Astebete pasatu da aktibismoari buruz gogoetatzeko Topaldia egin genuenetik, eta, horrenbeste hitzaldi, ideia, proposamen eta hausnarketekin, buruan ideiak borbor izan ditut egun batzuz. Horiei guztiei ordena apur bat emateko ariketa izango da artikulu honetarako egingo dudan ahalegina, ea asmatzen dudan.
Aktibismoa zertarako
Topaldia «aktibismoari» eskaini izana ez da kasualitatea. Euskaltzaleak aktibatzeko premia dugu Euskaltzaleen mugimenduan, euskalgintzan oro harjende gehiago nahi dugu euskararen alde martxan. Martxan zertarako? Martxan euskarari arnasa emateko, maila pertsonal zein kolektiboan euskararekiko konpromisoak berrikusi eta berritzeko, jende gehiago euskaraikastera animatzeko, euskaltzale gero eta gehiagok euskara mingainera eramateko, euskaldunok euskara ingurukoei, dakitenei eta ez dakitenei, hobeto oparitzen ikasteko, euskararentzat bizigarriak diren hizkuntza praktika demokratikoagoak eta berriak esperimentatzeko, euskaraz ez dakitenak ere euskararen proiektuaren parte izateko, euskararen sustapenak behar dituen horrenbeste ekimenetan lagun gero eta gehiagoren parte hartze aktiboa lortzeko, euskarari buruzko pentsamendu, mezu eta diskurtso berritu integratzaileagoak ekoizteko... Makinatxo bat arrazoi izan ditugu bultzaka Topaldiaren gaia aukeratzeko.
Aktibismoa eguneratu
Aktibismoari esker, besteak beste, ei gaude gauden lekuan, aktibismoari esker heldu da euskara heldu den lekura eta aktibismoari esker hartu dute gorputza euskaltzaleen mugimenduak eta bestelako mugimendu sozialek ere.Militantzia testuinguru sozial eta politiko jakinetan gauzatzen da, baina, eta testuinguru horiek aldatzen doazen heinean, aktibismoak ere egokitu beharra daukala ikasi dugu. Orain 30 urteko giro eta dinamika politiko eta sozialak errotik aldatu dira, eta XXI. mendeak ekarri digun aldaketa etengabe eta abiadura bizikoak gure militantzia praktikak berrikustera eramaten gaitu.
Parte hartze politikorako eremua
Aktibismoa, gizarte mugimenduetan egiten den parte hartze politiko moduan ulertzen dute Joxemi Zumalabeko kideek eta beste hainbeste defendatu du Lorea Agirrek ere. Aktibazioak pertsona eta kolektiboen boteretzea eskatzen duela eta hori kontzeptu sozio-politikoa dela dio berak. Lutxo Egiak, era berean, «Bilbon 24 orduko euskalduna hilabetez» izateko bere ahaleginean, Transitoak izeneko performancea arte-ekintza gisa ulertzen du eta baita artea ekintza politikoa dela defendatu ere. Ekimen pertsonala izan da Egiarena eta kolektiboa, berriz, Gorka Torreren eskutik jaso genuen Demoen ibilbidearen hustuketa kritikoa. Demoek aldarrikapen politikoak jorratu zituzten desobedientzia zibilean oinarrituta. Demoen jarduna gizartean sinpatikotzat hartu zela azpimarratu zigun Torrek bere hitzaldian, eta, horri esker, proiektu politikotik urrun zeuden lagun asko erakartzeko gai izan zirela. Gure praktikatan umorea baliatzea osagai zinez interesgarria jendea aktibatzeko. Umorea ere jarrera politikoa ote?
Euskara normalizatzeko gizarte ekimena proiektu politikoa da, beraz; ez dut zalantzarik. Eta azkenaldian bolobolo darabilgun «euskara joko politikotik atera behar da» leloa, alderdien konfrontazioko joko politikotik atera beharraz ari garela argitzeko baliatuko dut espazio hau. Gera bedi argi!
Euskara bidegurutzean,gizartea bidegurutzean
Euskarak irabazi asko izan ditu azken mende laurdenean, hala ere, bidegurutze batetara heldu garen kontzientzia orokortu zaigu; erabilerak ez du aurrera egiten, ez gaude espero genuen lekuan. Sabai baten kontra egin dugu topo, eta hori gainditzeko formula berriak asmatu beharra daukagu. Behar honi erantzun nahi dio euskararen aldeko mugimendu sozialetan gure pentsamendua, eta praktikak berrikusteko ariketa honek. Eta ez da hau euskalgintzaren ardura bakarrik, ariketa hau gizarte osoan egin beharreko lana dela uste dut. Euskararekin batera, gizarte osoa dago bidegurutzean. Euskarari buruzko eguneraketa lana eremu anitzetan egin beharrekoa da, eremu publiko zein pribatuan eta, besteak beste, maila politikoan eta baita alderdien baitan ere. Euskararen inguruan maila sozialean eta politikoan lortu izan ditugun adostasunek berrikuspen ariketa globala behar dute bidegurutzetik onik aterako bagara. Hara erronka, norbanakoak aktibatu, gizarte mugimenduak aktibatu eta horien bidez gizarte osoa aktibatu. Badugu lana!
Gizarte mugimenduen barne prozesuen zaintzaz
Lan militantearen artikulazioan inbertitu beharra azpimarratzen da Topagunearen Oinarriparrak txostenean, eta, hori nola egin argitzeko, pista ederrak eman dizkigute Joxemi Zumalabe Fundazioko lagunek. Mugimenduko pertsonen zaintza, mugimenduko taldeen baitako elkar-ekintza, erabakiak hartzeko gune eta moduak, botere harremanen azterketa eta jabetzea... Gako horiek mugimenduaren baitarako ez ezik, mugimendutik gizartearekiko artikulatzen ditugun harremanak nola egiten ditugun aztertzeko eta berrikusteko ekarpen ederra egiten digutelakoan nago. Prozesu horiek zaindu ezean, kale!
Euskaltzaleen topagunetikaurrera begira
Irekitze ariketan dabil euskaltzaleen mugimendua, plazara atera eta muga zaharrak gainditu guran. Euskaltzaleen mugimendutik plazan gehiago aritzeko hautua egin dugu, lankidetzan gehiago aritzeko dinamikak indartu nahi ditugu, egitetik eragiterako jauzia eman eta euskaraz ez dakitenekin gehiago lan egin nahi dugu; eta horretan guztian gure harreman dinamika eta zaintza prozesuak gehiago zaindu beharko ditugula ikasi dugu Topaldian. Jarduera nazionalek tokiko dinamikak izango dituzte etorkizunera begira ere oinarri nagusi eta gure diskurtsoetan, bakoitzari berea ematen asmatu beharko dugu, horien azpian koherentzia duten pentsamenduak oinarri hartuta. Hori guztia beste gizarte mugimenduen eskutik, alboan, lankidetzan egiteak ere indarra emango digulakoan nago ni. Ikas dezagun, bada, feminismotik, Demoetatik eta bestelako gizarte mugimenduetatik, elkar indartzeko aukera paregabea dugulakoan nago ni.
Aktibismoa berrasmatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu