Aberto Barandiaranek Iruña Veleiari buruz BERRIAn sarrien idatzi duen kazetaria izatez gain, liburu bat argitaratu du: Veleiaren afera. BERRIAk liburu horri dagoeneko egun bitan orrialde bana eskaini dionez, labur-labur, iruzkin batzuk egitea zilegi bekit, liburua irakurriko dutenen informazioa osatzearren.
Albertok liburua 2008ko abenduan idatzi duela ematen du, ez 2010eko azaroan. Batetik Aldundiko Batzordeko kideak baino ez ditu elkarrizketatu. Euren txostenak aurretik bazituen baina, hala ere, beharrezkotzat hartu du haien iritzia osatzea. Ikerketa lan batean ezinbestekoa zen, eta, zentzu horretan, lan erdia ondo egin du. Baina ez du gauza bera egin, ordea, beste alderdiarekin, hau da, 2010eko azarotik hona ostrakak egiazkoak izan daitezkeela esan duten beste 16 aditurekin. Beraz, informazio erdia ez da liburuan behar bezala jasotzen.
Prozedura hori Batzordeak berak jarraitutakoaren berdina da. Batzordekideak ez ziren Iruña Veleiara joan indusketa aztertzera eta bertako arkeologo guztiei galderak egitera. Zertarako? Amaieran zer esan behar zuten jakinda! Batzordeak ere erdizka egin zuen lan, Albertok bezalaxe. Onartuko genuke epaile batek fiskalak aurkeztutako lekukoak elkarrizketatzea, baina ez defentsak aurkeztutakoak?
Albertok dio: «Osatuagoak dira Veleiako piezak faltsuak direla dioten txostenak». Alderdi bietako txostenak irakurri ditugunontzat, baieztapen horrek gure inteligentziari iseka egiten diola esango bagenu, finegi ibiliko ginateke. Aldundiko batzordearen txosten asko eskasak dira.
Adibidez, Madariaga kimikariak Aldundiko prentsaurrean faltsuak zirela esan zuen, ostrakek elementu kimiko modernoak zituztelako. Gilek argitu zuenez, ostrakak itsasteko kolaz ari zen. Hau maila! Bestetik, Nuñezek dio agertutako irudi batzuk ezinezkoak direla erromatarren garaian: emakumeen orrazkeran marra erdian, antzerkirako mozorroak animalien irudiekin… Ba, Pompeian bertan ezintasun ia horiek guztiak agerian daude, hau da, Nuñezek ez du Pompeia ezagutzen!
Santos Yanguasek eta Gorrotxategik urte bi lehenago ostrakak egiazkoak zirela esan zuten. Gero, biek iritziz aldatu zuten, nahiz eta, tartean, ez zen ostraka gehiagorik agertu. Hau da, bi urte lehenago aurkitutako ostraka berdinekin aldatu zuten iritzia. Epaile batek, lekuko batzuek gauza bat esaten badute eta handik gutxira beste bat esango balute, seguruenik baztertuko lituzke epaiketan lekuko gisa, kontsistentzia faltagatik.
Lakarrak eta Velazquezek «Descartes» agertzen dela baieztatzen digute. Albertok, noski, ez du argazki hori jarri bere liburuan ikusteko. Pena da, ze, erromatarren garaiko letrak gaur egun bezala irakurtzen dira. Salbuespen bakarra dago, E idazteko bi II erabiltzen zituzten. Hau da, hizkuntzalaritzaz edo arkeologiaz tutik jakin gabe, irakurtzen dakien edonork eman lezake bere iritzia. Horregatik, irakurle, nik edo Albertok zein Aldundiko batzordekideek diotenaz ez fidatu, eta Interneteko Googleren irudi bilatzailean Descartes Iruña idatzi, eta irudia aurkituko duzu. Goian Seneca, Socrates eta Virgilio daude, eta behean dagoen hitza zuk esango diguzu «Descartes» ala «Miscar» den. Eta gero esango diguzu «Descartes» jartzen duela baieztatzen duten txosten horiek osatuagoak diren ala ez.
Datazioen kontuaz ia aipamenik ez, barkatu, txarto egindakoei buruz informazio osoa eta ondo egin litezkeen datazioei buruz ezer ez. Hemen ere erdiarekin nahikoa izan zaio. Bere liburua 2008. urtean baino 1960. urtean idatzita dagoela dirudi oraingoan, arestian arkeometria zientzia oraindik sortu gabe zegoenean.
Kontua da EHUn espezialitate hori ez dagoenez, hau da, EHUn hondakin arkeologien datazioak egiten ez dakitenez, gai hori erabat lurperatu dute. Ze pena, Belgikan adibidez, badago mundu osotik horrelako enkarguak hartzen dituen laborategi bat. Ostraka batzuk hara bidalita gaia konpon genezake: «Mesedez, egizue inoiz egin duzuen dataziorik errazena: ostraka hauek 10 urte baino gutxiago ala 100 urte baino gehiago dute?». 12.000 euro, eta konponduta; hori bai, EHU kanpoan utzita, eta hori, antza, batzuek ez dute onartu nahi.
Eta liburuaren izenburua ere aipatu beharra dago: Veleiaren afera. Hemen, hamaikagarren aldiz, Alberto erdiarekin geratu da. Erromatarrak etorri baino lehen herri karistiarra zegoenhor, eta herriaren izena ez badakigu ere, euskaldunak izan baziren. Gero erromatarrak etorri, eurek Veleia deitu, baina euskaldunek Iruña deitu zioten. Eta erromatarrak joan, eta herritarrek Iruña deitzen jarraitu zuten. Eta euskara desagertu zen, eta erdaldunek Iruña deitzen jarraitu zuten,inoiz ere ez Veleia. Veleia hitzaA eredua sustatzen zuen Gasteizko elkarte batek zabaltzen hasi zuen 1980ko hamarkadan. Horiek baino ez orain 5 urte arte. Hau da, euskaldunak hiri horretan «ere» bizi izan ziren eta «Veleia» deitzea, euskaldunon historiari iseka egitea da.
Eta, Alberto, «eztabaida zientifikoa amaitutzat eman daitekeela» badiozu ere, guztiz zabalik dago oraindik, 2011ko urtarrilean gaudelako, ez 2008ko azaroan.