Alardea: jaia ala errituala?

2013ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Alardearen seme-alabak filma ikusteak ideien zurrunbiloa sortu zidan, eta gogoeta honen bidez antolatzen saiatu naiz. Lehenik, inoren dudak uxatzeko, alardeen gatazka hau emakumearen berdintasunarekin hertsiki lotua dagoela azpimarratu behar da, eta Xabier Kerejetak dioen bezala, «alardea ez da arazoa, arazoaren sintoma baizik». Gizartea matxista da, eta berdintasun ezaren adierazpen ugari ditu. Honako honen bezalako agerpenak arazo askoz ere sakon eta handiago baten icebergaren punta dira. Horrela, emakumearen kontuan arazo larriagoak badirela esaten duten horiek, borroka honetan dauden emakume eta gizonezkoen jarrera kritikatuz, asmo hori ez badute ere, eskubide urratzearen konplize bihurtzen dira, eskubidea izan badagoenean haren aldarrikapenaren aurrean errespetua eta babesa baino ez baitira zilegi.

Hala ere, neronen burua ere noizbait epel samar ikusi izan dut gai honetan, alardea horrenbesteko sentimenduz bizitzen zuten haiei kalterik edo minik ez egiteagatik edo. Eta Kerejetak berak aipaturiko beste ideia bat oso argigarria gertatu zait, hots, «alardea ez da jaia, errituala baizik». Burura datorkit Elek nolako suminduraz kontatzen zuen hasiera hartan beste emakume hark esan ziona, emakumeak alardean parte hartzearekin «hondarribiarron geure-geureena dena kentzen ari zaizkigu», eta Elek ikuspegi hori primitibotzat jotzen zuela.

Jaia bizitzeko modu asko daude eta jaiak denak onartzen ditu, jai giroak bakoitzari bere partikulartasunetik elkarrekin gozatzeko aukera ematen digu. Baina, errituala beste kontu bat da. Erritualak lege ezin hautsizkoak ditu, norberak hainbat elementuren arabera leku bat edo beste izaten du, erritualak denak «ukitzen» dituela. Erritualean ez dago ikusle eta parte-hartzaileak bereizterik, denak dira parte hartzaile. Gogoan dut gatazka honen hasieran zenbait emakumek ziotena, beraiek alardean parte hartzen zutela «gizonaren alardeko arropak lisatuz eta desfilea ikusiz eta txalotuz». Erritual honetan parte hartzeko beraien modua hori zela eta paper horrekin gustura zeudela esaten ari ziren. Nola ez egongo? Erritualaren barruan sartzen denak, errituala bizitzen duenak, tokatzen zaion papera zalantzan jarri gabe egiten du; zalantzan jartzeak esnatzea dakar eta, ondorioz, erritualetik at, ikuskizunaren aurrean turistaarrotza bilakatzea.

Esnatze hori bizi izan duenak, edo inoiz ere errituak «ukitu» ez duenak, festan parte hartzeko modu bakarra du: barruan egotea. Gizonezkoen kasuan ez dago arazorik, alarde berean erritua bizitzen dutenek eta jaia baino bizitzen ez dutenek elkarrekin parte hartzen baitute, inori iragazkirik pasarazi gabe. Emakumezkoen kasuan, ordea, turista arrotz izatetik jaian parte hartzera pasatu nahi duena bere harremanen munduan eta bizikidetzan eragina izango duen (iraganean hala izan da behintzat, espero dugu hau aldatuz joatea) urratsa egitera behartua da, bere burua erretratatuz eta irainak jasotzeko prestatuz. Zenbait gizonek ere, elkartasun moduan edota erritualak keinu baztertzaileak bere egin dituela bizitu ondoren beren burua han guztiz deseroso sentituta, hautu hau egiten dute, sexu bereizketarik gabeko alarde moduetan parte hartzea, bizitza gutxiago konplikatuko liekeen aukera «errazagoa»baztertuta.

Alardean emakumeen presentzia normalizatzeak erritualaren zimenduak hankaz gora jarriko lituzke. Hau da, nik uste, gatazkaren sakoneko arrazoia. Sexuak norberak har dezakeen eta hartu behar duen papera asko baldintzatzen baitu. Adibidez, neskatoak kantinera atera nahi izan behar du, horrela aukeratua izatea ohore bihurtzeko eta horrek dakarren zeremonia guztia garatzeko. Hori iruditeria kolektiboak badaki, nahiz eta ez esplizitatu, eta hortik dator erresistentzia.

Gatazka bikoitza izaten da alardean, batetik, emakumearen parte-hartzea aldarrikatzen duena (aldarrikapen feminista) eta, bestetik, alardea erritual izatetik jai izatera pasatzea nahi duen mugimendua (aldarrikapen zibilizatorioa?). Eta esango nuke bigarren horrekiko erresistentziek dutela pisu handiena, eta horrek azaltzen duela hainbeste emakume Irun eta Hondarribian beraien eskubideen aldarrikapenen aurka agertzea. Modernitatea badoakigun garai honetan oraindik zenbait erritualek bizirik diraute, nonbait, aurreko garaietako hondarrak...

Betiko Alardearen aldekoak (jatorri mitikoz jantzitako deitura, bidenabar) ez dira gai izaten beren iritzia modu unibertsal batean aurkezteko; behin eta berriz ikusi da hori. Horrek ere kutsu premodernoa ematen dio gaiari. Indarra gehiengoa izatetik datorkie, beste argumenturik gabe, eta, irakurle maite, eskubideen kontuetan gehiengoa izatea ez da inondik inora nahikoa, modernitateak ekarpenik egin badigu hori behintzat erakutsi digu!

Pentsa genezake, gizartearen garapen positiboaren ikuspegian oinarrituz, berezko bilakaera erritual izaeraren suntsipena litzatekeela jai izaera gailentzeko. Baina urteek aurrera egin ahala, eta ez gai honen inguruan, baizik eta mundu osoan gertatzen ari diren atzerapausoekin, ez daukat batere argi gizarteen berezko bilakaerak zeintzuk diren, eta, politikaren beharra geroz eta argiago daukat, politika nahi dugun gizarte eredua lortzeko bidean gogoeta eta ekintza ekimenak aurrera eramatea dela ulertuta, sinesten dugun hori aldarrikatzea eta borroka egitea, denborak besterik gabe ez baitu segurtatzen inongo eboluzio positiborik. Agian instituzioek —filmean salaketa zuzena egiten zaie bi Udal Gobernuei eta haien alderdiei— baikorregi jokatu zuten, urratutako bidea bueltarik gabea dela ulertuz eta berezko bilakaera positiboan konfiantza jarriz, elektoralismo kutsu handiarekin Pontzio Pilatorena eginez. Bada ordu haiek ere bustitzeko.

Baina ez dizut galdetu: eta zuk zer duzu nahiago, jaia ala errituala?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.