetan, ontasunak beldurtzen gaitu norberaren ahuleziak, gabeziak eta miseriak agerian uzten dituelako. Horregatik hobesten dugu nahikotasun sentsazio hori. «Aski dugu honekin». Ez dugu arriskurik nahi. Sendotasuna eta segurtasuna nahiago ditugu, promiskuitatea esploratu gabe. Eta isolatu egiten gara, komunitatetik at, nor bere txokoan, nor bere pantailaren aurrean. Vallejok dio: «Arrakastarekin obsesionatu egiten gara eta, gupidarik ez duen lasterketa horretan, poza eta gozamena alde batera uzten ditugu. Gure instintuak zapaltzen ditugu, geure burua kamusten dugu. Harresitutako uharteez osatutako ozeano batean bizi gara, ukimenik eta ukipenik gabe. Azkenean ontasuna izango da gure plazer debekatua».
Nago, hala ere, ontasunak ere sarbiderik baduela gure artean. Bi kasu. Joan den uztailaren 5ean Youssef el Mahmoudi —Loiuko aireportuan asilo eske hamahiru egun zeramatzan eta atxilo amaitu zuen Zuzenbideko ikasle sahararra— Air Arabia konpainiako hegazkin batean sartu zuten. Preso. Marokora deportatzeko. Infernura eramateko. Komandanteak ezetz esan zuen. Berak ez zuela eramango. Segurtasun arrazoiak zirela medio ez zuen bere zeregina bete. Youssef aske geratu zen behin-behinean. Ez dakigu zeintzuk izan ziren komandantearen benetako zioak. Baina ondorioa bai, militante sahararra libre geratu zen. Youssefek astelehen honetan joan behar zuen deklaratzera Indautxuko komisariara. Ez zen ageri. Ahaztuko zitzaion, seguru asko. Ez dakigu komandanteak arazoak izan dituen edo ez. Horretaz komunikabideek ez digute tutik ere esan. Ez jakiteagatik ez dakigu ezta nola duen izena ere. Izana, behintzat, baduela erakutsi du.
Beste kasu bat. Etxekoa hau ere. Legorretan gertatua eta berripaper honek —Garikoitz Goikoetxearen bidez— kontatua, hil honen 3an. «Oroitzapen minduak historiaren tabernan» zuen lerroburua erreportajeak. Hauxe zen azpititulua: «Legorretako sei herritar indarkeriaren biktima gisa aitortu dituzte, 1975ean jasan zituzten torturengatik. Batek [Joxe Lasak] kalte-ordaina ere jaso du, eta bazkaritara gonbidatu ditu besteak. Zauriak ixteko otordua izan da, erreparaziozkoa. Jasota geratzekoa». Erretratua poetikoa zen. Maialen Andresen argazkian, Pepita Altuna, Karmele Gaztañaga, Joxe Lasa, Mari Karmen Altuna, Axun Goikoetxea eta Mari Karmen Plazaola torturatuak ageri ziren, adi, kamerari so, aurpegian irriño konplizea zutela. Eskertuta. Duintasunez. Saminaldia gogoan. Pozaldia lagun. Historiaren istorioak egun horretako albisterik irakurrienetakoa izan zen berripaper honetan. Ontasuna ez dugula hobesten?
Mundu honetan ontasuna zitalkeria baino gehiago ugaltzen delako, eskuzabaltasuna bekaizkeria baino sarriago ematen delako, jende onaren aldeko apustua egin behar da komunikabideetatik ere, Air Arabia konpainiako hegazkin horretako komandante anonimo horren portaera edo Legorretako Joxe Lasaren jarrera kasu isolatuak ez direlako. Zorionez. Ontasuna, maitasuna behar dugu. Enpatia gehiago landu behar da albistegietatik. Bestearen tokian gehiago jarri. Elkartasuna eta komunitatea sustatzen dituzten berriak lehenetsi behar dira. Izuaren, gorrotoaren, indibidualismoaren eta gatazkaren ordez, ontasuna landu, bai. Landu. Izan ere, ni ere jende onak erotizatzen nau. Albisteen erotika izango da.