Aita Santuaren hitzen ildotik, tokiko garapen ekonomikora

2015eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Duela egun batzuk Torinon izan nintzen, Tokiko Garapen Ekonomikorako Hirugarren Mundu Foroan. Han bildu ginen 130 herrialdetatik etorritako 2.000 lagun. Han, nabarmen azpimarratu zen garapen ekonomikoa herritarren ongizateari uztartzeko beharra.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) garapen ekonomikoaren ardatza ikerketa eta garapenean, berrikuntzan eta lehiakortasunean ezarri da azken urteetan. Berrikuntza eta lehiakortasuna, zalantzarik gabe, lotuta daude herritarren ongizateari. Baina aberastasunaren sorrera eta ongizatea lotzerakoan, eredu bat baino gehiago daude. Non eta nola erabakitzen dira eredu horiek? Tokiko garapenak herritarrengandik gertuen dagoen mailaren garrantzia azpimarratu izan du, alegia, udalen eta eskualdeen garrantzia. Horri dagokionez, Torinon zerbaitek harrituta utzi ninduen. Aurreko foroetan tokiko maila kontuan hartzen ez zelako kexua orokorra zen. Azken bi urteetan, ordea, tokiko garapena aintzat hartu omen da. Horren atzetik aipatzen ziren Nazio Batuen Erakundeak milurtekorako helburuak tokiko mailan gauzatzeko eginiko apustua edo Foroaren irekierarako Aita Santuak idatzitako hitzak: «Tokiko garapen ekonomikoa da ekonomia globalizatuak dituen erronkei aurre egiteko erantzun egokia».

Hitzak hitz, agian adierazpen horiek aitzakiatzat hartuta, luzaroan egiteko dagoen eztabaida ireki beharko genuke. Zein da, gaur egun dugun antolaketaren baitan,EAEn tokiko garapenerako nahi dugun eredua? Izan ere, nazioarteko erakundeetatik datorren diskurtsoaz gain, lehiakortasunaren eta berrikuntzaren diskurtsoak ere gaia mahai gainean jartzea eskatzen du.

Besteak beste, gaur egun Europar Batzordeak bultzatzen dituen SMART estrategiek gobernantza berri bat eskatzen dute lurraldean. Hau da, I+Gn eta berrikuntzan parte hartzen duten lurraldeko aktoreen arteko harreman eredu berriak. Uste dut autonomia erkidegoan paregabeko aukera dugula gobernantza berri hori maila anitzeko gobernantza moduan lantzeko, alegia, EAEko dinamikak lurralde historikoetan eta eskualdeetan garatzen ari diren dinamikekin uztartzeko. Horretarako bide luzea dugu aurretik. Industria politika Eusko Jaurlaritzaren eskumena izanik, eremu gutxi garatu dira elkarlanerako. Eusko Jaurlaritza bere baliabide eta egituretan oinarritu da industria politika aurrera eramateko. Bestalde, udaletan nekez barneratu da garapen ekonomikoa udalaren jarduera arrunten artean, eta horrek, aldiro-aldiro, garapen agentzien inguruko galderak sorrarazi ditu.

Eusko Jaurlaritzan hasi eta udaletaraino irits daitekeen lankidetza horrek lanerako eremu egokiak aurkitu ditzake tarteko bi mailatan. Bata eskualdeko garapen agentziak dira, jadanik aipatutakoak, baina sarritan ezezagunak direnak. Ezaugarri desberdinak dituzte lurralde historiko bakoitzean, eta horrek kezkak sortu izan ditu maiz. Egoerak aniztasuna kudeatzeko gaitasunak eskatzen ditu, baina horrek ez gintuzke beldurtu behar. Bestalde, foru aldundiak lokailu onak izan daitezke eskualdeen eta Eusko Jaurlaritzaren artean.

Beraz, bai nazioarteko zenbait erakunderen eskutik eta baita I+G eta berrikuntzarako politika berrien definiziotik ere gonbidapena luzatzen zaigu tokiko garapen ekonomikorako ereduak eztabaidatzeko. Horrek, gehienoi, gure erosotasun eremutik ateratzea eskatzen digu. Hala ere, badut esperantza bi urte barru laugarren Tokiko Garapen Ekonomikorako Munduko Forora goazenok eredu berri honen hastapenen berri emango dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.