Aitor dut

2017ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Gotzain jauna: aitor dut ezen, Hontzak konpartsakoen txosnatik pasatu nintzen bi aldietan, okerrerako astindu ninduela nolabait hango eszenaratzeak, ni ere hezkuntza katolikoa jasoa bainaiz, giro kristauetan oso pertsona aktiboa izandakoa, eta, gaur egun mundu horretatik urrun banabil ere, badut izugarri maite dudan jendea hor. Txosnan agerian zeukaten dekorazio gore hura ikusi orduko konturatu nintzen, bada, pertsona horietako batzuei sinbolikoki erasoko ziela beren sentimendurik sakonenean. Nik beste agertoki satiriko bat aukeratuko nukeen, beligerantzia txikiagokoa sinbolo horiekin, zeinetan edonork libreki sinetsi ahal baitu totum sacrosanctum izango balira bezala, edo gezur asmakeriazkoak eta artzila, mortzila gisakoak. Ironia handiagoa eta sarkasmo txikiagoa. Hori esanik, baina, hara non oraingo astinaldi honek hainbat gogoeta ekarri dizkidan gogora, eta horiexek ezagutarazi nahi ditut.

Zuen txosna edo egoitza erlijiosoren baten aurretik pasatzen naizen bakoitzean, eta Bizkaian hirurehunen bat egongo dira sektoreko beste hainbat ikastetxe eta bulego kontatzeke, iraindua sentitzen naiz, sukurtsal horietan sozietate talde batek astero adierazten duelako emakumea beheko maila batean dagoela. Tokian tokiko eta aldian aldiko izendapen batzuk gorabehera —Artxibo Historikoko zuzendaria emakumezko bat da, eta Bizkaiko Caritaskoa ere bai—, benetan zuen esku dago Bizkaiko boteregunea, Gotzainen Kontseiluko arron esku, bai eta bikario guztien esku ere, ezinago arrak haiek ere. Ez da harritzekoa, bada, nekeza izatea tradizio diskriminatzaile hori haustea, jardunean diharduen hogei mendeotan ar bat izan baitute beti buruzagi nagusi, hasierako sortzailea arra izan zelako arrazoibide «ezinago argi eta garbiaz». Auzi horren hurbileko beste bat: zuen erakundeak modu iraingarrian tratatzen dituela LGTBI kolektiboak. Adibide bat aipatzearren, batzuen batzuok ezagutzen dugu egur psikologikoa eman zioten apaiz bat, bere burua homosexual deklaratu zuena jendaurrean, Bizkaiko lehengo apezpikuarekin egindako bilera batean, gaur egun Espainiako Gotzain Konferentziako presidente denarekin. Baziren eta badira zenbait barne kontu toleratzeko modukoak, baina ez jendaurrean egiten badira. Baldin eta Jesu Kristok adierazi bazuen pertsona baztertuen alboan egon behar dela, zuek behintzat adituak zarete jendea baztertzen identitate sexualen esparruan. Eta auzi iraingarri gore gehiago ere ekar genezake harira, zuen adierazpen edo katedra askatasunetik eratorriak denak ere, hala nola emakume gehiegik pairatu behar izan dituztela dramak eta heriotzak «dotrinari» esker indarrean dagoen abortatzeko debekua dela eta.

Postmatxista izan nahi duela dioen gizarte honetan, Eraso sexistarik ez! eta antzeko kontsignak dituen gizarte honetan, eta, Emakunde instituzio publikoaren bitartez, enpresa batek emakumeei barne araudian presidente izatea galaraztea onartuko ez lukeen gizarte honetan, Ertzaintzak Hontzak konpartsakoen txosnan agertutako jokaera horrekin koherentea izango litzateke, esaterako, edozein goizetan segurtasun indar horiexek berak agertzea zuen parrokia guztietan eta aurrerantzean haietan sartzea debekatzea, harik eta zuzentzen dituzuen arte sexu diskriminazioa sustatuz eta LGTBI komunitateko pertsonen kontra ekinez zabaltzen dituzuen mezuak. Ezin ulertuzkoa da, izan ere, XXI. mendean gauden abagune honetan eta estatu laiko batean oraindik ere nolatan ematen zaion aukera zuena bezalako talde bati errenta aitorpenean onuradun gisa X bat jartzeko. Kontua ez baita plus berezirik ez izatea gainerako elkartasun erakundeen aldean, edo bestelako erlijioen edo sinesmenen aldean. Kontua baita talde erabat homofoboa eta matxista dela, estatutuetatik hasita. Onena izango litzateke tokian-tokian gobernatzen gaituzten erakundeek, berdintasunaren hain aldeko eta Bilbao Pride egitasmoren hain aldeko diren horiexek, arlo pertsonalerako uztea debozioa, eta nork bere karguari dagokion arduraz aurpegi ematea, eta modu koherentean jokatzea Ez beti da ez aplikatuz. Zer dela-eta halako konplizitatea askorentzat ezinago iraingarria den egitura batekin? Gogoeta egitera animatzen dut, ez bakarrik Bilboko alkatea, baizik eta genero berdintasunaren kontzeptuaren eta aniztasun sexualaren errespetuaren inguruan sen onez jokatzen duen edonor.

Pentsatzen dut ezen beste erlijio bateko herrialde batean jaioa banintz eta antzeko konturik ikusiko banu horiek ere salatuko nituzkeela; baina hona arteko hau guztia esan dut horixe egokitu zaidalako eta barrenak halaxe esatea eskatu didalako, Hontzak konpartsakoekin gertaturikoaren ondoren. Eta Emiliano Zapatak esan zuen bezala: «Justiziarik ez bada herriarentzat, bakerik ez dadila izan gobernuarentzat».

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.