Legelarion artean, iraganean, urrezko araua izaten zen epaileen esku eta erabaki gabe (sub iudice) zeuden kasuetaz ez hitz egitearena, justiziaren erabakietan eragina gerta ez zedin botere judizialaren inpartzialtasuna eta independentzia gordetze aldera. Egungo gizartean, ordea, prozesu penalek duten zentraltasunak, eta irabazi duten protagonismoak, ezinezko bihurtu dute kasu penalen inguruko isiltasuna. Aitzitik, esparru publikoan, oro har, zein sare sozialetan, bereziki, kasuon eztabaida bai ala bai lehenengo minututik pizten da, iritzi zaparrada bailitzan.Horregatik,iritzi-uholdepean, esparru teknikotik azalpenen bat emateak, apika, lagun lezake norberaren ikuspegia hobeto oinarritzen.
Dena dela, Auzitegi Gorenean prozesu subiranistaren aurka eramaten ari den epaiketaz zerbait berria eta argigarria esatea ez da, ez, lan makala! Horregatik, matxinada-delitua (asaldatze-delitua ere deitua) eta horrek dakarren indarkeriaren arazoa albo batera utziko dut, eta bere alternatiba den albaramenduari edo sedizio-delituari ekingo diot. Eta hori, ez bakarrik azken honetan fokoa hainbeste jarri ez delako, baizik eta, nire uste apalean, hori izango baita —horra hor pronostiko bat egiteko ausardia!— ziurrenik azkenik ezarriko den kondena nagusia. Gustatuko litzaidake pentsatzea akusatuak aske aterako direla, baina, zoritxarrez, kondenatuko dituztela ematen du, eta gauzak nola doazen ikusirik, nik esango nuke «erdiko bide» honetatik: alegia, albaramenduaren delitua gertatutzat jotzetik.
Albaramenduagatiko kondenak akusatu nagusientzat hamar urteko presoaldiaren inguruko zigorra ekarriko luke, alegia, ikaragarri gogorra den espetxealdi luzea (gizahilketaren bezainbestekoa!). Horrek, bai instrukzioa, bai kanpora begira egin ziren ahaleginak (euroordenak batez ere), bai behin-behineko presoaldia «zurituko» lituzke. Baina, aldi berean, matxidanak ekarriko lukeen erabateko gehiegikeria arintzeko balioko luke. Hitz gutxitan, albaramenduak tarteko bidea osatuko luke, absoluzio eta muturreko kondenaren artean.
Baina zer da albaramendua? Eta egia al da albaramenduak ez duela indarkeriarik galdatzen? Goazen pausoz pauso. Espainiako Zigor Kodearen 544 artikuluak zera dio: «Albaramendupeko akusatuak dira, asaldatze-delitutik kanpo daudelarik, agerian eta modu nahasian altxatzen direnak, indarrez edo legezko bideetatik kanpo, legeen aplikazioa eragozteko [...]». Delituak «altxatzea» eskatzen du, eta «modu nahasian» hain zuzen ere, beti indarkeriaren neurriren bat exijitu duena. Doktrinak albaramenduari matxinada edo asaldatze «txikia» deitu ohi dio, eta horren harira 544 artikuluak berak argitzen du delitu hau bakarrik jarriko dela martxan matxinada ez dagoen kasuetan. Ez da, hortaz, egia, matxinada eta albaramenduaren arteko desberdintasuna indarkeriaren existentzian dagoenik. Doktrinaren zati garrantzitsu baten iritziz, biak ezberdintzeko gakoa ez dago horretan, altxatzeko helburuan baizik. Modu argian esateagatik: altxatzea baldin bada, indarkeriaz, Estatuaren —muinaren aurka— jotzeko (Estatu kolpea, Tejerok emandakoa kasu, Gorteetan tiroka sartuz) orduan matxinada dugu; altxatzea, ordea, estatu boterearen beste funtzioak eragozteko bada, orduan, albaramendua. Matxinadak demokrazia guztiz suntsitzea du helburu; albaramenduak demokraziaren «funtzionamendua».
Matxinada delitua existitzea uler liteke zigor kode demokratikoetan, beti ere ikaragarrizko indarkeriaren testuinguruan aurrera eraman nahi den kasuetarako. Esku artean dugun kasua argi eta garbi ez da hori, behin eta berriro komunikabideetatik kontrakoa esaten bada ere. Albaramenduak, aitzitik, ez du lekurik ordenamendu demokratikotan, are gutxiago halako zigor handiekin mehatxatuta egonez gero. Badu sedizioak halako kutsu autoritario eta antidemokratikoa, disidentzia politikoa zigortzeko mantenduko balitz bezala. Horregatik, gure inguruko ordenamendu gehienetan desagertuz joan zen Ilustrazio garaiaz geroztik kodifikazioa bultzatzearekin batera. Sedizioaren ordez, halako jarduerak gehienez desobedientzia delituetan txertatuz joan dira inguruko ordenamendu juridiko-penaletan. Matxinadaren «alternatiba zibilizatua» ez da albaramendua, desobedientzia delitua baizik. Inoiz ireki behar ez zen prozedura penal hau, irekiz gero, desobeditze-esparruan kokatu beharko zatekeen hasiera batetik, gauzak senetik atera gabe.
Izan ere, prozesu subiranistaren kasuan desobeditzeaz ari dira-eta. Desobedientzia zibila; desobedientzia erakundeetatik hauspotua; desobedientzia eragingarria: baina baketsua. Eta horregatik hasiera batean ez zen kode penalaz hitz egiten. Eta horregatik kode penala erabili nahi izan zenean, indarkeria «eraiki» egin zen. Zeren eta desobedientzia ere delituzkoa izateko indarkeriaz aurrera eraman beharra baitago.
Desobeditzea eta indarkeria: horra hor gakoa. Ados egon ala ez, desobeditzea baketsua bada, ezin da demokrazia batean kartzelarekin zigortu. Ekar lezake muturreko kasuetan esku-hartze administratiboa, inkluso kargu-gabetzea, desobeditzea aginte edo funtzio publikotik aurrera eramango balitz. Baina espetxea ez... ez behintzat bidean demokrazia zati garrantzitsu bat galdu nahi ez badugu.
Albaramendua!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu