Aitzol Gogorza torturatzen ari dira

2017ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Aitzol Gogorza euskal preso politikoa albiste txarren iturri izan da berriro ere, Aitzolen familiak eta Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak salatu dutenez. Ez da erasotzen dioten lehenbiziko aldia (oraingo honetan damutzeko eskatuz etorri zaizkio bere gaixotasun larria ondo baino hobeto ezagutu arren), ezta berak salaketa egin eta borrokarekin erantzuten duen lehen aldia ere. Azken bi protesta-borroka garrantzitsuenak gose grebak izan dira, eta azkenekoan hainbat euskal preso politikok 107 egun eman zituzten txandakako gose greban, Aitzolekiko elkartasunez eta gaixotasun larriak dituzten gainerako euskal preso politikoen egoera salatzeko.

DGIP espainiarrak [Espainiako Estatuko Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak] eta Barne Ministerioak esana dute larriki gaixo diren euskal preso politikoek bere iraganari, borrokari, militantziari, izaera politikoari eta abar luze bati uko egiten ez badiete, hil baino bi hilabete lehenago ez dituztela kaleratuko. Esan ez dutena da, besteren artean, Aitzoli egiten diotena; hots, nahasmen obsesibo-konpultsiboa sintoma psikotikoekin nahastuta daukan euskal preso politikoa zirikatzen ari direla. Horrek tortura du izena. Eta are urrunago joan ahalko ginateke. Bere gaixotasunaren inguruan urteetako gertakariak ikusita, hori ez al da bere buruaz beste egiteko nolabaiteko bultzada edo saioa?

Gauzak horrela, DGIP eta Barne Ministerioaren erantzukizuna seinalatu beharra dago. Eta argi eta garbi diogu haiek izango direla erantzuleak Aitzoli gerta lekiokeenaz. Lehenak eta zuzen-zuzenak.

Hori azpimarraturik, eta Aitzolen kasuaz ari garela, beste kontu bi aipatu behar ditugu nahi eta nahi ez. Batetik, barneko elkartasuna; bestetik, kanpoko elkartasuna.

Barneko elkartasunaz. Larriki gaixo dagoen kide bati edo egoera larrian dauden kide batzuei, elkartasun ekintzekin lagundu ahal diegu, horregatik zigortuak izango garela aldez aurretik jakinik ere. Baina nola lagundu irteera pertsonalek zigorrik gabeko ibilbide bat egitea exijitzen badute? Galdera xumea eta edozein momentutan inork bere buruari egin ahal diona. Barneko elkartasunari so egiten badiogu, etsaiaren legea bete eta hartaz profitatu nahi duen euskal preso politikoa etsaiaren esku egongo da beti. Era berean, borrokaren bat aurrera badarama edo aginduren bat desobeditzen badu, akabo espetxe-onurak, irteera indibidualei begira. Elkartasunarekin, kolektibotasunarekin eta borrokarekin ez dago irtenbide pertsonalik. Horren xumea. Zoritxarrez, Aitzolena bezalako adibide krudelak ezagutuko ditugu hemendik aurrera ere.

Kanpoko elkartasunaz. Esan gabe doa Aitzol, Ibon eta beste gaixo larrien egoera gure eskuetan dagoela, euskal herri langilearen eskuetan. Kontziente izan behar dugu egoerak eskatzen duen erantzukizunaz, eta aferari zintzoki heldu behar diogu behingoz. Horretarako, mobilizazioa eta desobedientzia ditugu tresna herritarrak, besteren artean. Eta urratsak eman behar ditugu Euskal Herriko bazter guztietatik, AMNISTIAren oihua piztuz. Antolakuntzaz eta borrokaz. Ez dago beste biderik.

Eta euskal herri langilearen eskuetan dagoela diogu, 1977an ere nagusiki euskal preso politikoak kaleratu zituztenak herri dinamikak izan zirelako; besteak beste, alderdi politiko gehienak hauteskundeei eta euren buruei begira zeudelako. Gaur egun ere, alderdi gehienek, sindikatuek eta bestek ez dute harririk mugituko baldin eta harrobia gure okupatzaileen legeetatik kanpo badago. Hori azken urteotan egiaztatu den errealitatea da.

Aitzol eta beste gaixo larriak berehala kaleratu ditzatela exijitzen dugu eta AMNISTIA bide bakarra dela aldarrikatzen dugu berriro ere. Gure euskal preso politikoentzat eta Euskal Herriarentzat. Eta badiogu ere euskal iheslari, deportatu eta preso politikoen etorkizuna euskal herri langilearen eskuetan eta honek garatu ahalko dituen dinamiketan dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.