Duela pare bat hilabete honako elkarrizketa hau izan nuen nire 4 urteko alabarekin :
—Aita, Frozen-ek ez daki euskaraz, ezetz?
—Bai, maitea, nola ez du ba jakingo? Frozen magikoa da eta hizkuntza guztiak dakizki...
—Ezetz, aita. Orduan zergatik abesten du erdaraz eta ingelesez bakarrik?
Anekdota honi buruz hizketan ari ginela, eta Katalunian Disney+ plataforma katalanez jartzea lortu dutela jakin ondoren, hainbat guraso eta euskaltzalek kanpaina bat abiatzea erabaki genuen duela hilabete, ia 5.000 pertsonaren atxikimendua jaso duena.
Hau zen egin genuen eskaera:
«2020ko martxoaren 24an, Disney + iritsi zen Espainiar Estatura, Disney konpainiak berak eta bere filialek (Pixar, Marvel, Star Wars...) ekoiztutako edukiak biltzen dituen sareko bideo plataforma. Plataforma berri honekin, euskal hiztun garen ikusleok berriro ikusi ditugu gure hizkuntza eskubideak urratuta, izan ere, Disneyk aukeratu du konpainiaren filmen bertsio digitalek ere, zinemakoen moduan, euskal bertsiorik ez izatea.
Eusko Jaurlaritzak berriki kazetari baten galderari erantzun zionez, Disney-ri hemen estreinatzen ziren filmak euskaraz ere estreinatzea iradoki zitzaionean, multinazional estatubatuarrak ez omen zuen interesik agertu. Alabaina, ez da interes kontua, eskubide kontua baizik.
Kanpaina hau abiatu dugun guraso eta euskaltzaleok uste dugu EAEko ekoiztetxeei haurrei zuzenduriko zinema estreinaldiak euskaraz izatea eskatzen zaien bezala, kanpoko enpresei ere gauza bera eskatu beharko litzaiekeela.
Hau dela eta, eskaera bikoitza egin nahi dugu: alde batetik, Disney-ri eskatzen diogu bere ekoizpenak euskaraz eskaini ditzala bai euskal herriko zinema aretoetan bai Disney+ plataforman, eta utz diezaiola euskaldunak diskriminatzeari. Bestetik, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Euskal Elkargoari, Disney-rekin harremanetan jar daitezela haur euskaldunen eskubideak bermatuak izan daitezen».
Hain denbora gutxian hainbeste atxikimendu bildu izanak agerian utzi du euskal jendartean gai honen inguruko kezka nabarmena dagoela. Kontuan izan behar dugu telebista eta zinema kontsumitzeko moduak iraultza handia bizi izan duela azken urteotan, eta plataforma digitalek eta sare sozialek ikus-entzunezkoen merkatua « irentsi » dutela. Badaude euskarazko edukiak eskaintzen dituzten plataformak eta Youtubeko kanal gutxi batzuk (3txulo ETB3ren plataforma, eta Youtube-ko Enekantak eta Katxiporreta kanalak...), badaude auzolanean bikoizketa eta azpititulatze egitasmoak ere (EuskalEncodings eta azpitituluak.eus) baina errealitatea da gero eta zabalduago dauden ikus-entzunezko online plataforma global nagusietan (Netflix, Amazon, HBO, Disney+...) euskararen presentzia hutsaren hurrengoa dela.
Bereziki larria iruditzen zaigu egoera hau haurrei zuzenduriko edukien kasuan, izan ere, haurrek aisialdia bizitzeko moduak eragin zuzena du euren hizkuntza ohiturak eraikitzerakoan. Disneyren edukien eta zabaltzen dituzten baloreen gaineko ikuspegi kritikoa oso hedatua dago, baina bere eragina eta hedapena ukaezina da. Etorkizunean Euskal Herriko haurrek euskaraz bizitzea posible izatea nahi badugu, ezinbestekoa da mundu mailan gehien hedatzen diren eduki horiek ere euskaraz jasotzeko aukera izatea.
Horregatik, gai honetan eskumena duten guztiei dei egiten diegu bide honetan urratsak egin ditzaten. Legezko oztopoak baldin badaude, gure haurren hizkuntza eskubideak bermatzeko legea aldatuz urratsak egiten has daitezen. Arrazoi ekonomikoak badira, jadanik herri ekimenez euskaratuak dauden eduki guztiak, gutxienez, euskaraz eskain ditzan eskatuz Disney+ plataformari, inolako kosturik gabe. Arrazoi politikoak badira, alderdi politikoek eragiteko duten gaitasuna erabili dezaten egoera aldatzeko.
Frozen-eko Elsak euskaraz ere egiten ez badu, Euskal Herriko haurren gehiengoa ez baita inoiz euskaraz biziko.
Aita, 'Frozen'-ek ez daki euskaraz, ezetz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu