Ala ongi dagoela uste duzu?

2013ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Barcenas, Fundación Ideas, CAN, Gürtel, Urdangarin, eta beste kasu asko eta asko, gehiegi irakurri eta entzuten ari gara azken denboraldi honetan, mundu honetatik at bizi ez bagara behintzat. Inguruko jendearekin horretaz guztiaz berriketan hasterakoan, ia beti irteten da biraoren bat, lapur hutsak direla, aprobetxategi batzuk, etab. Baina hitzek aurrera egiten duten heinean, askok amaitzen dute eurek gauza bera egingo luketela esaten, aukera izango balute eurek ere diru sorta bat poltsikoratuko luketela, harrapatuko ez duten ziurtasunik balute behintzat.

Gogoeta bat baina gehiago datorkit burura honi guztiari, niri erakutsi zizkidaten eta gure seme-alabei erakutsi nahi dizkiedan baloreak kontuan hartu, eta azterketa objektibo bat egiten saiatzen naizen bakoitzean. Lehen ondorioa, garbia da. Zein nolakoa den, zein kalitatekoa den, diren gure ordezkariak, sistema demokratiko beraren praxia, etab. Hona arte, ezer berririk ez. Baina ez da hau kezkatzen nauena, ez da hau artikulu hau idaztera bultzatzen nauena. Ezin zaie pertsona hauei lapurrak deitu, ezin zaie, ez norberak gauza bera egingo lukeela pentsatzen badu. Ez dut ulertzen, ez dut ulertu ere egin nahi nola pentsa dezakegun, are gutxiago nola defenda daitezkeen halako pertsonaia iraingarriak, norberak gauza bera egingo lukeela eta. Kalean poltsikotik kartera osten digunaren atzetik korrika joan, harrapatu, eta ondoren «ondo egin duk, hi, aiba nire kotxeko eta etxeko giltzak. Nik ere berdin jokatuko nikek» esatea bezalaxe da. Horrelaxe doa estatua, monarkia bananeroa. Gero ez eskatu ongi asfaltatutako errepiderik, ez eskatu osasun zerbitzu publikorik, ez eskatu errezetarik, ezta ikasketa zentro publiko duinik, ezta suhiltzailerik ere, ez basozainik, ez kale-garbitzailerik, ez argiztaturiko kalerik, ez frontoirik… ezeskatu ezer. Lehen lerroan aipatutako kasuetako pertsonaia horiek errudun badira, ez dut esango zer egin beharko litzaiekeen, horretarako baitaude epaileak.

Baina ez zaie inolaz ere justifikatu behar, guztioi egiten digute lapurreta, irakurtzen ari zaren zuri ere bai. Eta ezin dugu esan «hori da politika». Ez. Hori ez da politika, hori lapurreta da. Politika beste gauza bat da, guztiz ezberdina. Politika estatu, herrialde, herri, auzo orok ongi funtziona dezan erabakiak hartzen aritzea da, hitz egitea, eztabaidatzea, proposamenak egitea, parte-hartzea. Eta ez pentsatu hau bakarrik aldatuko denik, aldatu egin beharko baitugu. Ez pentsatu hau aldatuko ez denik, aldatu beharko baitu. Ala ongi dagoela uste duzu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.