Aurten, 1.510 milioi eurokoa izango da Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamenturako aurrekontua; hau da, 2024ko lehen aurrekontua baino %3 handiagoa.
Aurrekontuen datuak xehe aztertzen baditugu, ordea, eta kontuan hartzen badugu gobernuaren lehentasun politikoen benetako isla dela aurrekontu politika, desengainu handia hartu dugu, eta ezin bestela izan. Hiru arrazoi nagusi ditugu.
Lehenik eta behin, aurrekontua gutxi handitu izana.
Urteak daramatzagu salatzen Osasun Sistema Publikoak finantzaketa eskasa jasotzen duela antzeko maila ekonomikoa duten beste eskualde eta herrialde batzuen per capita gastuaren aldean.
Aurrekontuaren banaketa diru sailka aztertuz gero, ikusiko dugu ez dela aldaketarik egon, eta gastua aurreko urteetako modu bertsuan banatu dela Departamentuan: Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbidea: %96,59; Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua: %2,45; eta Zuzendaritza Nagusia eta Kontseilaria: %0,96.
Hala ere, deigarriena eta larriena zera da: Lehen Arretari oraindik ez zaiola eman adierazpen publiko guztietan aitortu zaion garrantzia, eta premiazkoa dela hori egitea, bai profesionalei dagokienez, bai lanari dagokionez, baita herritarrei dagokienez ere.
Bigarrenik, ospitaleak beste baliabide batzuen gainetik lehenetsi dira diru sailak banatzean.
Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren gastua %3,82 handitu da; Lehen Arretari dagokiona, berriz, %1,7 bakarrik igo da, hau da, osasun arloko aurrekontu osoan, Lehen Arretari dagokion atala %14 baino apur bat handiagoa da, aurreko urteetan bezalatsu.
Ospitaleei dagokien diru sailak, ordea, %3,85 egin du gora; beraz, gastu osoaren %55,36 dagokio ospitaleko arretari. Buruko Osasuna ere hor sartzen badugu, gastu osoaren %58,19 da ospitaleko arretaren ehunekoa.
Hirugarrenik, ez da behar bezala kontrolatu nola banatu diren langileei, produktibitateari, inbertsioei, farmaziari, itunei eta trebakuntzari dagozkien gastuak.
a) Langileekin lotutakoa %2,7 handitu da 2024koaren aldean, eta gastu osoaren %52 inguru da. Lehen Arretan %4,1 igo bada ere (Ospitalez Kanpoko Larrialdi Zerbitzuak barne), ospitaleetakoa handitu da gehien, %5.
Hala, langileekin lotutako gastu osoaren %23,4 dagokio Lehen Arretari, eta %64,2 ospitale sareari. 2016tik 2025era bitartean, Lehen Arretan %38,5 handitu da langileei dagokien gastua, eta ospitaleetan, berriz, %54,8 igo da denbora tarte horretan.
b) Produktibitate osagarrietarako diru sailak areagotu dira gehien; %6,3, hain zuzen. Gogoan izan behar dugu ordu estrak ordaintzeko erabiltzen direla diru sail horiek; batzuetan, itxaron zerrendak murrizteko asmoz.
Itxaron zerrendak murrizteko erabiltzen diren diru sailak %54 handitu dira 2024koen aldean, eta 3.724.001 euro dira orain.
c) Inbertsioetarako funtsak are gehiago murriztu dira aurten: %16,8, hain zuzen ere, amaitu egin baitira ospitaleetako teknologia finantzatzen zuten Europako funtsak. Oso larria da inbertsioak egonkorrak ez izatea, baina are larriagoa eta kaltegarriagoa da zenbat murriztu diren Lehen Arretan (%47,8), batez ere kontuan hartzen badugu beharrezkoa dela osasun etxeak berritzea premia berriei erantzuteko, osasun etxe gehiago eraiki behar direla, eta beste behar batzuk ere gogoan izan behar direla Lehen Arretako Distrituak ezartzean.
d) Sendagaien gastuak pisu handia du Osasun Departamentuan, gastu osoaren %22,06 baita. Ez dugu aldaketa handirik antzeman sendagaiak zentzuz erabiltzeari dagokionez, ez eta gaur egungo gehiegizko kontsumoa gutxitzeari dagokionez ere. Gastua %4,3 igo da 2024ko datuaren aldean; hau da, hazkundea Osasun Departamentuko batezbestekoa baino handiagoa izan da.
2016tik 2025era bitartean, farmaziako gastuak %43 egin du gora.
e) Itunetarako gastua ere departamentuko batezbestekoa baino gehiago handitu da: %4, hain justu. Diru sail hori gastu osoaren %6,7 da orain ere; dena den, izugarri handia iruditzen zaigu, argi geratu baita itunetarako gastua eta ospitaleetako produktibitaterako gastua ez direla eraginkorrak itxaron zerrenden arazo larria konpontzeko.
Aipatzekoa da, halaber, %12 handitu direla arlo hauetako diru sailak: «Osasun arreta egonaldi ertainetan eta zainketa aringarrietan» eta «Osasun arreta gaitz akutuak dituzten pazienteentzat». Nafarroako Unibertsitatea klinikarako diru saila %5,7 igo da.
Trebakuntzarako gastua modu kezkagarrian murriztu da Lehen Arretan, %8,5 txikitu baitute. Arlo horretan ere, lehentasuna eman zaie ospitaleei: Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak %3,8 handitu du trebakuntzarako diru saila.
Laburbilduz, osasun arloko aurrekontuak urriak dira, eta, egindako aldarrikapen guztiak gorabehera, are okerrago utziko dute Lehen Arreta, eta lehendik ere bazegoen nahiko gaizki.
(*) Erredakzioan itzulia.