Aita, ez kendu txanoa, mesedez!

2012ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Berezia izan zen niretzat 1993ko udazkena. Hor hasi zen dena. Meñakako frontoian nengoela, nekatuta sentitu nintzen; ez zen normala, oso sasoi onean nengoen eta. Biharamunean, sukarra. Hurrengo egunetan, ezin berbarik egin. Bizitzan ezustekoak izaten dira. 35 urte neuzkan. Egun haietan ibilbide berri bat agertu zen nire bizitzan, nik eskatu barik. Ibilbide gogorra, ibilbide latza.

Ez nuen ezagutzen Mungiako anbulatorioa. Ez nekien nire medikua nor zen. Azkenean, Gurutzetako Ospitalera iritsi nintzen. Prozesu luze eta gogorra hasi zen. Gurutzetako Ospitalean murgilduz joan nintzen, eta hango geletan galdu nintzen. Diagnostiko zehatzik ez. Handik Estatu Batuetako ospitale batera. Gabonak Houstoneko ospitalean igaro ondoren, 1994ko lehen egunetan jakin nuen nire diagnostikoa:Linfoma ez Hodgkin. Minbizia hitzaren esangurak nire gorputz osoa bete zuen. Jacqueline Kennedyri ere 1994ko urtarrilean jakinarazi zioten diagnostiko bera, eta, ia gura barik, Estatu Batuetako ikono horietako bat nire erreferentzia bilakatu zen. Bere argazkia denbora luzez egon zen nire izozkailuko atean jarrita.

1994ko urtarrilaren 11n hasi nintzen kimioterapia-tratamenduan. Egun hori urrezko letrekin markatuta dago nire barrenean. Bizi berria sartzen hasi zen nire zainetatik, eta, geroztik, beti esaten dut nire bigarren jaioteguna dela.

Medikuak argi hitz egin zidan: «%70 alde, %30 aurka. Zure minbizia nire arazoa da, nik sendatu behar zaitut. Zuk, zure aldetik, egin ahal duzun guztia, baina hau minbizia da, eta oraindik ez dugu lortu gaixotasun hau gainditzea».

Kimioaren lehen saioa Estatu Batuetan hartuta, Mungiara bueltatu nintzen 1994ko urtarrilaren 16an. Atzean gelditzen zen lau hilabeteko lainoa, bazter miresgarriak ikusten eta aztertzen laguntzen duen laino horietako bat. Argi izpi batzuk agertu ziren.

Kimioterapiaren bidea niretzat ilusioz betetako bidea izan zen. Nire indar guztia eta nire ondoan nituen guztien indarra ipini genuen lanean. Kimioa hartzen nuen bakoitzean, ilusio handiz hartzen nuen, eta nahi gabeko ondorioek ez zeukaten inolako garrantzirik niretzat.

Sei kimioterapia-saio hartu nituen. Eragina nabarmena zen. Gorputza aldatzen joan zen. Buruko ileak eta betileak galdu nituen, eta aurpegia puztu eta horitu zitzaidan. Ispiluan, ez nuen nire aurpegia ezagutzen.

Semeak 8 urte zituen eta alabak 4. Haiekin joaten nintzen zapatu-domeketan haien partidak eta dantza-taldeko saioak ikustera. Egun batean, futbol partida bat ikustera joan ginen. Burusoilduta nengoen ordurako, eta nire itxura nahiko aldatuta zegoen. Burua estaltzeko, beti eramaten nuen txano bat. Guraso asko biltzen ginen. Egun hori ez dut ahaztuko. Semea hurbildu zitzaidan partida hasi baino lehen, eta ondokoa esan zidan: «Aita, ez kendu txanoa, mesedez!». Oso ondo ulertu nion. Aitaren itxurak kezkatzen zuen, eta ez zuen gura bere lagunen eta gurasoen aurrean horrela, burusoila, agertzea. Horrek oraindik indar gehiago eman zidan.

Egunak joan, egunak etorri, paseo asko Bakioko hondartzatik… eta 30 egun erradioterapia hartzen. Gero, beste osasun azterketa bat egiteko garaia heldu zen: ez zegoen minbizi-zelularik. Ematen zuen gaindituta zegoela, baina bost urte pasa behar ziren guztiz sendatuta egoteko.

1994ko urtarrilaren 11. Gaur18 urte. Adin nagusitasuna

Gaur 18 urte bete ditut. Adin nagusitasuna heldu zait, konturatu barik. Ibilbide honetan lagun asko hurbildu zaizkit aholku eske. Askok eta askok ikusi dute posible dela gaixotasun madarikatu hau gainditzea. Nire adibidea haientzat erreferentea bilakatu da. Nik beti kontatu diet zer egin nuen eta nola egin nion aurre nire linfomari. Baina minbizia gaixotasun ausarta eta gaiztoa da. Hurbildu zaizkidan lagunen artean batzuk joan dira betiko, Jacqueline Kennedy bezala. Asko kostatu zitzaidan bere argazkia nire izozkailuko atetik kentzea. Den-denak ditut buruan. Asko joan dira, batzuek gainditu dute.

Orain dela egun batzuk, Euskal Herriko Unibertsitateko gure lankide bat joan zitzaigun. Bere gaixotasuna detektatu ziotenean hitz egin genuen. Baikorra zen, bizitzeko ilusioa igortzen zuen irribarrez. Oraingoan minbiziak irabazi du.

Alex Muñoz, Bilboko Ingeniaritza Eskolako lankidea, gaur, 18 urte bete ditudan egun honetan, zurekin eta minbizia sufritu duten guztiekin akordatuko naiz, eta biziak zuek ezagutze-ko eta nire bizipenak zuekin batera konpartitzeko aukera eman didala ospatuko dut. Biba zuek!

PD: Besarkada handi bana Gurutzetako Ospitalean laguntza eman didaten jagole, erizain eta mediku guztiei. Zuei esker bizi naiz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.